Descárgate la app
Gómez kontseilariak Nafarroako Ekonomia Zirkularraren Parkea proiektatzen duen Joseneako gizarteratze eta laneratze zentroa bisitatu du Irunberrin
2021ko uztailaren 21a
Gómez kontseilariak Nafarroako Ekonomia Zirkularraren Parkea proiektatzen duen Joseneako gizarteratze eta laneratze zentroa bisitatu du Irunberrin
Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria gaur goizean Irunberrin izan da Joseneako gizarteratze eta laneratze zentroan, eta bertan ezagutu du Nafarroako Ekonomia Zirkularraren Parkearen proiektua. Ekimen honek Bordablanca finka ekonomia zirkularraren dibulgazio eta praktika errealeko gune bihurtzea aurreikusten du, laboreak, negutegiak, lehortegiak, konpostaje-planta, gastronomia eta inguruko nekazaritzako elikagaien salmenta eta sustapena uztartuko lituzkeena, hurbileko merkataritza sustatzeko.
Bisitan, kontseilariarekin batera izan dira zentroaren zuzendaria, Jesus Cia; Irunberriko alkatea, Rocio Monclus; eta CEDERNA-GARALURreko enplegu eta garapeneko eragilea dena eremu horretan, Carlos Garcia. Taldeak instalazioetan barrena ibili da; bertan dituzte landare aromatikoen laboreak, negutegiak eta lehortegiak, hondakin organikoak konpostatzeko eta jasotzeko guneez gain.
Gomezek honela nabarmendu: “Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuarentzat garrantzitsuak dira era honetako proiektuak, ekonomia berriak proposatzen duen zirkularitatea errealitate egiten baitute. Proiektu honek ziklo osoa ixten du, ekoizpenetik hasi eta merkaturatzeraino, hondakinen tratamendua barne hartzearekin batera, berriro baliabide bilakatuta”. Halaber, kontseilariak azpimarratu du “bereziki aintzat hartzen dutela honako hau bezalako ekimenek gure landa-eremuak suspertzea, biztanleria lurraldean finkatzea eta lurralde-kohesioan laguntzea”.
Bestalde, Jesus Ciak proiektuaren inguruko xehetasunak aurkeztu ditu; haren ustez, “laborategi biziduna izango da, landa-munduaren garapenerako etorkizuneko hainbat ekintza-ildo aztertu ahal izateko”.
Nafarroako Ekonomia Zirkularraren Parkearen proiektua
Proiektu honetan proposatzen da finkako instalazioak bisitariak hartzeko leku bilakatzea, harrera-eremu batetik erakusketa-ibilbide bat egin ahal izateko beharrezko azpiegitura eta bitarteko eta guzti. Erakusketan energia berriztagarrien inguruko edukiak jorratuko dira, konpostatzeko eremua eta urak tratatzeko eremua egongo dira (biltegiratzeko zona eta arazteko depositu berria, uretako ihi eta landareekin), eta landare aromatikoak tratatzeko beste gune bat eta negutegiak, eguzki- eta haize-aprobetxamenduaren bidez lehortzeko prozesuari buruzko panelen erakusketarekin, sendabelarren lehortegia eta zoru bero-emaileko negutegiak.
Gune horretan aurkitzen dira, baita ere, “Irati” harmonizazio-zentroa, “naturarekin harmonian sentitzeko esperimentazio eta jolaserako leku gisa”; gastronomia zirkularrari eskainitako beste eremu bat, elikadura ekologiko osasungarrian oinarritua, “Baratzetik mahaira” izenekoa, Pirinioetako barazki ekologikoak eta garaikoak ekoizteko leku batekin eta merkaturatzeko beste batekin, Pirinioetako barazkiak eta bestelako produktuak dastatzeko eta horien catering eta guzti.
2002an sortutako proiektua
Josenea Nafarroako Gobernuaren Ondarearena den Bordablanca finkan kokatzen da, eta elkarteari alokatuta dago. 14 hektarea ditu, eta Irunberrin dago, Irati ibaiertzean.
Josenea Lan Elkartearen proiektua 2002an sortu zen, gizartetik baztertzeko egoeran aurkitzen ziren pertsonei laneratzeko aukera eskaintzeko helburuarekin. Handik urtebetera, lan hori garatzen hasi ziren ingurumen-arloko zerbitzuen gaineko prestakuntzarekin eta landare aromatikoak eta sendabelarrak landatuaz, nekazaritza ekologikoaren irizpideak aintzat hartuta, eta infusioak eta tea ekoizten ere bai.
2006. urtetik aurrera, finkan bisita gidatuak egiten dira, ordutik hona 25.000 bat bisitari artatu ditu.
2018. urtean, elikadura-osagarriak ekoizteko lantegia jarri zen martxan, eta esportazio-salmentari ekin zion; halaber, sagar lehorrekin egindako “zizka-mizka” osasungarrien proiektua lantzen hasi zen.
2019an, berriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan, inguruko hondakin organikoak jaso eta finkan bertan konpostatzeko proiektua abian jarri zen. Proiektuak lehen saria jaso zuen Departamentuak sustatutako Garapen Iraunkorraren Jardunbide Egokien Sarien azken edizioan, “José Ignacio Sanz Arbizu” izenekoan. Konpostatzeko lantegian, egun, Zangoza, Irati eta Bidausiko mankomunitateetako herrietako hondakin organikoak jasotzen dira, eta urtean 600 eta 1000 tona artean tratatzea iritsi daiteke; era berean, ekoitzitako konpost guztia finkako laboreak ongarritzeko erabil dezake.
Josenean 52 pertsonak egiten dute lan, gehienak lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko zentroan sartuta. Helburua da enplegua lortzeko zubi-lanak egitea langileentzat, Nafar Lansarerekin eta Eskubide Sozialetako Departamentuarekin elkarlanean.
Gaur egun, Bordablancan, modu erabat ekologikoan lantzen dira landareen, zuhaixken eta erabilera medizinaleko zuhaitzen 70 barietate baino gehiago. Jarduera hori guztia Nafarroako Nekazaritza Ekologikoaren Kontseilu Arautzailean (NNEKA) inskribatuta dago, eta 2003az geroztik homologatuta aurkitzen da.
Instalazio guztiak bioeraikuntzako irizpideekin diseinatu eta eraiki dira, material birziklatuak eta/edo ingurumena errespetatzen dutenak erabilita; laborantzan erabiltzen den energia ere berriztagarria da.