Descárgate la app
Lekarozko Enpresa Campuseko elizan ekintzailetza digitalerako zentro bat egongo da
2021ko uztailaren 13a
Lekarozko Enpresa Campuseko elizan ekintzailetza digitalerako zentro bat egongo da
Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak gaur goizean aurkeztu du Lekarozko Enpresa Campuseko elizan ekintzailetza digitalerako gune bat sortzeko egingo den inbertsioa, 1,2 milioi euroko finantzaketarekin, Next Generation diru funtsekin (REACT-EU linean FEDER 2014-2020 funtsak birprogramatzeko).
Gunea ekintzailetza digitalerako erabiliko da, landa-ingurunean lehentasunezko eremua delako, eta, bertan, erronka orokorrak lantzeaz gain, digitalizazioko tokiko zerbitzuak eskainiko dira inguruneko jarduera nagusietarako: zaintzen ekonomia, turismoa eta merkataritza.
Irujo kontseilariak honela adierazi du: “eskualdean ekintzailetza sustatzeko eta enpresa-mailako lankidetza irekirako gunea jarri nahi da, hasierako garapen-fasean aurkitzen diren enpresak instalatu ahal izateko, start-up berritzaileak sortzea errazten duten sinergiak sortu ahal izateko eta lankidetza-ingurunean lanpostuak eskaintzeko”. Gainera, digitalizazio eta IKT arloan prestatzeko gunea izango da, eskualdeko saltokiak eta ETEak dinamizatzeko dagoen premiari erantzuna eman ahal izateko. Horrez gain, Lekarozko Campuseko elizak zerbitzu osagarria emango die bertan kokatutako enpresei, “gune nagusia ezin hobea baita tailerrak, bilerak eta biltzarrak egiteko”, gaineratu du.
“Arteetan eta zientzietan ezagutza eta haren zerbitzura dauden tresna digitalak sustatzeko eta zabaltzeko leku-proposamen honen bitartez, Kaputxinoek ‘Lekarozko Ikastetxe’ ezagunean sortu eta zabaldu zuten ondarearekiko lotura ezartzen da”. Eraikuntza zentro zaharreko eliza izan zen, eta 130 urte bete ditu inauguratu zenetik. Espazio hori berreskuratuta eta egungo errealitatera egokituta, “balio bereizgarria ematen diogu enpresa-campusari, tokiarekin lotutako aberastasun immateriala sortzeko gaitasunari eustearekin batera”.
Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusia den Izaskun Goñik Enpresa Campusak orain arte izandako ibilbidea errepasatu du, eta, ondoren, espazioaren erabileren aldeko apustua azaldu du.
Ekintzailetza digitala
Lekarozko Enpresa Campuseko Elizak funtzio anitzeko eta coworkingerako espazioa CIL azpiegiturako coliving-arekin konbinatuko du, Campusean ere integratua dagoena.
Proiektuak CEINen eta Gizarte Berrikuntzako Unitatearen laguntza du ekintzaileei laguntzeko eta Campusean kokatutako enpresena ere bai, ezagutza-arlo ezberdinetan prestakuntza- eta –dibulgazio-jarduerak programatzeko. Murgiltze-egonaldiak eskainiko dira, sormena eta sinergien sorrera sustatzeko: prestakuntza eta gaikako edo diziplina anitzeko tailerrak eta egonaldiak.
Elizako espazioa era modularrean banatuko da manpara gardenekin, eta erdiko nabea erabat garbi geratuko da. Erdiko espaziotik arku batzuen bidez bereizitako alboko nabeetako bat enpresen mintegi bezala erabiltzea aurreikusten da.
Beste alboko nabea, berriz, espazio akademikorako gordeko da; hots, XXI. mendeko landa-munduaren azterketarako espezializatua izango da, eta Baztango Udalarekin eta Euro-eskualdeko espazioko unibertsitateekin lankidetzan egingo da.
Enpresa Campusa
Jarduera hau Lekarozko Enpresa Campusa (Baztan Harana) espezializatzeko eta sustatzeko Nafarroako Gobernua 2016az geroztik burutzen ari den lanaren jarraipena da.
Baztan-Bidasoa eskualdea garatzeko Foru Exekutiboak egindako apustua da Campusa, eta Euroeskualdea osatzen duten hiru eskualdeetako (Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa) Espezializazio Adimentsuko Estrategietako lehentasunezko azpisektoreetako batzuetako enpresak hartzeko pentsatua dago; hala nola, Bioosasunarekin eta sormen-industriekin eta industria digitalekin lotutakoak batez ere.
Ingurune naturalean jarduera ekonomikoa garatzeko gunea da, sormenerako eta ezagutza sortzeko eta garatzeko diseinatua. Egungo okupazioari eta libre dagoen lurzoruari buruzko informazioa helbide honetan aurki dezakezue: campuslekaroz.com