2021ko ekainaren 3a

Saharako haurrekin egindako Oporrak Bakean programaren diru-laguntza haurren elikadura hobetzeko erabiliko da aurten

Gobernuak 1997. urteaz geroztik lankidetza proiektu hori kudeatzen duen Saharako Lagunen Nafarroako Elkartearekin duen lankidetza-hitzarmena berritu du
Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusi Andrés 
Carbonero eta ANASeko ordezkariak hitzarmenaren sinaduran.
camera_alt Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusi Andrés Carbonero eta ANASeko ordezkariak hitzarmenaren sinaduran.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Saharako haurrek ezin izango dute uda aurten Nafarroan igaro, COVID-19a dela eta. Oporrak Bakean programa 1997. urteaz geroztik posible egiten du Saharako 130 adingabek uda  Foru Komunitatean igarotzea eta Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan haur horien  elikadura eta bizi-baldintzak hobetzen laguntzen du.

Helburu horrekin, Eskubide Sozialetako Departamentuak Saharako Lagunen Nafarroako Elkartearekin (ANAS) duen lankidetza-hitzarmena berritu du, eta 40.000 euro jarriko ditu programarako. Foru Exekutiboaren aldetik, dokumentua Babes Sozial eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusia den Andres Carbonerok sinatu du eta ANASen izenean Jose Ochoak. Elkarte horren bitartez, Tindouf-eko 1.000 haur baino gehiagok igaro dituzte udak Nafarroako familiekin, 1997az geroztik.

Egoera soziosanitario globala dela-eta, Saharako agintariek, haiekin lan egiten duen mugimendu solidarioarekin batera, ordezko proiektu bat proposatzea erabaki dute, uda honetan haurrek osasunean, elikaduran, botiketan, garraioan edo uretan izango duten prekarietateak ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Bigarren urtez jarraian ezingo da programa garatu, hasieran sortu zen kontzeptuarekin, pandemiaren ondorioz.

Oporrak Bakean 2021 programa alternatiboarekin jarraipena emango zaio Mendebaldeko Saharako Ilargierdi Gorriaren eta ANASen arteko lankidetzari, Nafarroako bidaia bertan behera utzi duten 130 adingaberi laguntzeko. Tindouf-eko kanpamenduetan 180.000 pertsona daude errefuxiatuta.

Nafarroak, egoera aztertu ondoren, laguntza haur horiek jasaten duten elikadura-defizitetarako erabiltzea erabaki du.

Laguntza eskuratuko duten adingabeak Mendebaldeko Saharako Ministerioak eta ANASek hautatuko ditu, etengabeko jarraipena egingo du, eta harremanetan egongo da aurreko urteetan adingabe horiek hartutako Nafarroako familiekin.

Produktuak in situ erosiko dira tokiko merkatuetan, oinarrizko saskiko elikagaiak jaso eta garraiatuz: lekaleak, esnekiak, udako frutak, arrautzak, haragi gorriak eta zuriak, oliba-olioa eta botilako ura.

Nafarroako elkartasuna

Lankidetza-proiektu hau Nafarroako Gobernuak eta Fronte Polisarioak 2016an sinatutako “Lankidetza Protokoloan” aurkitzen da. Protokolo horrek adierazten du Nafarroak elkartasuna duela saharar herriarekin, Aljeriako errefuxiatu-eremuetan eta Mendebaldeko Saharako lurraldeetan, Fronte Polisarioaren agintaritzapean. Bertan, Saharako kanpamenduetan eta lurraldeetan “Lankidetza-proiektuak” burutzeko konpromisoa jasotzen da honako 5 arlo hauetan: osasuna, elikadura-laguntza, hezkuntza, gazteen enplegua eta gaitasunak indartzea Mendebaldeko Saharako Administrazioan.

Nafarroako Foru Komunitateak, instituzioen eta gizarte zibilaren erakundeen bitartez, babesa ematen dio Mendebaldeko Saharako herriari 1992az geroztik, laguntza humanitarioaren bidez eta osasunean eta hezkuntzan batik bat garapen-proiektuak elkarrekin landuz. Laguntza hori erakutsi da baita ere hainbat bisita instituzionaletan.

Dakigun moduan, 1975az geroztik, Mendebaldeko Saharako biztanleriaren zati bat errefuxiatuta dago Tindouf-eko kanpamenduetan (Aljeria), eta zailtasun larriak jasaten ditu bai aurkitzen den zona geografikoaren baldintza fisiko zailak medio, bai batez ere bizirauteko ia kanpoko laguntza erabat behar duelako. Era berean, gainerako sahararren zati bat Mendebaldeko Saharako lurraldean bizi da, Fronte Polisarioaren kontrolpean, eta horrek ere zailtasun larriak ditu garapen ekonomiko eta sozialerako.