Descárgate la app
Pirinioak Planak 1,9 milioi euroko diru-laguntza jarriko du eskualdea suspertzeko lurralde-garapen iraunkorreko 35 proiektu bultzatzeko
2021ko uztailaren 23a
Pirinioak Planak 1,9 milioi euroko diru-laguntza jarriko du eskualdea suspertzeko lurralde-garapen iraunkorreko 35 proiektu bultzatzeko
Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, 1.890.000 euroko diru-laguntza emango du lurralde-garapen iraunkorreko estrategia bat eta Pirinioen dinamizazioa bultzatzeko 35 proiektu finantzatzeko. Neurri horien helburua da biztanleriaren atzerakada- eta zahartze-prozesua gelditzea eta eskualdea suspertzea bultzatzea, ekintza eta ekimen ezberdinak konbinatuaz eremu sektorial ezberdinetan, Udalen, kolektiboen eta eragile sozialen eta inguruneko garapen-eragileen inplikazioarekin.
Pirinioen Planaren esparruan, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak, pasa den maiatzean, diru-laguntzen deialdia atera zuen eskualdeko toki-erakundeentzat, eta orain ebatzita geratu da, hiru urteko 28 inbertsio-proiektu hautatuta –2021-2023 denboraldirako-, guztira 1,8 milioi euro. Deialdi hau zenbateko txikiagoko beste batekin osatuko da, eta, han, halaber, finantzaketa lortuko dute beste 7 jarduera zehatzek, gainerako 90.000 eurorekin.
“Landa-mundu bizia eta Pirinio aktiboak”
Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia den Ruben Goñik nabarmendu du “deialdi horiek aurrekaririk ez dutela Pirinioetako eskualdean, tokiko agenteek proiektuen kudeaketan eta ezarpenean duten inplikazio zuzenarengatik, eta lehen urrats garrantzitsua dira landa-mundu bizia eta Pirinio aktiboak dinamizatzen lagunduko duten ekimen eragileak abian jartzeko, tokian bertan berehalako ekintza zehatzak eginez, lurralde-garapen iraunkorraren estrategia orokorraren barnean, eskualdeari etorkizuneko beste aukera bat eskainiz”.
Pirinioetako toki-erakundeei diru-laguntzak emateko deialdian honako hauen inguruko ekimenak biltzen dira: azpiegiturak eta jarduera ekonomikoa, biztanleriari zerbitzuak ematea, landa-ingurunean turismo iraunkorraren kulturatik bisitariei harrera egitea, eta ekialdeko Pirinioen lurraldea kokatu, egituratu eta sustatuko duten ekintzak. Diru-laguntzekin, batetik, 9 proiektu handi finantzatuko dira -4 zerbitzuak emateko, 3 azpiegiturakoak eta beste 2 bisitariei harrera egitekoak- 1,5 milioi euroko zenbatekoaren truke; horiek beste 19 proiekturekin osatuko dira, bakoitza 60.000 eurotik beherakoa, eta guztira 289.254 euro.
Proiektuen zerrenda
Zehazki, hauek izan dira hautatutako 28 inbertsio-proiektuak: Hiriberri Lanean (457.791€); Erremendia garapen-proiektua (433.966€); Zaltua ostatua (23.175€); harrera-eraikina berritzea eta erabilera anitzeko espazioa Erron (983.919€); aldagelak, pilotalekua eta komun publikoak Biskarretan (100.197€); energia berriztagarrien herri-komunitatea Abaurregainan (77.320€); Arrola Errota Ezkarozen (23.563€); Auto-karabanen eremua Aezkoa haranean (198.812€); xendazaletasun, eskalatze eta BTT zentroa Bidankozen (97.000€); Irati Irratia Erronkaribarren (13.361€); negoziorako partzela erostea Otsagabian (15.000€); zuntza hedatzeko inbertsioak Izalen (18.770€); belaunaldi arteko aisia-zentroa Erronkarin (45.000€); karpak, eszenatokia, mahaiak eta aulkiak Altzibarko Udalarentzat (32.302€); bainu-eremua handitzea Burgin (15.000€); askaldegien zona Urzainkin (15.000€); aterpea Gesan (13.509€); ekitaldietarako karpak Orotzen (8.262€); pilotalekuaren estalkia Uskarretzen (15.000€); led argiak eta plaka fotovoltaikoak Espartzan (15.000€); altzariak eta ekipamendua Saraguetako Zentro Zibikoan (4.560€); Erlan bidexka Aezkoako Haranean (28.314€); Nagoreko erromatar galtzadaren web orrialdea (4.329€); Ipetea bidea Auritzen (7.355€); Abodiko terraza estalia (10.440€); erakusketa eta bideo aretoa Jaurrietan (5.127€); zoladura, paleak eta segurtasun-harana Azparrenen (15.000€); eta bidexkak egokitzea Galluesen (7.921€).
Bestalde, Pirinioen Planarekin lotutako proiektuak gauzatzeko toki-erakundeentzako diru-laguntzen deialdira 24 eskaera aurkeztu ziren, eta horietatik diru-laguntza beste 7 proiektuk eskuratu dute, 35 osatu arte. Nahiz eta eskaerak askotarikoak izan, proiektu-motaren arabera plan estrategikoak eta parte hartzeko prozesuak nabarmentzen dira. Hauek izan dira hautatutako proiektuak: Etxe konektatuak, Linzoaingo Kontzejuak aurkeztua (14.870€); Aurizperriko Kontzejuaren Plan Estrategikoa (11.897€); egurra aprobetxatzeko bideragarritasun-azterketa, Erroibarko Udalak aurkeztua (20.000€); landaren baso-berritzeari buruzko azterketa juridikoa, Lakabeko Kontzejuak aurkeztua (14.132€); Erronkariko eskoletako prozesu parte-hartzailea (8.305€); Altzibarko Udal Plan Estrategikoa (4.294€); eta Orreagako parke mikologikoa (4.075€).
Gu Pirinioa/Somos Pirineo ekimena
Foru Exekutiboaren Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako Pirinioetako Planaren helburua da jada arazoak zituen eskualde baten garapena dinamizatzea eta berpiztea; arazo horien artean aipatu behar dira biztanleria-eskasia eta biztanleriaren zahartzea, oinarrizko zerbitzuen eta azpiegituren gutxitzea edo enplegu eta belaunaldi-aldaketa eza, besteak beste. Gainera, egoera horiek larriagotu egin dira COVID-19aren krisia iristearekin. Eskualdeko toki-eragileek aurkeztu dituzten eskari eta premia nagusiak biltzen dituen dokumentua Pirinioko Plana Martxan-Plan del Pirineo en Marcha deitzen da, eta Gu Pirinioa/Somos Pirineo ekimenarena da.