Descárgate la app
Landa Garapenak ‘Nafarroa Gatz’ kanpaina abian jarri du tokiko produktuaren kontsumoa bultzatzeko
2021ko maiatzaren 28a
Landa Garapenak ‘Nafarroa Gatz’ kanpaina abian jarri du tokiko produktuaren kontsumoa bultzatzeko
Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentua, INTIA sozietate publikoaren bitartez, “Sal con Navarra–Nafarroa Gatz” kanpaina abian jarri du tokiko eta kalitatezko produktua sustatzeko eta bultzatzeko, eta, horrela, haren kontsumoa indartzeko. Ekimenaren barnean, beste zenbait ekintzaren artean, ‘food truck’ bat igaroko da hainbat herritatik barrena, kalitatezko markak nabarmendu eta sustatzearren, eta produktu ezberdinak ezagutzeko erakusleiho digital bat sortu da, datorren astean aktibatuko dena. Zehazki, kanpainak jatorri deitura ezberdinen eta ‘Reyno Gourmet’-en babespean aurkitzen diren produktuak indartuko ditu.
Itziar Gomez kontseilariak aurkeztu du ekimena gaur goizean, eta nabarmendu du “tokiko produktuak kontsumitzea iraunkorra dela gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik”, “gure nekazariak eta abeltzainak ez ezik, Nafarroako ekonomia, gure osasuna eta gure planetarena ere babesten baitira, elikagaiak garraiatzearen ondorioz sortutako negutegi-efektuko tonaka gas isuriak saihesten dira-eta”.
Kalean, moneta zaharrak banatuko dira gatzarekin. Hain zuzen ere, gastronomian oinarrizkoa den osagai batean oinarritzen da kanpaina, gatzean; izendapen guztietarako elementu komuna da, edozein produkturekin erabil daiteke, eta alaitasunaren sinonimoa ere bada. Eta gatza, Nafarroan jatorria duen gatza bezala, jatorrizko gatz ekologikoa, produktu guztiekin erabiltzen dena, ardoa barne.
Kanpainarako, Mikel Urmenetak kalitatezko irudientzat pertsonaiak ilustratu ditu, eta erakusleiho digital baten bidez, ‘Reyno Gourmet’-eko marka ezberdinen erakusmahai birtualak ezagutu ahal izango dira; halaber, liburuxka bat bidaliko da etxe gehienetara tokiko produktuak aukeratzeak duen garrantzia transmititzeko.
Erakusleiho horretan, bisita birtual eta interaktibo bat egin daiteke, kalitatezko marka ezberdinen erakusmahaiak ezagutzeko. Stand interaktiboetan, kanpainarekin bat egindako ekoizleen bideoak, argazkiak, deskribapena eta haiei buruzko informazioa bezalako eduki ezberdinak jasotzen dira. Era berean, plataforma horrek Nafarroako ekitaldi gastronomikoen agenda erakusteko balioko du.
Azkenik, nabarmendu behar da kanpaina ‘Navarra Green-Nafarroa Green’ Trantsizio Ekologikorako Estrategian jasotako planteamenduekin bat datorren proposamen bateko parte dela, Europar Batasuneko “baserritik mahaira” estrategiarekin bat datorrena. “Sal con Navarra-Nafarroa Gatz” ekimenak ‘Navarra Green’-en proposaturiko esku-hartze eremu nagusietako bat jasotzen du; hala nola, landa-ingurunearen jarduera suspertzea, nekazaritzako elikagaien kate propioa indartzea, kilometro 0 estrategiak eta tokiko produktuen sustapena.