Tafalla, Olazti, Lizarra eta Cortes, asteburu osoaren eszenatokiak Kultur 2021ean

Aukeratutako lau agertokietan Mû Mbana, Iñaki Diéguez Hirukote Akustikoa, Arantxa Villanueva Dantza Konpainia eta Juárez artistak arituko dira
2021ko ekainaren 24a
Mû Mbana Javier Colina, Juan Carlos Aracíl eta Jesús Mañerurekin.
camera_alt Mû Mbana Javier Colina, Juan Carlos Aracíl eta Jesús Mañerurekin.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Tafalla, Olazti, Lizarra eta Cortes dira Kultur 2021 programan antolatutako kultur asteburu bizirako aukeratu diren agertokiak. Ostiralean, Mû Mbana feat Javier Colina, Juan Carlos Aracil eta Jesus Mañeru taldearen emanaldia izango da ikusgai Tafallan; eta Iñaki Dieguez Hirukote Akustikoarena, Olaztin. Larunbatean, Arantxa Villanueva dantza konpainiak Las hijas de Bernarda taularatuko du Lizarran; eta Juarez taldeak Cortesen joko du.

Kultur-en ibilbidea 20:00etan hasiko da Tafallako kultur gunean, eta bertan Mû Mbana instrumentalista eta poeta ginearrak Nô Tchon proiektua aurkeztuko du Javier Colina, Juan Carlos Aracil eta Jesus Mañeru musikariekin batera. Sarrerak 3 euro balio du.

Nô Tchon soinu biluziaren muturretara egindako bidaia da, lur hezearen eta milurteko egurraren lurrina duenera; Ginea Bissauko folklorea abiapuntu hartzen duen zeremonia honetan oraino esploratu gabeko tokietara eramaten du.

Proiektu honen buru Mû Mbana dugu, Gineako multiinstrumentista eta poeta. Mû Mbana murgiltzen da Lurrari zaion liturgia poetikoan, gure nagusiei zaien miresmenean, kolektibo moduan hobetzeko dugun erantzukizun eta konpromisoan, amodioa malgutasunetik eta errespetutik biziz, azken finean bizirik gaudela ospatzeko. Abentura honetan dituen lagunak ezin egokiagoak dira. Javier Colinaren esperientziak eta handitasunak, Juan Carlos Aracilen
Mbanaren laguntzaileei dagokienez, Javier Colinaren "esperientzia eta tamaina" nabarmendu behar dira; eta baita ere Juan Carlos Aracilen "adierazkortasuna eta intentsitatea", Jesus Mañeruren "errespetua eta sormena". Bizikidetza hori duela 10 urte hasi zen garatzen, Nua Trío aurreko proiektuan aritu zirenean.

Arantxa Villanueva dantza konpainia

Lizarrako Los Llanos kultur guneko lorategiak eskainiko du larunbatean, 21:30ean, Las hijas de Bernarda dantza antzezlana, Arantxa Villanueva dantza konpainiaren La casa de Bernarda Alba-ren bertsioa.

Dantza Garaikidearen Konpainiak hamar urte baino gehiago darama sentsazioak, kezkak eta bitxikeriak mugimendua adierazteko tresna bilakatzen. Zortzi dantzariz osatua eta Arantxa Villanueva koreografoak zuzendua, Marta Juániz aktoreak ere parte hartzen du gaurkotasun sozialeko gaien gaineko hausnarketak eginez. Antzezlanak dolu latz erdiragarrien mende zeuden zenbait emakumek bizi zituzten egoera dramatikoetara hurbiltzen gaitu.

Lizarrako Kultur jardunaldiaren osagarri, hiriko Erdi Aroko Burgoetara bisita gidatua egingo da. Bisita turismo-bulegoan hasiko da, 5 euroko prezioan eta gutxienez hamar laguneko taldearekin.

Juarez

Larunbatean bertan, 21:30ean, Juárez talde nafarrak bere emanaldia eskainiko du Corteseko parke publikoan.

2012an sortutako taldea Iruñeko underground-aren erreferente nagusietako bat da. Cortesen bere laugarren diskoa aurkeztuko du, Entre palmeras, 2020ko urrian argitaratua. Albuma osatzen duten 12 abestiek soinu propioa eta ezaguna duen proiektu baten behin betiko finkapena adierazten dute. Soinu horrek hainbat generotako elementuak hartzen ditu, hala nola mugako rocka, psikodelia, popa, folka, westerna edo indiea. Letrak, gaztelaniaz Kristinak eta Josek ahotsa jartzen dietenak, onirikoaren, lirikoaren eta pertsonalaren artean mugitzen dira.

Juarezen emanaldiarekin batera, gaztelua bisitatu ahalko da 12:00etan eta Cerro de la Cruz aztarnategiaren erakusketa 10:30ean. Jarduera bakoitzak 3 euroko prezioa du eta gazteluko ate nagusian hasten da.

Azkenik, gogoratu behar da Kultur 2021ek Gua-Mia-Bu artistaren "Azken eguzkilorea" esposizioa erakusten duela, Bertizeko Jaurerriaren jauregian, erakusketa aretoan eta Lorategi botanikoan, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean.