2021ko ekainaren 25a

Ingurumeneko Departamentuak 216.070 euro bideratuko ditu tokiko erakundeetara aurtengo Tokiko Agenda 21eko proiektuak garatzeko

Diruz lagundu daitezkeen ekintzen helburua da ingurumen-jasangarritasuna, adinekoen ongizatea eta lurralde kohesioa

Ingurumeneko Departamentuak 216.070 euroko laguntzak bideratuko ditu aurten toki-erakundeentzako, Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planeko proiektuak gauzatzeko. Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago gaurtik datorren uztailaren 14ra arte, ostegun honetan Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratutako deialdian jasotzen den bezala.

Deialdiaren helburua da toki-erakundeen iraunkortasun ekonomikoa, soziala eta ingurumen-arlokoa gehitzea. Toki-erakundeen proiektuak udal-agintarien eta tokiko biztanleen arteko akordioaren bidez definitzen dira, modu integratuan eta parte-hartzailean. Era berean, adineko pertsonekin adiskidetsuak diren herriak, hiriak eta auzoak sustatu nahi dira, zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzearren.

Beraz, diru-laguntza jaso ahal izango dute Tokiko Ekintza Planetan jasotako proiektuek edo ekintzek, toki-erakundeen Tokiko Agenda 21etik bideratutakoek, onartuak direnek edo egiten ari direnek eta 2021ean hasitakoek. Zehazki, proiektuak edo ekintzak honako atal hauetako batekoak izango dira: klima-aldaketa (arintzea eta egokitzea), azpiegitura berdeko proiektuak (paisaia lehengoratzeko, natur guneei balioa emateko eta hiri-espazioak naturalizatzeko jarduerak) eta baliabideen kontsumoan aurrezteko eta eraginkortasuna izateko eta hondakinak minimizatzeko irizpideak.

Halaber, honako hauek ere sartuko dira: ur-sareen kudeaketa eta eraginkortasuna (kontrol gailuak eta kontagailuak); hurbiltasuneko kontsumoa, elikadura-subiranotasuna eta energetikoa eta tokiko ekonomia iraunkorra; mugikortasun iraunkorra eta irisgarritasuna; eta gizarteratzearen kohesioa (gutxiengoen integrazioa, berdintasun soziala, gizartetik baztertzeko arriskuan dauden pertsonen kontratazioa, genero-berdintasuna, harreman sozialak, aisialdia, adinekoen ariketa fisikoa, e.a. bultzatzen dituzten ekintzak).

Horrez gain, adineko pertsonekin adiskidetsuak diren hiri, herri eta auzoei buruzko proiektuak aurkeztu ahal izango dira (aire zabaleko hiri-espazioak, eraikinak, etxebizitza, garraioa, komunikazioa eta informazioa); despopulatzearen aurreko jarduerak; eta adineko pertsonen premien analisia, espazioak egokitzea eta erretiratuentzako jubiloteka espazioak eta programak diseinatzea.

Tokiko Agenda 21 integrazioan oinarritutako garapen-plana edo udal-estrategia bat da, eta ingurumen, ekonomia eta gizarte mailako politiken irizpide iraunkorrak erabiltzen ditu. Jarduera iraunkor estrategikoak, herritarrentzat eredugarriak direnak eta tokiko kudeaketa iraunkorrerako transferigarriak sustatzea du helburu.