2021ko uztailaren 1a

Belateko eta Almandozeko tuneletan 40 haizagailu berri hornitu eta instalatzea 1,2 milioi euroren truke esleitu da

Haizagailu berriek tunelen barruko segurtasuna areagotuko dute, eta suterik izanez gero, erantzun-eraginkortasunari eutsiko diote
Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Pedro Lopez Herri- Lanen 
eta Azpiegituren  zuzendari nagusia eta Jorge Iribas Kartografia saileko 
burua Almandozeko tuneleko haizagailuak ikusten.
camera_alt Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Pedro Lopez Herri- Lanen eta Azpiegituren  zuzendari nagusia eta Jorge Iribas Kartografia saileko burua Almandozeko tuneleko haizagailuak ikusten.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Ondare Zerbitzuaren bidez, Construcciones Mariezcurrena S.L. enpresari esleitu dio Belate eta Almandozeko tuneletarako 40 haizagailu berri hornitzeko eta instalatzeko kontratua, 1.269.431,03 euroan, BEZa barne.

Haizagailuen bi galeriak aldatuko dira; hots, duela 24 urte  abian jarritakoak. Era horretan, barrualdeko segurtasuna hobetu eta, sutea gertatuz gero, erantzun eraginkorra eman ahal izango da.

Hobekuntza esanguratsuen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: lehengo materialaren ordez altzairu herdoilgaitza jartzea tunelen barruko giro korrosiboari aurre egiteko; tenperatura eta bibrazioak etengabe sentsorizatzea, haizagailua hondatuz gero, Errepideen Kontserbaziorako Kontrol Zentroari denbora errealean jakinarazteko, konpon dezan; eta aparatuak modu eraginkorragoan banatzea.

Obrak gauez egitea aurreikusten da, tuneletan trafikoa erabat etenda eta NA-1210 errepidera desbideratuta.

Aireztatze-sistema berria

Belate eta Almandozeko tuneletako luzetarako aireztatze-sistemak helburu bikoitza du: alde batetik, horien ohiko funtzionamenduan, galerien barruan ingurumen-arloko kutsadura-mailak baldintza hobezinean izatea; eta, bestetik, sutea gertatuz gero, tunelen barruan sortutako keak aireztatze-sistemak kudeatu ahal izatea. Izan ere, kea pilatzea da arrisku-faktoreetako bat, galerien barruan sutea izanez gero.

Kontratuaren xedeko lanen barruan, lehenik eta behin, Belateko eta Almandozeko egungo tuneletan dagoen aireztapen-sistema desmuntatuko da. Kendutako haizagailuak hondakinen kudeatzaile baimendu baten instalazioetara eraman beharko dira.

Ondoren, aireztapen-sistema berria instalatuko da. 22 haizagailu jarriko dira Belateko tunelean eta beste 18 Almandozekoan. Sistema berriak berdinak izango dira. Zurrustako haizagailu axialak dira, %100 itzulgarriak, 400ºC-ko tenperaturarekiko erresistentzia dutenak 2 orduz.

Binaka ezarriko dira. Haizagailuek tenperatura-zundak izango dituzte harilketetan, kojineteak eta bibrazio-sentsoreak.

Azkenik, sistema berriaren funtzionamendu-probak egingo dira: egiaztapen orokorrak, tuneleko haizagailuen kokapena, parametro elektrikoak eta bibrazioenak, airearen abiadura neurtzea tunelean, e.a. Horrez gain, hondoko zarata-maila neurtuko da (haizagailu guztiak geldituta), lehen haizagailu-bikotea martxan dagoela eta haizagailu guztiak martxan daudela.