Descárgate la app
Luzaide eta Frantziako Arnegi herriko ikasleak, hiru hizkuntzatan ikasi eta hazten dira
2021ko uztailaren 3a
Luzaide eta Frantziako Arnegi herriko ikasleak, hiru hizkuntzatan ikasi eta hazten dira
Luzaide (Nafarroa) eta Frantziako Arnegi herriko (Nafarroa Beherea, Iparralde) eskolek bigarren ikasturtea amaitu berri dute mugaz gaindiko eskola elkartu gisa. Ez dira Europan horrelako egitasmo asko egonen. Goizero, Arnegiko Haur Hezkuntzako ikasleek autobusa hartzen dute Luzaideko eskolara duten bide laburra egiteko eta Luzaideko Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailakoek kontrako ibilbidea egiten dute. Hezkuntza eta hizkuntza egitasmo bakarra partekatu arren, eskolek bi egoitzei eutsi baitiete.
Mugaz alde bateko zein besteko ikasleek euskara dute ikaskuntza hizkuntza nagusi, eta gazteleraz eta frantsesez ere ikasten dute. “Ikusten duzu haurrak maneiatzen direla aski ongi hiru hizkuntzetan”, esan digu Ana Bengoetxea irakasleak, “oso polita de patioan entzutea aberastasun eta naturaltasun hori hiru hizkuntzetan, kasik ohartu gabe egiten dute salto batetik bertzera”.
Bi eskolen arteko elkarlana duela bost ikasturte hasi zen, Bordeleko Akademiak Luzaideko eskolari eskaini zionean Arnegikoarekin batera aritzea. Hasierako asmoa apalagoa zen, batez ere frantsesa eta gaztelania ikastea. “Baina gero ikusi genuen harago joaten ahal ginela, eta horrela sortu zen herri eskola elkartua”, azaldu digu Anabel Elizondo Luzaideko eskolako zuzendariak. Duela bi ikasturtetik, Arnegi eta Luzaideko ikasleak elkarrekin daude goiz eta arratsalde, talde egonkorretan.
Euskara denez mugaz alde biko biztanleak batzen dituen hizkuntza, erabaki zuten euskara izanen zela eskolako hizkuntza nagusia. Horrela, Haur Hezkuntzan ikasle guztiek astean 23 saio ematen dituzte euskaraz, lehen hizkuntza gaztelera dutenek beste lau saio frantsesez eta lehen hizkuntza frantsesa dutenek gazteleraz. Lehen Hezkuntzako aurreneko bi zikloetan 15 saio egiten dituzte euskaraz eta, azken zikloan, berriz, 12 saio euskaraz, 11 frantsesez eta 4 gazteleraz.
Luzaideko eskolako zuzendariaren arabera, zailtasun handienak hizkuntza proiektu bateratua osatzea eta ahozkotasuna ebaluatzea izan dira. Jakin nahi zuten zer maila zuten ikasleek hizkuntza bakoitzean eta nola ebaluatu behar zituzten haien aurrerapenak. Hori dela eta, ikasturte hasieran laguntza eske jo zuten Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalera eta ikasturtean zehar formakuntza jaso dute Yolanda Olasagarre EIBZko irakaslearen eskutik.
Gelan ahozkotasuna nola landu eta ebaluatu, horixe izan da bi eskoletako irakasleek egin duten ikastaroaren funtsa. Abiapuntutzat hizkuntzaren ikuspegi komunikatibo eta elkarreraginezkoa hartuta, helburu komunikatiboa zehazten da (adibidez, ipuin bat kontatzea) eta sekuentzia didaktikoa erabiltzen dute tresna didaktiko gisa. Olasagarrek nabarmendu duenez, bi eskoletako zuzendaritzek eta irakasleek “izugarrizko lana” egin dute. Ikasle guztiak grabatu dituzte, bi aldiz (hau da, lanketaren aurretik eta ondotik), hiru hizkuntzetan. Arnegiko 4. mailako ikasle batek aitortu digunez, hobetu da biziki ahozko aurkezpenak eta egiten, “eta lotsa piska bat galdu dut”. Luzaide eta Arnegiko zuzendaritzak ere oso pozik daude emaitzarekin, jasotako formakuntzari esker aurrerantzean ahozkoaren lanketa modu sistematikoan eta planifikatuan egiteko aukera izanen dutelako.
Bi eskolek bat egin izanak herrientzat ere sekulako garrantzia duela azpimarratu du Anabel Elizondok: “Bi herrien arteko harremanak senditzen ari dira eta, gainera, konponbide ona da eskola txikiak aurrera ateratzeko. Nahiz eta urte batzuetan Luzaideko eskolan matrikularik ez izan, egitasmo honi esker gure eskolak aurrera eginen du”.