Nafarroako Gobernuak 246 plaza hitzartu ditu buru eritasuna duten pertsonak artatzeko, urteko 7,1 milioi euroko kostuarekin

Eskubide Sozialek eta Osasun Departamentuak kontzertu bat sinatu dute Ahizpa Ospitalariekien helburu horrekin, gehienez 9 urterako eta guztira 64,2 miliorako
2021ko ekainaren 10a
Santos Indurain, Osasun Departamentuko kontseilariak, Purificación Pardo, Nafarroako Ahizpa Ospitalarien Zentroaren nagusiarekin, hitz egingo du, eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak, berriz, Miryam Zabalza Kongregazioko bi zentroetako zuzendariarekin iritziak trukatuko ditu.
camera_alt Santos Indurain, Osasun Departamentuko kontseilariak, Purificación Pardo, Nafarroako Ahizpa Ospitalarien Zentroaren nagusiarekin, hitz egingo du, eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak, berriz, Miryam Zabalza Kongregazioko bi zentroetako zuzendariarekin iritziak trukatuko ditu.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak kontzertu bat sinatu du Jesusen Bihotzeko Ahizpak Ospitale kongregazioarekin, Iruñeko Padre Menni Klinika Psikiatrikoan eta Elizondoko Benito Menni Ospital Zentroan buru eritasuna duten pertsonak artatzeko. Hitzarmen horrek 23 plaza gehitzea ekarriko du. Hortaz, guztira 246 plaza itundu dira, horietatik 138 Iruñean eta 108 Elizondon. Urteko kostua 7.1 milioi eurokoa da.

23 plaza berritatik 15 plaza mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitza-arretakoak dira (10 Iruñean eta 5 Elizondon), gaixotasun mentaleko edo psikogeriatriako plazetako pertsonentzat, arretan jada hainbesteko espezifikotasunik behar ez dutelako, jokabide-nahasmenduak arintzeagatik. Modalitate honekin, adinekoen plazetara igaro ahal izango dute egoitzaz aldatu beharrik gabe, horrela nahi izanez gero.

Halaber, egoitza-arretako beste 5 plaza izango dira Iruñean, nahasmendu mental organikoa duten pertsonentzat (plaza horiek orain arte ez ziren existitzen) eta ikuskatutako pisua Elizondon, desgaitasuna duten pertsonentzako hiru plazarekin; horrela, egoitzatik etxebizitza batera igaroko dira bizitza autonomoa egiteko.

Eskubide Sozialetako eta Osasuneko kontseilariak gaur goizean izan dira Ahizpa Ospitalariek Iruñeko Arrotxapea auzoan duten egoitzan, bertako arduradunekin biltzeko.

Maeztu kontseilariak honela adierazi du: “kontzertu honetan ratioak egokitzen dira zentro soziosanitarioen funtzionamendua arautzen duen dekretu berrira, eta pertsonengan oinarritutako arreta ezartzen jarraitzen da, honako hauek bezalako printzipioak oinarri hartuta: normalkuntza, desinstituzionalizatzea, parte-hartzea, arreta integrala eta pertsonalizatua, langileen etengabeko prestakuntza, irisgarritasun unibertsala, berdintasuna eta boluntariotzaren sustapena”.

Bestalde, Osasun Departamentuko kontseilari Santos Indurainek azaldu du “balioa ematen diola departamentu ezberdinetako baliabide pribatuen eta publikoen arteko itunari, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko azken helburuarekin. Lankidetza hau laguntza-prozesuen interkomunikaziorako, koordinaziorako, jarraipenerako eta ebaluaziorako adostutako prozeduretan oinarritzen da”. Era berean, zaintzak jarraitzeak eta pertsona bere testuinguru naturalean berreskuratzeak duten garrantzia nabarmendu du.

Azkenik, Purificacion Pardok, Ahizpa Ospitalarien Nafarroako Ama Nagusiak, gogoratu du kongregazioa 1904. urteaz geroztik dagoela gure artean osasun mentalaren arloan lan egiten administrazio publikoekin koordinatuta, gizarte osoarengana iritsi ahal izateko, bereizketarik egin gabe. “Asko estimatzen dugu kontzertu honen iraupena, berritzeko aukera eta guzti, gure lana epe luzerako ikuspegiarekin egiteko aukera ematen baitigu”. Halaber, adierazi du osasun mentalak erronka handia izaten jarraitzen duela gure gizartean.

Aldi berean, kongregazioaren bi egoitzetako zuzendari kudeatzailea den Miryam Zabalza ziur dago onurak ekarriko dituela kontzertua Eskubide Sozialetako eta Osasuneko Departamentuekin batera egiteak; izan ere, “balio erantsia ematen dio, pertsonen laguntza-beharrei modu integralean erantzuna ematen zaielako eta egoera oso konplexuak, klinikoak zein sozialak, artatzeko aukera ematen digulako”.

64.2 milioi euroko inbertsioa 9 urtetan

Nafarroako Gobernuak urteko 7,1 milioi euroko inbertsioa egingo du; guztira 64.196.005,29 euro bideratuko dira kontzertuaren 9 urteko iraupenerako. Finantzaketa Eskubide Sozialeko Departamentuak eta Osasun Departamentuak partekatuko dute, 52.610.020,56 euro eta 11.585.984,73 euro jarriko dituzte, hurrenez hurren. Kontzertu berria 2021eko ekainaren 1ean sartuko da indarrean.

Kontzertuan modalitate ezberdinak aurreikusten dira: egoitza-arreta, egoitzarekin lotutako etxebizitza, errehabilitazio psikosozialeko zentroa, egoitza-arreta nahasmendu mental organikoa duten pertsonentzat, ikuskatutako pisua desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat eta egoitza-arreta arreta psikogeriatrikoa behar duten adinekoentzat, itundutako baliabide hauekin. 

Aurreikusitako aurrekontutik, 22.506.822 euro jarriko dira adinekoentzat, guztira 29.444.817,6 euro gaixotasun mentalarentzat eta beste 658.380,96 euro desgaitasunarentzat. Osasun Departamentuak bere gain hartutako osasun-arreta 11.585.984,73 eurokoa izango da, eta “Programak, proiektuak eta koordinazioa ANADPekin” partidaren kontura egingo du (Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentzia, Eskubide Sozialen mendeko erakundea).

Ahizpa Ospitalarien Kongregazioak gaixotasun mentaleko pertsonak artatzen ditu pasa den mendearen hasieraz geroztik. Kontratuak ditu Osasun eta Eskubide Sozialetako Departamentuekin, nahasmendu mentaleko pertsonak artatzeko 1991az geroztik, eta azken kontratua 2013koa da, gehienez lau urtekoa, nahiz eta zerbitzua ematen jarraitu gaur egun arte. 

Eskubide Sozialetako Departamentuarentzat beharrezkoa da gaixotasun mental larriko pertsonak eta arreta psikogeriatrikoaren beharra duten pertsonak Ahizpa Ospitalarien Kongregazioak bere egoitzetan dituen baliabide ezberdinetan artatzen jarraitzea.