2021ko maiatzaren 26a

Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen aurreproiektua aurkeztu dio Gobernuak Nafarroako Kontseiluari, nahitaezko irizpena eman dezan

Testuak klima-aldaketari aurre egiteko araudi-esparrua eta esparru instituzionala eta instrumentala ematen du, Nafarroan energia-eredu baterako trantsizioa antolatzearekin batera
Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran hartutako akordioaren bidez, kontuan hartu du Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen aurreproiektua, eta Nafarroako Kontseiluan  aurkeztu du, nahitaezko irizpena eman dezan.

Behin Nafarroako Kontseiluak derrigorrezko irizpen hori emanda, Gobernuak dagozkion oharrak jasoko ditu, ondoren, foru-legearen aurreproiektua onartzeko  beste saio batean, Parlamentura lege-proiektu bezala bidali aurretik.

Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Nafarroako Foru Legeak legez eratuko du Gobernuaren ekintza aldaketa klimatikoaren eta karbono  gutxiko ekonomia baterako trantsizio energetikoaren inguruan. Horrela, esparru arauemaile, instituzional eta instrumental egonkorra emango du, Nafarroako gizartea oro har konpromisoan jarriko duena.

Helburu horien ardatzen barnean, arintzeko politikak eta ekintzak aurkitzen dira, batetik, negutegi-efektuko gasen emisioan murrizte aldera, eta egokitze-politikak, bestetik, klima-aldaketak ingurumenarentzat eta pertsonentzat sortzen dituen arriskuak murriztearren. Hori guztia nazioartean, Europan, estatuan eta autonomia-mailan ezartzen ari diren lege, arau, plan eta estrategiekin bat dator, eta larrialdi klimatikoaren egoerari erantzuten die, gizateria, biodibertsitatea eta ingurumena mehatxatzen baititu, eta planeta bide iraunkorrago eta inklusiboago batera bideratzeko beharrari ere.

Nafarroak jada plangintza-instrumentuak baditu klima-aldaketaren aurkako borrokaren eremuan (KLINA ibilbide-orria) eta trantsizio energetikoan (2030erako Nafarroako Energia Plana). Etorkizuneko Foru Legearen helburua da plangintza horretan ezarritako konpromisoak lortzea; hau da, CO2ren eta negutegi-efektuko gainerako gasen emisio garbien maila murriztea, gutxienez %45 2030. urteari begira eta %80 2050. urterako, 2005. urtearekin alderatuta.  Gainera, Foru Komunitatean kontsumitutako energiaren %50 berriztagarria izatea nahi da 2050ean (2018an %23,2tik abiatuta).

Klima-aldaketara egokitzeari dagokionean, arauan Nafarroa lurralde iraunkorra eta erresilientea izatea nahi da eta, horrela, klima-aldaketaren efektu negatiboak murrizten laguntzea.

Era berean, 2030erako Nafarroako Energia Planarekin bat etorriz, etorkizuneko legearen helburua da trantsizioa eredu energetiko berri batera bideratzea, karbono gutxiko ekonomia zirkularrean oinarrituta, energia fosilen ordez berriztagarriak pixkanaka jarriaz, fosilek negutegi-efektuko gasen emisioak sortzen baitituzte.

Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilari den Itziar Gomezek Gobernuaren bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan azpimarratu du Foru Legearen aurreproiektu hau “asmo handikoa dela eta bizi dugun larrialdi klimatikoaren araberakoa”. Gomezek azaldu du “Nafarroako Gobernuak Foru Legearen aurreproiektu hau proposatu duela Nafarroako ibilbide-orrietan (Klina eta Energia Plana) jasotako arintze-helburuak eta klima-aldaketara egokitzekoak lortu ahal izateko”. Beraz, “lege-aurreproiektua da, helburuak paper errean gera ez daitezen, eta horiek lortzeko modua erregulatzen du”, gaineratu du.

