2021ko uztailaren 28a

Nafarroako Gobernua eta Andia Mankomunitatea proiektu pilotu bat abian jartzeko elkarlanean ari dira Nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorean belaunaldien arteko erreleboa bultza dezaten

“Zunbeltz” izeneko ekimen horrek baso eta larre aprobetxamenduak ere indartu nahi ditu 
Gomez kontseilaria Edorta Lezaunekin hitz egiten, Zunbeltz finkara egindako 
bisitaren une batean.
Gomez kontseilaria Edorta Lezaunekin hitz egiten, Zunbeltz finkara egindako bisitaren une batean.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua eta Andia Mankomunitatea elkarlanean martxan jarri dute Nafarroako nekazaritzako eta abeltzaintzako lehen test gunea: Zunbeltz proiektu pilotua. Proiektu hori Nafarroako Gobernuaren LGPren 16.2 neurriak finantzatzen du, Andia Mankomunitateak bultzatzen eta koordinatzen du, eta bertan parte hartzen dute NUPek eta CPAEN/NNPEKek erakunde bazkide gisa. Nekazaritzako eta abeltzaintzako orientazioa duen lehen test gunea da eta eskualdean belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko helburua du.

Europako proiektu hori egiteko, Nafarroako Gobernuak Andia Mankomunitateari laga dizkio Zunbeltz eta La Planilla finkak, Foru Erkidegoko Baso Ondareari dagozkionak, 10 urterako erabilera-baimenarekin.

Zehazki, nekazaritzako test gunearen helburua da ingurune seguru bat sortzea ekintzaileek nekazaritza-proiektuen saiakuntzak egin ditzaten, etorkizunean martxan jarri ahal izateko, laguntza eta prestakuntza pertsonalizatuko prozesu baten bidez, belaunaldien arteko erreleboa bermatu asmoz, lankidetzaren, ekonomia zirkularraren eta baliabide eta balio naturalen kontserbazioaren printzipioen arabera.

Proiektuaren aurkezpena gaur goizean egin da Urbasa-Andiako Parke Naturalean dagoen Zunbeltz finkan, eta honako entitate hauetako ordezkariek parte hartu dute, besteak beste: Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilaria; Edorta Lezaun, Andia Mankomunitateko presidentea eta Deierriko alkatea; Mirian Otxotorena, NPEKeko presidentea; Iñigo Virto, NUPeko ordezkaria; Javier Oses, Lezaungo zinegotzia; Elena Cerezeda, Andia Mankomunitateko teknikaria; eta Miguel Angel Jordan, Nekazaritza eta Basogintzako IIko zuzendaria. Gainera, INTIAko eta TEDER elkarteko ordezkariak ere bertaratu dira.

Gomez kontseilariak nabarmendu duenez, "hau bezalako proiektuak aukera bikaina dira landa-eremuko despopulazioari aurre egiteko. Lurraldean biztanleria finkatzera bideratutako ekimenak modu erabakigarrian ezarri eta babestea Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren konpromiso irmoa da”. Eta gaineratu du: "Esperientzia horiek egitea bezain garrantzitsua da horien emaitzak transferitzea, lehen sektorean eta Nafarroako beste eskualde batzuetan aplikatu ahal izateko".

Bestalde, Mankomunitateko presidenteak adierazi duenez, "Proiektu honekin Andia Mankomunitatea osatzen dugun bost udalerri txikien konpromisoa erakusten dugu, lurraldean nekazaritza-belaunaldi berriei laguntzeko politika aktibo eta berritzaileak bultzatzen laguntzen ari baikara, Landa Garapenerako Programak ematen dizkigun aukerak aprobetxatuz, sektorearen dinamizazioa eta tokiko ekonomia bultzatzen duten eta biztanleria finkatzen laguntzen duten jardunbide berriak bultzatzeko".

