Descárgate la app
Memoria Historikoaren Leku gisa aitortu dira Loiti Gaina eta Elizondoko erbestealdi nafarraren inguruko memoria-espazioa
2021ko uztailaren 28a
Memoria Historikoaren Leku gisa aitortu dira Loiti Gaina eta Elizondoko erbestealdi nafarraren inguruko memoria-espazioa
Foru Gobernuak, gaurko bilkuran, bi akordio onartu ditu, Nafarroako Memoria Historikoaren Leku gisa aitortzeko Elizondoko erbestealdi nafarraren inguruko memoria-espazioa eta Loiti Gaina. Aitorpen horren xedea abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du, Memoria Historikoari buruzkoak, eta horren helburua da espazio horien ezagutza kontserbatzea eta zabaltzea, memoria transmititzeko eta bake eta bizikidetzaren kultura sustatzeko eremu gisa balio dezaten.
Foru Gobernuak, gaurko bilkuran, bi akordio onartu ditu, Nafarroako Memoria Historikoaren Leku gisa aitortzeko Elizondoko erbestealdi nafarraren inguruko memoria-espazioa eta Loiti Gaina. Aitorpen horren xedea abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du, Memoria Historikoari buruzkoak, eta horren helburua da espazio horien ezagutza kontserbatzea eta zabaltzea, memoria transmititzeko eta bake eta bizikidetzaren kultura sustatzeko eremu gisa balio dezaten.
Bileraren ondorengo prentsaurrekoan, Herritarrekiko Harremanetarako Ana Ollo kontseilariak nabarmendu du memoria batik bat “etorkizuneko gaia dela eta ezinbesteko tresna errespetua, tolerantzia eta askatasuna bezalako balioak sustatzeko”. Ildo horretan, azpimarratu du leku horiek “funtsezkoak direla bakearen eta bizikidetzaren inguruko balioak sustatzeko eta transmititzeko, gertatutakoaren oroitzapenetik”.
Akordioak onartu dituzte Memoria Historikoaren Batzorde Teknikoaren aldeko txostenak jaso ondoren; izan ere, biak horrela izendatzea proposatu zuen ekainean egindako bileran, aipatu espedienteak aztertu eta leku horiek aipatu legean aurreikusitako kasuren batean kokatzen direla egiaztatu ondoren, edo 1936ko kolpe militarraren eta ondorengo errepresio frankistaren ondorioz biztanleriari eragindako errepresioarekin eta indarkeriarekin lotutako garrantzi bereziko gertaerak garatzeagatik, edo, geroago, gertaera haiei zuzenean eta historikoki lotuta ez egon arren, biktimen familiak, elkarte memorialistek, instituzioek eta herri administrazioek errepresio haren biktimak oroitu, aitortu eta erreparatu dituztelako.
Ildo horretan, gogoratu behar da Goiti Gainaren bi aldeetan, Abinzano, Lekaun, Sengariz, Izko, Aldunate, Nardues, Muguetajarra eta Tabar bezalako lekuetan, 1936ko uztaila eta abendua artean, gutxienez 69 pertsona erail zituztela, honako herri hauetakoak: Oibar, Andosilla, Burlata, Cárcar, Kaseda, Galipentzu, Isaba, Irunberri, Miranda Arga, Zangoza, Sos del Rey Católico eta Urraulbeiti. Guztiak beren jarduera politiko eta sindikala medio atxilotu zituzten.
Gorpuak goiz hilobitik ateratzearen testuinguruan, familiak hobitik ateratzeko hainbat saiakera egin zituzten; esate baterako, Aldunatekoa 1978ko urrian edo Lekaun eta Sengarizekoak 1979an. 2019ko ekainaren 1ean, Zangozako Udalak, beste Udal batzuen eta memoria historikoaren batzordeen lankidetzarekin, memorial bat inauguratu zuen biktima horien guztien omenez. Memoriala Mikel Iriarte eskultorearen lana da, eta “Loiti, ixilpeko hilerria – Loiti, cementerio clandestino” deitzen da. Leku horretan, Nafarroako Gobernuak, inguruko hamar Udalarekin eta elkarte memorialistekin batera, omenaldi bat egin zien biktimei eta haien familiei 2019ko ekainaren 1ean.
Nafarroako erbestealdiari dagokionez, 1936ko kolpe militarraren ondorio dramatikoenetarikoa izan zen. Nafarroako Memoria Institutuaren behin-behineko erroldaren arabera, 1.300 pertsonak baino gehiagok utzi zituzten beren bizitza eta ondasunak atzean matxinatuen indarkeriatik ihes egiteko. Gehienak Frantziako hegoaldeko kontzentrazio-esparruetatik igaro ziren, bereziki Gursekotik. 60 inguruk, berriz, deuseztatze-esparruetan amaitu zuten.
Elizondon dagoen memorialak baita ere omentzen ditu, segurtasuna arriskuan jarrita ere, elkartasuna adierazteko sareetan parte hartu zuten eta ihes egin zutenei muga zeharkatzen lagundu zieten pertsona guztiak. Mikel Iriartek egindako “Babesaren muga-La frontera del refugio” eskulturak iradokitzen du erbesteratutako pertsona bere jatorritik urrun dagoen lurralde batean hartu dutela, eta babesa eta aterpea eskaini zutenak ere adierazten ditu. 117 zenbakiak Berdaitz mendixkaren mugarria ordezkatzen du, gehien erabilitako pasabideetako bat. Ildo horretan, adierazi datorren irailaren 4an erbesteratutako nafarrak eta haien familiak omentzeko eta erreparatzeko ekitaldia egitea aurreikusten dela.
2017. urtean, Memoriaren Lekuen Behin-behineko Errolda onartu zuen Memoria Historikoaren Batzordeak; bertan, guztira, 23 leku jasotzen ziren, 1936ko kolpe militarraren ondoren egindako giza eskubideen urraketekin edo biktimen memoriarekin eta erreparazioarekin duten erlazio ezberdinarengatik: Sartagudako Memoriaren Parkea, Eloko Tejeriako Hilobia edo Otsoportilloko amildegia, Urbasako Mendilerroan, besteak beste. Leku horiek seinaleztatzeko, informazio-euskarri ezberdinak jarri dira, gertaerak testuinguruan kokatzen dituen informazioarekin.