2021ko ekainaren 1a

Kultur 2021 programak Nafarroako 38 toki zeharkatuko ditu 26. edizioan

Ekainaren 18tik irailaren 4ra bitartean izango da musika eta eszena egitaraua, eta pintura digitalaren erakusketa izango da Bertizen
Esnaola eta Indurain kontseilariak FNMCko lehendakari Juan Carlos 
Castillorekin, eta tokiko erakundeen eta konpainien ordezkariak.
Esnaola eta Indurain kontseilariak FNMCko lehendakari Juan Carlos Castillorekin, eta tokiko erakundeen eta konpainien ordezkariak.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Kultur programaren 26. edizioa ekainaren 18tik irailaren 4ra bitartean egingo da Nafarroako 38 herri eta kokagunetan. Gainera, eskaintza kulturala, musika eta arte eszenikoak eta turistikoa izango dira eta 28 ikuskizun Nafarroako talde eta artistek egingo dituzte.

Hauek dira programaren helburuak: kalitatezko eta aniztasuneko eskaintza artistikoa sustatzea eta hedatzea Nafarroako lurralde osoan zehar; toki-erakundeekin elkarlana egitea artea eta kultura hedatzeko; sektore artistikoaren ezagutza bultzatzea; eta ondare historikoa, artistikoa eta naturala behar bezala baloratzea, musika, dantza eta arte plastikoen arloko jardueren programazioaren bitartez.

Programazioaren barnean, ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan proposamen kulturalak egingo dira eta, horiekin batera, arlo turistikoko jarduerak zonan bertan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan. Foru Komunitateko bideetan barrenako bidaia kulturalean, Donejakue Bideko ibilbideak sartzen dira, Xacobeo 2021-22ren esparruan.

Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaolak eman du ezagutzera Kultur 2021eko programazioa, eta harekin batera izan dira Osasun kontseilari Santos Indurain eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Juan Carlos Castillo.

Baltsamorik onena kultura arnastea

Esnaola kontseilariarentzat, “kultura arnastea izan daiteke gizartearentzat dagoen baltsamorik onena, guztiontzako hilabete zailak pilatzen ari diren une honetan. Ikuskizunez gozatzea, proposamenen kalitatea estimatzea eta gure ondare kultural eta historikoa apur bat gehiago ezagutzea uda aprobetxatzeko modu egokia da”.

“Kultur lurraldera gehien itsatsitako programa da, Kulturako Zuzendaritza Nagusiarena, eta Nafarroa zeharkatzen du arte eszenikoen eta musikalen proposamen zabalarekin. Hitzordu horri esker, gure lurraldeak berezkoa duen aniztasunaz goza dezakegu, espazio zein egoitzez nahiz ekimen kulturalez”, gehitu du.

“Denbora honetan guztian ahalegin erresiliente eta eskuzabal izugarria erakutsi duen sektorerik badago, hori ekoizpen-ehun kulturala izan da”, adierazi du Indurain kontseilariak. Halaber, honela esan du: “denboraldi honetan, osasunaren interes orokorra aurrean jartzeko konpromisoa erakutsi dute, egoera bakoitzera egokituaz, nahiz eta epe laburrean haien interes zehatzagoen aurka ere egin”.

Osasun kontseilariak ondorengoa azaldu du: “etorkizunean inbertitu dugu, eta ziur nago aurtengo uda inoiz baino kulturalagoa izango dela eta Nafarroako geografia osoak ekitaldi seguruak ereingo dituela”. Indurainek adierazi du “osasunean inbertitzea apustu ekonomiko onena dela eta ez dagoela ekonomiarik eszenatoki seguru eta osasungarririk gabe. Kulturaren munduan, berriz, biak gurutzatzen dira”.

Bestalde, NUKFeko lehendakari Juan Carlos Castillok “kulturak herrien bizitasunerako duen balioa” nabarmendu du, eta “uda honetan tokiko erakundeen kultur eskaintza indartzeko beharra” defendatu du, biztanleentzako aisialdirako alternatiba gisa eta horiek sektorea suspertzen laguntzeko, pandemiaren murrizketen ondorioz oso kaltetua izan baita sektorea, eta baita Nafarroako sektore horretako profesionalak suspertzeko ere”.

Hori guztia egiteko, “ahalik eta zorrotzen bete behar dira ezarritako edo etorkizunean ezartzen eta egokitzen joango diren segurtasun eta osasun mailako protokoloak”. Azkenik, Federazioko lehendakariak programaren bi alderdi azpimarratu ditu: kultura eta tokiko eskaintza turistikoa indartzea.

26. edizioa

Kultur 2021 ekainaren 18an jarriko da abian Beran, Hogei Berriroren kontzertuarekin, eta irailaren 4an (igandea) amaituko da Tuteran, Pamplona Jazz Band-en emanaldiarekin, eta Artaxoan, “La niña hilo”-ren emanaldiarekin.

Ikuskizun ezberdinak herri hauetan egingo dira: Bera, Tafalla, Olazti, Lizarra, Cortes, Martzilla, Gares, Elizondo, Valtierra, Uxue, Jaitz, Mendigorria, Lekunberri, Otsagabia, Viana, Altsasu, Orreaga, Zugarramurdi, Iratxeta, Izaba, Lesaka, Orbaitzeta, Los Arcos, Erronkari, Ribaforada, Leireko Monasterioa, Corella, Donamaria, Zangoza, Orgi (Lizaso), Lodosa, Azagra, Zubiri, Agoitz, Tutera, Artaxoa eta Bertizko Jaurerriko Lorategi Botanikoa.

Edizio honetan, sormen digitaleko arte plastikoak txertatuko dira. Lorategi Botanikoan eta Bertizko erakusketa-aretoan, Gua-Mia-Bu artistaren “Azken eguzkilorea” izango da ikusgai uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean. Toki, mito eta kondaira ederren ondare eta natur balioak proiektatzen dituen pintura digitaleko lan bat sortzeko prozesua erakutsiko du instalazioak, eta hori sortzen denetik hasita. Egileak Kultur programarako asmatutako erakusketa proiektu globaletik sortu da, eta Innova Kulturalaren laguntza eta finantzaketa ditu.

2020ko edizioan, Kultur-ek zabaldutako proposamenekin, 4.300 pertsona baino gehiago biltzea lortu zuen modu seguru eta arduratsuan, musikaren eta arte eszenikoen inguruan. Edizioa parte hartutako herriek eskainitako eszenatokiei esker egin ahal izan zen, pandemiak markatutako testuinguruan artistak eta publikoa biltzea erraztu baitzuten.