Nafarroako erbestea omenduko du Foru Gobernuak irailaren 4an Elizondon

Erbesteratuez gain, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ere parte hartuko dute ekitaldian
2021ko ekainaren 23a
Erbestea aitortzeko eta omentzeko eskultura Elizondon.
camera_alt Erbestea aitortzeko eta omentzeko eskultura Elizondon.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak irailaren 4an omenaldia eginen die Elizondon 1936ko kolpe militarraren ondorioz erbestera joan behar izan zuten nafar guztiei, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak parte hartuko duten ekitaldian.

Omenaldia “Nafarroako erbesteratzea. Erbesteratzea, oroimena eta artea” programaren barruan dago, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak 2020. urtetik aurrera, Nafarroako Memoriaren Institutuaren bitartez, burutzen duena. Ekimen hori orain dela gutxi aurkeztu zaie memoria historikoko elkarteei eta haien senideei bilera batean. Bilera horretan, elkarrekin lan egitea erabaki da, interesa duten pertsona guztiek parte har dezaten, eta, betiere, une horretan indarrean egon daitezkeen osasun- eta edukiera-neurriak betez.

Gogoratu behar da orain dela hilabete batzuk Nafarroako Memoriaren Institutuak argitara eman zuela Nafarroako erbestealdiaren behin-behineko errolda, eta eskuragarri dagoela https://pazyconvivencia.navarra.es/censo-exilio helbidean. Orain, ekitaldi honetan parte hartu nahi duten senitarteko eta lagun guztiak Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jartzera animatzen da, ahal dela inm@navarra.es helbide elektronikoan edo 848426021 telefonoan.

Esan bezala, omenaldia Elizondon egingo da. Bertan, 2020ko abenduan, beren lurretik ihes egin behar izan zuten pertsonei eta martxan lagundu zieten elkartasun-sareetako kide izan zirenei omenaldia egiteko eskultura bat jarri zen. "Babesaren muga" eskulturaren inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Mikel Iriarte eskulturaren egileak. Eskultura hau, behin-behinean, Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatu dute, Loiti Gaineko Memorialarekin batera.