Proiektuaren aurrekontua 190.779,60 eurokoa da, eta honela finantzatzen da: %65 LGENF funtsak dira ("Europak landa-eremuetan inbertitzen du"), %25 Nafarroako Gobernua eta %10 bazkide parte-hartzaileen artean (Andia Mankomunitatea, %8; CPAEN/NNPEK, % 1 eta NUP, %1).

Zunbeltz eta La Planillako finkak

Zunbeltz eta La Planilla baso-finkak Urbasa-Andia mendilerroetako Parke Naturalan eta KBEan kokatuta daude. Zunbeltzek 231 hektarea ditu guztira; horietatik, 30 hektarea pasatxo larreak dira. Finka horretan 200m2-ko funtzio anitzeko artegia eraikiko da. Bestalde, La Planilla finkak 197 hektarea ditu eta 3,9 larreak dira. Gainera, Andia Mankomunitatea beste finka batzuk bilatzen ari da inguru horretan. Bi finka horietan abeltzaintzan saiakuntzak egiteko asmoa dago, batez ere ekologikoa estentsiboan, non testatu eta garatu ahalko diren belaunaldien arteko erreleboa sustatzen duten proiektu berritzaileak.

Andia Mankomunitatea Abartzuza, Deierri, Gesalatz, Jaitz eta Lezaungo udalek osatzen dute eta, proiektuaren koordinazioa bere gain hartzeaz gain, azpiegiturak eraikitzeaz eta erosteaz arduratzen den erakundea da. CPAEN/NNPEK arduratuko da azterlan bat egiteaz, ekintzaileei aurkeztuko zaiena, arrakasta izan duten ekoizpen eta merkaturatze aukerak eta esperientziak aztertuz. Azkenik, NUPek basoko eta artzaintzako hobekuntza-planak egingo ditu, eta, besteak beste, testatzaileentzako prestakuntza-laguntzako plan integrala gidatuko du.

Nekazaritzako test guneak praktika berri bat dira, jada existitzen direnen osagarri, eta lehen instalaziorako laguntzak eskatu aurrekoa, ekintzaileei nekazaritza-sektorean profesionalizatzen laguntzeko. Lau zutabetan oinarritzen dira: laguntza fisikoa da nekazaritza-jarduera garatzen den espazioa; legearen alorrean lagunduko zaie zehazten zer jarduera-esparrutan estaltzen zaizkion testatzaileari bere lan- eta zerga-betebeharrak; laguntza integralaren pean prestakuntza espezializatua eta ekintzaileei saiakuntza-bidean laguntzeko prozesua eskaintzen da. Test gunearen koordinazio eta artikulazio guztia gobernantzaren bidez egiten da, parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztien arteko dinamizazioa eta komunikazioa ziurtatuz.

Belaunaldien arteko erreleboa

Nekazaritza-jardueran belaunaldien arteko erreleborik ez egotea da nekazaritzako elikagaien ekoizpenari eusteko eta landa-biztanleriari eusteko gainditu beharreko erronka nagusietako bat. Bai Nafarroan, bai Lizarraldean, nekazaritza sektorea gero eta zaharragoa da. Nafarroa osoan, abeltzaintza-erroldaren datuen arabera, 240 ustiategi desagertu ziren 2008tik 2018ra bitartean. Estellerrian gaur egun 853 daude.

Ildo horretan, proiektuak arazo horri erantzun nahi dio eta belaunaldi berriei laguntzeko politikak eskaini nahi ditu. Ezarriko den metodologia 'Nekazariak nekazariari’ ikuspegian oinarrituko da, horrela, jardunean dauden abeltzainek nekazaritza-abeltzaintza ekologiko jarduna zuzenean aholkatuko dute.

Espainiako estatuan, nekazaritzako test guneak hasiberriak dira, eta, gaur egun, zortzi garatzen ari dira: sei Katalunian, bat Extremaduran eta beste bat Euskal Autonomia Erkidegoan, Nekazaritzako Test Guneen Sareari (RETA/LAAB) lotuta. Frantzian, berriz, oso garatuta daude, eta gaur egun nekazaritzako 50 test gune aktibo baino gehiago ditu RENETA sarean bilduta.