Descárgate la app
Kulturak gogorarazi du debekatuta dagoela metal-detektagailuak helburu arkeologikoetarako baimenik gabe erabiltzea
2021ko ekainaren 4a
Kulturak gogorarazi du debekatuta dagoela metal-detektagailuak helburu arkeologikoetarako baimenik gabe erabiltzea
Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak gogorarazi du Nafarroan debekatuta dagoela metal-detektagailuak helburu arkeologikoetarako erabiltzea. Kultura Departamentuak webgune bat sortu du horrelako tresnei buruzko kontsultak egiteko eta balizko aurkikuntza arkeologikoen berri emateko.
Ildo horretan, web gunean informazio-agiri bat agertzen da Foru Komunitatean metal-detektagailuak erabiltzeari buruko gomendioekin, eta web inprimakian kontsultak egin edo hondakin arkeologikoak aurkitu izana jakinarazi daiteke.
Gogorarazten da tresna horiek soilik esku hartzeko lizentziarekin erabil daitezkeela, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak emana, baina horretarako titulazio egokia eta jarduera-proiektua behar dira.
Modu horretan, helburu arkeologikoetarako detektagailuak baimenik gabe erabiltzea arau-hauste larria izango da, eta 150.000 eurora bitarteko zigorra izan dezake eta erabilitako tresnak konfiskatzeko aukera ere bai. Gainera, balio historikoa, artistikoa, zientifikoa, kulturala edo monumentala duten ondasunetan edota aztarnategi arkeologikoetan, lurrekoetan edo ur azpikoetan kalteak eragitea zigortuta dago Zigor Kodean, sei hilabetetik hiru urtera bitarteko espetxe-zigorrarekin edo hamabi hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isunarekin.
Baimendutako erabilerak eta kontsulta
Metal-detektagailuak kasu hauetan erabil daitezke legez: hoditeriak detektatzeko nekazaritza-erabilera, azpiegituren eraikuntza eta mantentze-lanak eta txatarra eta mineralak bilatzea, besteak beste.
Kasu horietan, Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalean aztertu nahi den zonari buruzko kontsulta-inprimakia eskatzea eta betetzea gomendatzen da (posta elektronikoa: arqueologia@navarra.es, edo Nafarroa Kulturaren web inprimakia erabilita, Ondare Historikoaren arloan).
Atal honetan adieraziko da detektagailua non ez den erabili behar, leku horietan material arkeologikoak egoteko aukera handia izateagatik. Dokumentu hori erabat informatzailea da; beraz, inola ere ez da baimen bat edota ez ditu erabiltzaileak salbuesten detektagailuak behar ez bezala erabiltzeagatik duten erantzukizunetik.
“Aztertzerakoan objektu arkeologikoak” nahi gabe aurkitzen badira, Ondare Historikotik gogorarazten dute “jarduera geratu eta Atalari aurkikuntzaren berri eman behar zaiola, posta elektronikoan objektuen irudiak gehituta, interes historikoa izateagatik zeintzuk entregatu behar diren teknikariek adierazi dezaten”.
Azkenik adierazi dute aztarna arkeologikoak metal-detektagailuen bidez aurkitzeak “ez duela ustekabeko aurkikuntzaren legezko izaerarik; ondorioz, ez da ematen legean aurreikusitako aurkikuntza bidezko saririk”.
Interes historikoko ondasunak
Material arkeologikotzat hartuko dira interes historikoa duten objektu higigarriak eta hondakin higiezinak; hau da, erreminta zaharrenetatik hasi (silex objektuak, zeramikak, e.a.) eta historia berrieneko piezetaraino (gerra-liskarretako jaurtigaiak, ekipamendu-tresna militarrak, Memoria Historikoarekin zerikusia duten objektuak, e.a.).
Nafarroako Foru Komunitatean 7.000 aztarnategi arkeologiko baino gehiago daude katalogatuta, Nafarroako Inbentario Arkeologikoan jasoak; beraz, kanpora irtetean ez da zaila horietako bat topatzea. “Aztarnategiak seinaleztatu gabe daude, eta legeak dio Inbentario horren ezagutza mugatua dela; hori dela-eta, ikerketarako eta babeserako datuak bakarrik ematen dira”, azaldu dute.
Detektagailuen erabileraren eta hondakin arkeologikoak izan daitezkeenen aurkikuntzaren berri emateko gomendioak eta inprimakiak eskura daitezke hemendik aurrera metal-detektagailuen erabileraren gomendioei buruzko Nafarroako Kulturaren web helbide honetan.