Neurri zehatzak

Foru Legearen aurreproiektuan neurri zehatzak jasotzen dira, klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko, eta Nafarroako gizarte osoa konpromisoan jartzen dute, bai pertsonak, bai erakunde publiko eta pribatuak.

Garrantzi ezberdineko neurriak dira, eta arlo ezberdinak hartzen dituzte; hala nola, eraikinak, argiteria publikoa, mugikortasuna, energia berriztagarriak, ingurune naturala eta biodibertsitatea, hiri-ingurunea, edo baita pertsona zaurgarriak ere.

Zenbait adibide aipatzearren, bizitegi-erabileran eta hirugarren sektorean, legearen aurreproiektuan ondorengoak jasotzen dira:

-Debekatuta egongo da hirugarren sektoreko lokaletara sartzeko ateak etengabe irekita edukitzea, baldin eta girotze artifiziala badute.

-Espazio irekien girotzea soilik egin ahal izango da jardueraren kontsumo energetiko osoa autokontsumoaren bidez edo energia berriztagarri ziurtagiria kontratatuta egiten bada.

-2025eko urtarrilaren 1a baino lehen, Nafarroako bizitegi-erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikin guztiek kalifikazio energetikoaren ziurtagiria izan beharko dute, Nafarroako Ziurtagirien Erregistro publikoan erregistratua. Horretarako, eskumeneko Departamentuak laguntza-lerro bat jarriko du, ziurtagiriak 2022an, 2023an eta 2024an egiteko.

-Nafarroako Gobernuak bitartekoak jarriko ditu 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera Nafarroako etxebizitza kolektiboko eraikinek “C” motako kalifikazio energetikoa edo handiagoa izan dezaten.

-Era berean, 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen, Nafarroako Etxebizitzak Birgaitzeko Plana onartuko du Foru Gobernuak.

-Argiztapen apaingarri, publizitario eta komertzialak itzalita egon beharko du jarduera gutxitzen den gaueko denboraldian.

Mugikortasunaren eremuan:

-5.000 biztanletik gorako udalerriek, banaka edo ondoko udalerriekin batera, mugikortasun plan iraunkorrak onartuko dituzte.  

-Taxien kasuan, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera 20.000 biztanletik gorako udalerrietan edo Baterako Prestazioko Lurralde-eremuetan (BPLE) dagozkien lizentziei atxikitako ibilgailuek zero emisio edo ECO gisa katalogatuta egon beharko dute, eurotaxi ibilgailuak izan ezik.

-Foru-legea indarrean sartu eta urtebeteko epean, Nafarroako sektore publikoko erakundeek erositako edo erakunde horiekin sinatutako kontratu publikoetan aplikatutako ibilgailu arin guztiek (M1, M2, N1 eta N2) zero emisiokoak edo karbono-isuri neutrokoak izan beharko dute, betiere eskakizun teknikoak edo erabilerakoak dagoen teknologiarekin bete badaitezke.

-Eraikuntza berriko eraikin publikoek, aparkalekua badute, ibilgailu elektrikoak birkargatzeko puntuak edo bizikletak edo antzekoak erabiltzea edo aparkatzea errazten duten espazioak izan beharko dituzte.

-1.000 biztanletik gorako tokiko erakunde guztiek, bi urteko epean, gutxienez 7,4kW-ko birkarga puntua izan beharko dute, mila biztanleko erabilera publiko orokorrekoa, ziklomotorrak, bizikleta elektrikoak eta mugikortasun pertsonaleko bestelako ibilgailuak birkargatu ahal izateko.

Eta beste eremu batzuen artean, hauek dira nabarmentzeko moduko zenbait neurri:          

-2025etik aurrera, Foru Komunitateko administrazioak, toki-erakundeek eta haien erakunde publikoek kontsumitutako energia elektrikoaren %50 erabat (%100) jatorri berriztagarriko bezala ziurtatu beharko da (A sailkapena) eta 2030etik aurrera kontsumitutako energia elektriko guztiak %100 berriztagarria (A sailkapena) izan beharko du.

