2021ko maiatzaren 28a

Sakabanatutako eraikinak seinaleztatzeko udalei diru-laguntzak emateko deialdi bat argitaratu da

Eraikin horien kokapena erraztea du helburu, bereziki larrialdi-zerbitzuen aldetik

Nafarroako Aldizkari Ofizialak ostegun honetan Barne Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzen deialdia argitaratu du, 2021ean eraikin sakabanatuak lokalizatzeko eta seinaleztatzeko jarduketak eginen dituzten udalentzat. Prozeduraren helburua da biztanleguneetan ez dauden eraikinetarako kokapena eta sarbidea erraztea, bereziki larrialdietako baliabideen jarduketa arintzeko.

Deialdia 40.000 eurokoa da, eta udalek ekainaren 16ra arte eska ditzakete diru-laguntzak, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoko fitxa honetako estekaren bidez.

Dirulaguntzen prozedurak Helpbidea web-aplikazioaren hedapenarekin laguntzen du. Aplikazio hori SITNA APIan oinarritutako web bisore geografiko bat da, eta aukera ematen du Nafarroako posta-helbide bat aurkitzeko, landa-eraikin bakoitzaren identifikatzaile unibokoarekin, geolokalizatua izateko. Horrek eragotzi egiten du larrialdietako taldeek jarduteko atzerapenak izatea, baserrien kokapenean edo bertara joatean izandako akatsengatik.

Diruz lagungarri diren identifikazio plaken kopuruak ezin izanen du gainditu kasuko udalak Nafarroako Gobernuaren Helbideen Kudeatzailean sartuta dituen eraikin sakabanatuen kopurua.

Dirulaguntzaren xede diren jarduerak sakabanatu bakoitzaren identifikazio-plakak egiteko dira, gutxienez "helpbidea-112" logotipoa dutenak.

Diruz lagundu daitekeen beste udal-kudeaketa bat Metrobaserriaren diseinua da. Mapa topologiko bat da, zeinak metroko planoen itxura erabiliz ahalbidetzen baitu azkar eta aise aurkitzea udal baten eraikin sakabanatuak, baita horietara iristea ere. Gutxienez ere adieraziko ditu ibilbidea eta gune sakabanatu bakoitzaren helpbideako identifikadorea.

Bidegurutzeetan seinaleak jartzea, multzokatzaileetarako eta/edo eraikin sakabanatuetarako norabidea agertzeko laguntzak emango dira ere. Eraikin sakabanatuak lokalizatzeko seinaleen kasuan, gutxienez eraikin sakabanatuaren izena(k) eta helpbidea identifikatzailea agertu beharko dituzte.

 "Helpbidea" kodeak Nafarroako Gobernuko Lurralde Informazio Sistemen Atalari eskatuko zaizkio, helbide elektroniko honetara mezu bat bidaliz: sitna@navarra.es. Eta "helpbidea 112" logotipoa esteka honetan dago eskuragarri.