2021ko uztailaren 6a

Euskarabideak antolatu zuen euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketan saritutako bi ikerlanak argitaratu dira

Hiztegi ttipia. Izarbe eta Mañeru Ibarretako euskal izengoitiak, Koldo Colomok idatzia eta Lehengo harenez. Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak, Jose Luis Erdozia egile duena izan dira lehiaketako saridunak

Euskarabidea-Euskararen Nafar nstitutuak antolatutako euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketaren bi irabazleak argitaratu ditu Nafarroako Gobernuak. Koldo Colomo izan da saritua, Hiztegi ttipia. Izarbe eta Mañeru Ibarretako euskal izengoitiak liburuaren egilea, eta Jose Luis Erdoziaren Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak lana.

Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketa, 2020ko urriaren lehenean Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emandako 10/2020 Foru Aginduaren bidez onartu zen. Lehen edizioa 2018an izan zuen lehiaketa honen helburua euskararen inguruko lexikografia, dialektologia, toponimia eta soziolinguistikako ikerketak bultzatzea da eta arlo horretan ikertzaileek egiten dituzten azterlanen argitalpena sustatzea.

2020ko deialdia indartzeko asmoz, zuzkidura ekonomikoa handitu da, 12.000 euro guztira. Horretaz gain, ikerketa arlo berri bat gehitu da: soziolinguistikarena, hain zuzen ere.

 Saritutako lanak

Koldo Colomok Hiztegi ttipia. Izarbe eta Mañeru Ibarretako euskal izengoitiak lanean,  Mañeruibarko eta Izarbeibarko 425 izengoiti bildu ditu, iturri bibliografiko nahiz dokumentaletatik. Egileak bi ibar horietako ondare onomastikoa bildu du, irakurleari euskarazko erregistro informalerako baliabide lexiko eta linguistikoak eskaintzeko asmoz.

Koldo Colomo Castro, Filosofiako eta Hezkuntza zientzietako lizentziaduna da. Hainbat lan etnografiko argitaratu ditu eta hizkuntza arloko lan hauen egilekidea da: Diccionario castellano-vasco de Valdizarbe, Hitos históricos del euskera en Valdizarbe, Mañeruibarko hiztegia, Izarbeibarra eta Mañeruibarra: etxe izenak eta Gares: historia de un topónimo. Horretaz gain, “El euskera en Valdizarbe” blogeko kolaboratzailea da.

Beste egilea den Jose Luis Erdozia,  Lehengo harenez. Nafarroako euskal hizkeretako lexia konposatuak ikerlanean hiztegietan sarrera nagusi edo azpisarrera moduan, normalean, agertzen ez diren bederatziehundik gora lokuzio, esapide edo esamolde, aditz perifrasi eta gainerakoak bildu ditu. Nafarroako euskal hizkeren eremuetako hiztunek erabili izan dituztenak dira, eta horietako zenbait, oraindik erabiltzen direnak.

Jose Luis Erdozia Historia eta Geografiako lizentziaduna  eta Euskal Filologiako doktorea da. 2005etik Euskaltzaindiko Euskalkien Lantaldeko kidea da eta 2006an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Aldizkari espezializatuetan (FLVn, Euskeran, ASJUn, Príncipe de Vianan, Cuadernos de Etnología y Etnografían) hogeita bost artikulu argitaratu ditu eta, horretaz aparte, sei liburu argitaratu ditu, guztiak Sakanako euskarari eta toponimiari buruzkoak: Sakana erdialdeko euskara (2001, doktore tesia), Sakanako hiztegi dialektologikoa (2004), Sakana erdialdeko bitxikeriak: esaerak eta beste (2004), Altsasuko euskara (2006), Sakanako hizkeren araberako idazkera batua (2007), Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo. Egungo toponimia ofiziala (2019).