2021ko uztailaren 2a

Lurralde kohesioak 1,2 milioi inbertituko ditu despopulatzeko arriskuan dauden herrietako udal eraikinen eraikuntzan eta hobekuntzan

319 udalerri eta kontzejuri irekiko zaien diru-laguntzen deialdia , besteak beste, administrazio-, kultura-, kirol- edo etxebizitza alokatzeko-zuzkiduretarako izango da

Lurralde Kohesiorako Departamentuak 1.200.000 euroko diru-laguntza lerro bat jarri du abian, despopulatzeko arriskuan dauden udalerri eta kontzejuetan tokiko zuzkidurak eraiki edo hobetzeko. Deialdia 319 toki-erakunderi zuzenduta dago, azken 30 urteetan biztanle-kopuruan beherakada handia edo biztanleria-dentsitate txikia izan duten erakundeei, hain zuzen ere.

Modu horretan, toki-erakundeek finantzaketa jaso ahal izango dute gizarte, administrazio, kultura, kirol, aisialdi eta turismo arloko erabilerako hornidurak eraikitzeko, handitzeko edota berritzeko, alokairuan erabiltzeko etxebizitzak erosi eta/edo berritzeaz gain. Nolanahi ere, Nafarroan Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Estrategian jasotako beharrekin zerikusia dute inbertsioa horiek.

Toki Administrazio eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak gutun bat bidali die toki-erakundeei datozen asteetan deialdia NAOn argitaratuko dela adierazteko. Diru-laguntza izan dezaketen proiektuak 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean gauzatutakoak izango dira. Eskaerak 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Deialdi honekin batera,500.000 euroko beste laguntza-lerro bat atera du Lurralde Kohesiorako Departamentuak despopulatzeko arriskuan aurkitzen diren udalerrientzat, aurten erronka demografikoaren aurkako jarduerak eta proiektuak finantzatzeko.

Despopulatzeko arriskuan dauden udalerriak eta kontzejuak

Zuzkiduretarako diru-laguntzen lerroa despopulazio-arriskuan (azken 30 urteetako, 1989-2019, biztanleria-dentsitatea eta biztanle-kopuruaren galera kontuan hartuta) aurkitzen diren udalerriei nahiz udalerri horietako kontzejuei zuzenduta dago. Gaur egun, Nafarroako 174 udalerri arrisku-egoeran aurkitzen dira, eta horietan 205 kontzeju daude. Horietatik, guztira 142 udalerrik eta 177 kontzejuk parte har dezakete deialdi honetan. Gogorarazi behar da gainerako herriak, Pirinio Planean jada sartuta daudenak, ez direla deialdi honen onuradun, horientzat ekintza eta ekimen espezifikoak egiten baititu Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak.

Zehazki, laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte ondorengo despopulazio-mailaren bat aurkezten duten udalerriek eta kontzejuek: muturreko arriskua (biztanleria-dentsitatea 8 bizt/km2-koa edo gutxiagokoa izanik); despopulazio-arrisku bizia (12,5 bizt/km2 eta 8 bizt/km2 arteko biztanleria-dentsitatea); despopulazioaren arrisku handia (25 bizt/km2 eta 12,5 bizt/km2 arteko dentsitatea eta biztanleriaren jaitsiera 1989 eta 2019 arteko 30 urteetan); gainbehera bizian (biztanleriaren %15 baino gehiago gutxitzea azken 30 urteetan eta 25bizt/km2-tik gorako biztanleria-dentsitatea); eta gainbehera neurtuan (biztanleria %15 baino gutxiago jaistea eta 25 bizt/km2-tik gorako dentsitatea).

60.000 eurora bitarte proiektu bakoitzeko

Deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituen udalerri eta kontzeju bakoitzeko eskaera bat onartuko da gehienez. Toki-erakundeek gehienez 60.000 euro jaso ahal izango dituzte proiektu bakoitzeko. Diru-laguntzaren zenbatekoa desberdina izango da proiektu-motaren eta garatzen den lurralde-eremuaren arabera; era horretan, jardueraren kostu osoaren %60tik %80ra bitarte estal dezake.