Descárgate la app
Ondare historikoa zaintzeko eta kontserbatzeko jardunbideak partekatuko dituzte Nafarroak eta Gipuzkoak
2021ko uztailaren 23a
Ondare historikoa zaintzeko eta kontserbatzeko jardunbideak partekatuko dituzte Nafarroak eta Gipuzkoak
Kultura – Vianako Printzea Erakundeko Zuzendaritza Nagusiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Saileko Kultura Zuzendaritza Nagusiak lankidetza-protokoloa sinatu dute ondarea zaintzeko eta kontserbatzeko lanak burutu ahal izateko mekanismoa eratzeko. Informazioa eta esperientziak trukatzea proposatu da, betiere bi erakundeek partekatutako helburuak lortzeko onuragarriak eta komenigarriak badira.
Hori dela-eta, Kulturako zuzendari nagusia den Ignacio Apezteguia eta Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren zerbitzuko teknikariak Irungo Gordailua zentrora joan dira, zentroa ezagutzearren. Zentroa Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendekoa da, eta ondare historikoa kontserbatzen, babesten eta berreskuratzen espezializatua da.
Topaketaren helburua izan da kultur ondarearen materialen tratamenduan eredugarria den zentroaren instalazioak zuzenean ezagutzea. Ibilbidean parte hartu dute Mª Jose Telleria Etxeberriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, eta Carlos Olaetxea Elosegik, zentroaren zuzendariak.
Muesen aurkitutako zurezko sareta baten tratamendua eta lankidetza
Lankidetza-akordioaren abiapuntua 2020ko udan izan zen, Muesen, Kongostoko presa erromatarraren indusketa arkeologikoan zehar. Hain zuzen ere, zurez eraikitako sareta bat berreskuratu zuten, urpean egoteagatik kontserbatu zena.
Zurak, behin urperatuta, aldaketak jasaten ditu konposizio kimikoan eta egitura mikroskopikoan, eta egiturazko osagaiak galtzen dituenez, inguruko urak ordezkatzen ditu. Ondorioz, zuraren trinkotasuna murrizten da, baina bolumenari, formari eta kanpoko itxurari eusten zaio. Atera ondoren, ezinbestekoa da ingurune urtsuan kontserbatzea, bestela, suntsitu egiten da-eta.
Ura kentzeko eta materialak lehortzeko tratamendu egokiena liofilizazioa da. Prozesu horren bitartez, objektu organikoei ura kentzea lortzen da. Gainera, lehortzeko eta haren kolorea, forma, egitura eta hasierako egiturari eusteko aukera ematen du. Objektua ganbera batean sartu eta tenperatura baxuetan izozten da, ondoren, ganberatik aire guztia atera eta hutsean jartzeko.
Aste edo hilabete batzuetan zehar, objektuaren tamainaren arabera, zura berotu egiten da, eta, horrela, izoztutako ura gas-egoerara igarotzen da, egoera likidoa saihestuaz. Modu horretan, objektua lehortzen joaten da uzkurdurarik eta deformaziorik jasan gabe. Liofilizazio-prozesu oso interesgarria da, ur-inguruneak kaltetutako jatorri organikoko materialak –zurak, ehunak, larrua- kontserbatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateak ez du tratamendu hori aplikatzeko beharrezko makineria eta tresnarik. Ondorioz, Gordailua zentroarekin harremanetan jarri zen; izan ere, bertan, “era horretako ondareak kontserbatzeko baliabideak eta prestatutako eta esperientzia handiko langileak dituzte”, gogoratu dute Kultura Departamentukoek.
Arkeologia Plana
Gainera, nabarmendu behar da duela gutxi jardunaldi tekniko batzuk egin direla Iruñean, Kultura – Vianako Printzea Erakundeko Zuzendaritza Nagusiak bultzatuta, Arkeologiaren Plan Zuzentzailea egiteko prozesuaren barnean; bertan, Aragoi, Gaztela Leon, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako profesionalek hartu zuten parte.
Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologiaren Atalak koordinatzen ditu Arkeologia Plana egiteko lanak, eta bera arduratu zen jardunaldi horiek antolatzeaz. Besteak beste, Ondare Arkeologikoaren kudeaketan garrantzi handiena duten gaiak eztabaidatzen eta partekatzen aritu dira.