2021ko uztailaren 22a

“Oinak hodeietan” programaren bigarren edizioak iraupena, konpainia kopurua eta kokalekuak handitu ditu

Abuztuaren 5etik 29ra egingo den saioak arte eszenikoak eta Nafarroako espazio bereziak lotuko ditu
Kultura zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía, programaren arduradunekin 
eta parte hartzen duten taldeetako kideekin.
camera_alt Kultura zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía, programaren arduradunekin eta parte hartzen duten taldeetako kideekin.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Oinak hodeietan” programa abuztuaren 5etik 29ra bitartean egingo da, Nafarroako 12 toki berezitan, eta 21 musika-, dantza-, antzerki- eta magia-konpainiak hartuko dute parte. Baluarte Fundazioak eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatu dute zikloa, Nafarroako Arte Eszenikoen elkarteekin eta jarduerak egingo diren toki entitateekin elkarlanean.

Kultur programa honen bigarren edizioaren aurkezpenean parte hartu dute Ignacio Apezteguía Vianako Printzea Kultura zuzendari nagusiak, María Antonia Rodríguez Baluarte Fundazioko zuzendari kudeatzaileak, Ricardo Murillo Ledeako alkateak eta Txori García Uriz Amico Teatro konpainiako zuzendariak.

“Programazioaren helburua da Nafarroako arte eszenikoen sektore profesionala babestea, lurraldean zehar kultur programazioa dibertsifikatzea eta espazio berriak ezagutzea; beraz, herritarrek kulturaren eta artearen esperientziaz gozatzeko modu berri bat proposatzea”, azaldu dute programaren antolakuntzako arduradunek.

´Oinak hodeietan´ 2020an sortu zen, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak egindako lan-mahai sektorialen ondorioz, pandemiak eragindako krisiaren aurrean. Bigarren edizioa garatuko da bai formatua, bai kalitatea eta bai herritarren kopurua medio iaz izandako arrakasta ikusita, “hortaz, ziklo gazte hau Nafarroako Foru Komunitateko udako programazioan finkatu nahi da”, adierazi dute.

Iazko urtearekin alderatuta, beste bost kokapen daude, beste bi programazio-egun eta parte hartuko duten beste hamar konpainia. Jarduerak ostegunetik igandera egingo dira abuztuan zehar.

Kokapen bereziak

Programaren barnean, Nafarroako konpainien formatu txiki eta ertaineko ikuskizunak eskainiko dira Nafarroako herri txikietako gune berezietan. Hain zuzen ere, espazio ez-konbentzionalak dira; hots, monasterioak, arkeologia-aztarnategiak, gazteluak, basoak eta kultura eta natura aldetik ondare-balio handia duten beste leku batzuk; beraz, “lekua ez ezik, proposamen artistikoak ere, modu erreziprokoan aberastuko dira, eta ikusleak bien edertasunaz gozatu ahal izango du esperientzia berean”, gaineratu dute.

´Oinak hodeietan´ programak aukera emango du antzerki, zirko, dantza eta magia bezalako proposamen eszenikoetaz gozatzeko honako leku hauetan: Beintza Labaien, Tebasko Gaztelua, Kanonigoen Pasealekua (Orreaga), Espartza, Izal (Zaraitzu Ibarra), Santa Maria del Campo ermita (Nabaskoze), Berbintzana (Arga ibaiaren ertzean), Liedenako Erromatar Hiribildua, Iratxeko Monasterioa, Ablitasko Gaztelua, Fiteroko Monasterioa eta Olletako Haize-errota.

Beintza Labaien, Tebas eta Orreaga

Programa abuztuaren 5ean inauguratuko da, 19:30ean, Beintza Labaienen, ´Porrutata, ez porru ez patata´ ipuinarekin. Euskarazko ipuina, musikala  eta originala, Demode konpainiarena; “kantu dibertigarriak eta hunkigarriak eta zuzeneko musika eskainiko dizkigute”, adierazi dute proposamenaren arduradunek.

Abuztuaren 6an, 20:00etan, Tebasko Gazteluan hainbat jarduera egongo dira. Hasteko, Amildegi Produktiones konpainiaren ´Paz, ya no está entre nosotros´ izango dugu. Hain zuzen ere, “erritmo bizkorreko obra, Erdi Aroko atmosfera eta pertsonaia desberdinak marraztuko dituena. “Haurrentzako ipuinaren ukituarekin eta kontalari mimatzaile eran”, azaldu dute, “bi antzezlek istorio fantastiko bezain errealaren irudiekin gozaraziko gaituzte”.

Lehen emanaldiaren ondoren, bi lagun zaharren topaketa hasiko da, ironiaz, hipokresiaz eta oroitzapenez beteta, La Cuerda Teatro konpainiaren ´Foto de señoritas´ obrarekin.  Gazteluko saioari amaiera emateko, berriz, Humo Kolektiboaren ´Variaciones Hansel´ izango dugu.

Abuztuaren 7an eta 28an (larunbata), Kanonigoen Pasealekura joan ahal izango gara (Orreagatik egiten den 2 kilometro baino gutxiagoko bidea) 11:30ean, bi antzezlan ikustearekin batera. 7an, De improviso konpainiak “Parada improvisada” proposatuko du, haiekin batera oinez doan publikoari esker istorioak inprobisatzeko. 28an, berriz, altxor bila dabiltzan bi pirata zororekin batera egin ahal izango da bidea, Iluna konpainiaren obrarekin, ‘Pirados en la isla del tesoro’.

