Descárgate la app
Iruñeko konpartsak Nafarroako Museoaren 65. Urteurrena ospatuko du
2021ko uztailaren 29a
Iruñeko konpartsak Nafarroako Museoaren 65. Urteurrena ospatuko du
Nafarroako Museoaren 65. urteurrena ospatzeko, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako hamar pertsona izango dira bertan abuztuaren 15era arte. Erakundearen eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetza bat da, haurrei zentroak erakusten duen ondare kulturala ezagutarazteko.
Museoko hormen artean egongo dira Konpartsako zortzi erraldoi eta Caravinagre eta Barbas kilikiak; azken biak, gainera, “Enigma en el Museo de Navarra-Nafarroako museoko enigma" liburuko (Kilikids argitaletxea), protagonistak ere badira, urteurrena dela-eta erakundeak haurrentzat argitaratutako liburu berrikoak.
Edizioa Silvia Lizarragak eta Itziar Rubiok idatzi dute eta ilustrazioaz Fernando Saez arduratu da. Doan eskainiko zaie museoa bisitatzera joaten diren 6 eta 12 urte arteko haurrei, harik eta agortu arte. Denboraldi horretan, sarrera ere doakoa izango da herritar guztientzat.
Ekimenaren bitartez, Museokoek azaldu dutenaren arabera, txikienek zentroa bisitatzea nahi da, “abentura bat izango balitz bezala, bilduma osatzen duten obra batzuetara gerturatu ahal izateko, lagun handi eta maite horiekin batera”. Era horretan, “Konpartsaz gozatzeko eta bertara hurbiltzeko denboraldia luzatu nahi da, bigarren urtez jarraian ez baitu hiriko kaleetara ateratzerik izan”.
Zortzi erraldoiak eta bi kilikiak zentroko bost aretotan aurkitzen dira. Amerikako erreginak ongietorria egiten du harrerako atarian. Galeria urdinean, errege amerikarra eta Europako errege-erregina bikotea daude; Afrikako erregeak 1.3 aretoko erromatar mosaikoen alboan kokatzen dira, eta Asiako bikotea, berriz, Iruñeko Katedraleko kapitel erromanikoak dauden aretoan (1.7 aretoa). Azkenik, Barbas eta Caravinagre kilikiak historiaurreari eskainitako aretoan ikus ahal izango dira.
“Nafarroako Museoan, hiriko kultur ondare inmaterial garrantzitsuenetako baten protagonistak aurkitzen dira: Erraldoiak eta Buruhandiak; Iruñeko kaleetan zehar uztailaren 7an egiten duten dantzak Fermin santua gogorarazten du, eta haren inguruan hiria jaietan hasten da bezperan, uztailaren 6an”, azaldu du erakundeak.
Nafarroako Museora sartzeko, Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea erakundeak ezarritako edukiera-neurriak eta COVID-19 protokoloak errespetatuko dira. Ordutegia ohikoa da: asteartetik larunbatera, 9:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta igande eta jai-egunetan, 11:00etatik 14:00etara.
Erakundeak gogorarazi du debekatuta dagoela Konpartsako irudiak ukitzea, eta helduei erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi die zentroa bisitatzera haurrekin joaten direnean, Museoaren dimentsio kulturala transmititzeko.