2021ko ekainaren 1a

Gobernuak 375.000 euroko laguntzak bideratuko ditu Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitatea sustatzen duten kudeaketa-erakundeentzako

Erakunde arautzaileek ekainaren 29ra arte aurkez ditzakete eskabidea

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bidez, 375.000 euro inbertituko ditu Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitatea kontrolatzen eta ziurtatzen duten erakundeei diru-laguntzak emateko, hala nola jatorri-deiturak eta adierazpen geografiko babestuak.

Deialdia dagoeneko argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.  Bertan, minimis erregimenari atxikitako diru-laguntzak proposatzen dira; hau da, Europako Batzordeari jakinarazi behar ez zaizkion laguntza publikoak, hiru urtean 200.000 eurotik azpikoak izateagatik. Erakunde interesatuek beren eskaerak egin behar dituzte Nafarroako Gobernuak Interneten izapideak egiteko duen fitxa honen bitartez; epea ekainaren 29an amaitzen da.

Laguntza Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuak lehen sektoreko, nekazaritza eta industriako sektoreko eta elikagaien azpisektoreko kalitatezko ekoizpenak bultzatzeko eta indartzeko ildoetan sartzen da. Horren guztiaren helburua da Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari beharrezko potentziala ematea, ekoizpen-gaitasunari eusteko eta hori garatzeko, lanpostuak finkatzeko eta sortzeko eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGaren eraketan ekarpenak egiteko.

Laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Nafarroako Jatorri-deitura Babestuak (JDB) eta Adierazpen Geografiko Babestuak (AGB) kudeatzen dituzten erakundeek, baldin eta beren kabuz egiten badituzte baldintza-pleguak betetzeari buruzko kontrol eta ziurtapen jarduerak (kontrol baimenduko erakundeak) edo jarduera horiek kontratatzen badizkiete kanpoko kontrol-erakunde baimenduei. Soilik laguntzak eskuratu ahal izango dituzte urteko aurrekontua 2,5 milioi eurotik beherakoa duten kudeaketa-erakundeek.

Diruz laguntzeko gastuak izango dira baldintza-pleguak arau komunitarioen arabera betetzen direla egiaztatzeko 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte kudeaketa-erakundeek zerbitzu profesionalak kontratatzeko egindako kontratazioak.

Kudeaketa-erakunde bakoitzari aplika dakiokeen laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko bat aplikatuko da gastu hautagarriaren gainean, eta hori fakturen bidez justifikatuta egongo da: %50 ardo eta patxaranaren ekoizpenak kudeatzen dituzten erakundeentzat, %45 Nafarroako Txekorren eta Arkumeen AGBen kudeaketa-erakundeentzat, Erronkariko Gaztaren eta Idiazabalgo Gaztaren JDBen erakunde kudeatzaileentzat; %25 Nafarroako Olioaren JDBen erakunde kudeatzaileentzat; eta %35 gainerako kudeaketa-erakundeentzat.

Onuradun bakoitzak gehienez 66.000 euroko laguntza jaso ahal izango du. Beste Autonomia Erkidego batzuetan ezarritako kalitatezko figuren kasuan, gastu hautemangarria murriztu egingo da egiaztatutako produktuak Nafarroan duen proportzioan (pisuan edo bolumenean), kalitate-figuraren kopuru osoarekiko, deialdia argitaratzeko unean amaitutako azken kanpainan.

Enpresa bakar bati emandako laguntzaren zenbateko osoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan. Diru-laguntza, hala badagokio, ordainketa aurreratuaren eta ondorengo saldoaren bidez ordaindu ahal izango da edo azken ordainketa bakarraren bidez, garatutako jarduerei dagozkien gastuak justifikatzeko dokumentazioa nahiz horretarako eska daitekeen gainerako dokumentazioa aurrez aurkeztuta.