Espartza, Berbintzana, Liedena eta Iratxeko Monasterioa

Abuztuaren 8an, Zaraitzuko Espartzan, munduko hainbat lekutako pertsonaiez osatutako zirkuko konpainia nomada batek sorpresa batekin egingo du topo; hots, publikoarekin. “Publikoa ikusi gabe hainbeste denbora daramatenez, emozioz eta ilusioz Beteta eszenografia berriro muntatuko dute eta ikuskizunari hasiera emango diote: Hemendikara, Zirika Zirkusena”, adierazi dute sustatzaileek.

Amico on the Beach taldea oporretara joango da Berbintzanara abuztuaren 12an, 19:00etan. Han, Arga Ibaiaren ertzean, lan bat eszenaratuko dute, eta “hainbat pertsonaia bitxirekin, Tony Manero, surflariak, hondartzako zaintzaileak, boxeolariak, marinelak edo igeriketa sinkronizatuaren erreginak izatera jolasten ibiliko dira”.

Aurten, Liedena erromatar hiribilduaren aurkikuntzaren mendeurrena beteko da, eta han programako hiru ikuskizun eskainiko dira. Ostiralean, abuztuak 13, Irunberriko Arroila beldurgarrian, Led Silhouette eta Dinamo Danza dantza-konpainiek ‘Bonus Track’ eta ‘Orígenes’ obrak erakutsiko dituzte. Larunbatean, hilak 21, Trokolo Teatro konpainiak ‘Txu y Txus’ aurkeztuko ditu; hau da, “bizitzen eta elkarrekin bizitzen ikasi behar duten bi pertsonaia, baina haien nortasun ezberdinek egoera zentzugabeetara eramango dituzte”.

Gerra Zibilaren garaiko poeten bertsoak entzungo dira abuztuaren 14an, Iratxe Monasterioko Elizan, 20:30ean; tartean, Rafael Alberti, Antonio Machado eta Miguel Hernandezenak, besteak beste. La Nave konpainiaren ‘El crimen fue en Granada’ obran, bertsoak entzun ahal izango dira irudiekin eta musikarekin batera.

Ondoren, eta egun berean, publikoa Monasterioko klaustro berrira joango da, aurrerapen teknologikoen zurrunbiloan gertatzen diren konexioen eta deskonexioen inguruan dantzaren bidez hausnartzeko, DanzAI konpainiaren ‘Re-des’ piezan.

Tebas, Ablitas, Nabaskoze, Olleta eta Fitero

Abuztuaren 15ean, 21:00etan, Hodei magoa Tebasko Gaztelura itzuliko da; berak uste du, bertan mamu bat bizi dela duela 200 urtetik hona. Hori erakusten ahaleginduko da ‘Aparición, un espectáculo fantasmagórico’ lanean zehar. Sorpresa ugari izango dira.

Abuztuaren 19an, Yarleku Teatro konpainiak ‘La casa más pequeña’ aurkeztuko digu. Bi neskatxen arteko adiskidetasunaren istorio zoragarria, Ablitaseko Gazteluan, 21:00etan.

Abuztuaren 20an, ostirala, Fiteroko Monasterioko Absideen Plaza portu bateko zama-kai bilakatuko da; bertan, garabi handi bat eta ‘Kimera’ko pertsonaiak agertuko dira, La banda Teatro Circok proposatzen digun zirko, musika eta antzerki ikuskizuna, 20:30ean.

Zaraitzuko eta Erronkariko haranen atarian, Santa Maria del Campo ermita ederrean, Nabaskozetik hurbil, abuztuaren 22an, igandea, 19:00etan, literaturako klasiko handiak izango ditugu. Tdiferencia antzerki-konpainiak ‘Offelia la clásica comedia’ proposatzen du; mito klasikoen berrirakurketa ironikoa. Eta horien ondoren, ‘Romeo enmascarillado’ agertuko da, eta “Romeo eta Julieta” klasikoan bezala, bi familia izango dira aurrez aurre, kasu honetan meloi-saltzaileak. “Atikus Teatrok orain bizitzea egokitzen ari zaigun bezalako egoera hain zoroa proposatzen du”, azaldu dute.

Abuztuaren 26an, berriz, 19:30ean, Olletako haize-errota zaharrean, hainbat poetaren bertsoak entzun ahal izango dira Virginia Morionesen ahotsarekin eta Maddi Aranaren biolin-musikarekin. Teatreria konpainiaren ‘Palabra de Mujer’, lanak ahotsa jarriko dio Safo de Lesbos, Sor Juana Inés de la Cruz, Emily Dickinson edo Alejandra Pizarnik bezalako poeten ikuspegiari.

Beste monasterio batera, kasu honetan Fiterora, dantza iritsiko da. ‘Tempus in Templo’ izango da, Kon Moción dantza-konpainiarena, “lehengo musika eta dantza garaikidea batuaz artearen botere eraldatzailea ospatzeko”, gehitu dute. Abuztuaren 27an izango da, ostirala, 20:30ean, Absideen plazan.

Programa abuztuaren 29an amaituko da Izalen, Zaraitzu Ibarrean, Kalamity Jane eta Oklahomarako bidaia abenturazalearekin. Kaktus antzerki konpainiak euskaraz eskainiko du bidaia, ‘Nora zoaz Kalamity?’, 19:00etan.

Sarrerak erostea

Sarrerak Baluarteko leihatilan edo herrietan bertan erosi ahal izango dira ikuskizuna hasi baino ordubete aurretik, 2 euroren truke. Halaber, Baluarteren web orrialdean eskura daitezke 2,50 euroren truke. 

Edukieran mugatuak izango dira -50 eta 200 pertsona artean, espazioaren tamainaren arabera-, eta ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak ziurtatuko dira.