Descárgate la app
Neurri berriak pandemiak ostalaritzaren, jokoaren eta kirol-federazioen sektoreetan izan duen eragina murriz ditzaten
2021ko ekainaren 2a
Neurri berriak onetsi dira pandemiak ostalaritzaren, jokoaren eta kirol-federazioen sektoreetan izan duen eragina murriz ditzaten
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, foru lege dekretu bat onetsi du ostalaritza, kirol federazio eta joko arloko neurriekin. Horien bidez, koronabirusaren osasun-krisiak sektore horietan eragin duen inpaktua murriztu nahi dute.
Foru Lege Dekretu hau onartuta, Parlamentura igorriko dute, baliozkotu dezan. Horrela, Nafarroako Gobernuak ekimenak egiten jarraitzen du COVID-19 pandemia gerarazteko hartutako neurri murriztaileek kaltetutako zenbait jarduera ekonomikok duten egoera zaila arintzearren.
Neurri berrien onuradunen artean aurkitzen dira, besteak beste, turismoa eta ostalaritza, gaueko aisialdia, aurreko jarduerekin lotutako handizkako merkataritza eta biltzarrak eta batzarrak antolatzeko zerbitzua; horientzat aparteko laguntza deialdia onartu zuen Nafarroako Gobernuak pasa den martxoan. Foru Lege Dekretu horren arabera, deialdi hartan emandako laguntzak salbuetsita egongo dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik eta Sozietateen gaineko Zergatik.
Gainera, Exekutiboak onartutako Foru Lege Dekretuan jasotzen den beste ekimen bat, hori ere zerga-arlokoa, jokoaren sektorearen ingurukoa da, bingo eta joko-aretoei dagokienean, itxita eta jarduera etenda egon baitira, edo taberna eta jatetxeen barrualdean egoten diren “B motako” makinei edo jolas-makina saridunei dagokienean, horiek ere bezeroek ezin izan baitituzte erabili barrualdean zerbitzua eman ezin zenean edo mugatuta zegoenean.
Sektorean murrizketen efektua murrizteko helburuarekin, ‘B motako” makinak edo sariak ematen dituzten jolas-makinak ustiatzeagatik ordaintzen den jokoaren gaineko zergaren kuota %50 murriztuko da aurtengo bigarren, hirugarren eta laugarren hiruhilekoan.
Azkenik, Foru Lege Dekretuan, halaber, kontuan hartu da pandemia Nafarroako kirol- federazio ezberdinek aurreikusitako kirol-proiektuen garapenean izaten ari den eragina, programaturiko jarduera asko ezin izan baitira egin edo laburragoak izan dira, onartutako murrizketen ondorioz. Egoera hori medio, diru-sarrerak asko murriztu dira Nafarroako kirol-federazioen kasuan, eta horrek haien funtzionamendua eta helburuak kaltetzen amaitu dezake.
Iaz, Kultura eta Kirol Departamentuak diru-laguntzen deialdi bat onartu zuen Nafarroako kirol-federazioentzat, haien ohiko funtzionamendua sustatzeko, Nafarroa mailako lehiaketa ofizialak egitea eta estatuko lehiaketetan parte hartzea errazteko eta Foru Komunitatean kirol-jarduera federatua hedatzen saiatzeko asmoarekin.
Pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketengatik emandako diru-laguntzen zati bat jaso ezinak kalte ekonomiko nabaria eragingo luke, federazio horien bideragarritasuna arriskuan jartzearekin batera.
Beraz, diru-laguntzen deialdiak kirol-federazioei laguntzeko helburua bete ahal izateko, beharrezkoa da oinarri arautzaileak aldatzeko aukera ezartzea, emandako zenbatekoak aldatu gabe, federazioek zenbateko horiek oso-osorik jaso ahal izatea bermatzearren.