-Nafarroako Gobernuak eta haren mendeko erakundeek 2024ko ekainaren 30a baino lehen karbono-aztarna ebaluatu beharko dute beren jardueraren esparruan, gutxienez 1 eta 2 irismenekin.

-Elektrizitatea, edateko ura eta gasa banatzen eta merkaturatzen duten enpresek ezingo dizkie hornidurak eten egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonei, erregelamendu bidez ezarritako terminoetan.

Hirurogei artikulu eta bost titulu

Esparru juridiko berria definitzeko, foru-legearen aurreproiektuak hirurogei artikulu ditu bost titulutan egituratuta, eta hamaika xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken bi xedapen.

“Xedapen orokorrak” izeneko I. tituluan, Foru Legearen xedea, helburuak eta Nafarroako klimaren eta trantsizio energetikoaren ekintza gidatu behar duten printzipio gidariak jasotzen dira. Gobernantza-sistema bat garatzen da, Foru-legearen eta haren printzipioen aplikazioan eta segimenduan estamentu publiko eta pribatu guztien lankidetza bermatuko duena. Klima-aldaketaren zeharkako izaera dela-eta, honako arlo hauek era batera edo bestera ukituko dira: nekazaritza, abeltzaintza, baliabide hibridoak, energia, etxebizitza, hirigintza, mugikortasuna, osasuna, turismoa, industria-sektoreak, azpiegiturak, basoen kudeaketa edo babes zibila.

Plangintza, ezarpen eta ebaluazio tresnak definitzen dira, eta honako hauek nabarmentzen dira: aldaketa klimatikoaren eta energiaren arloko plangintza estrategikoa, loturiko politika sektorialekin koordinatuta; Nafarroako Klima Aldaketaren Bulegoa (NKAB) sortzea, edota Klima Funtsa, planak eta ekimenak eta karbono-aurrekontuak batera finantzatzeko tresna gisa.

Lehen tituluan azpimarratzen da, halaber, ingurumen-hezkuntzak eta ikerketaren eta berrikuntzaren sustapenak duten garrantzia; izan ere, beharrezkoa izango da ezagutza eta ikerketa-lana transferitzeko ahalegina egitea, ezagutza klimatikoa eta sistemen aurreko erantzunak sakontzearren.

“Klima-aldaketaren arintzea eta eredu energetiko berria” izeneko II. Titulua funtsezkoa da negutegi-efektuko gas-isuriak murrizteko helburuak lortzeko. Energia berriztagarriak bultzatzeko neurriak ezartzen dira, honako hauek identifikatuta: foru-intereseko inbertsioak, banatzaile energetikoen betebeharrak, energia eolikoaren jarduera-esparrua, sorkuntza elektrikoaren deskarbonizazioa, energia berriztagarrien eta energia-eraginkortasunaren erabilera eraikuntzan eta kanpoko argiztapenean. Ondoren, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko neurriekin jarraitzen du; hala nola, mugikortasun iraunkorreko planak, enpresen eta erakundeen lanerako garraio-planak edo mugikortasun elektrikoa eta zero emisioen sustapena. Eta lehen sektorean, hondakinetan eta gainerako sektoreetan arintzeko helburu zehatzak deskribatzen ditu.

Era berean, II. tituluan, arintzeko instrumentuak identifikatzen dira, tartean karbono-aztarna kalkulatzea eta karbono-aztarna hori murrizteko planak egitea.

“Klima-aldaketara egokitzea” izeneko III. tituluan, klima-aldaketarako egokitzapena jarduera-eremu guztietan zeharka sartzeko neurriak eta irizpideak ezartzen dira, bereziki Nafarroako Gobernuaren plan sektorialetan. Egokitzeko jardueren helburua izango da klima-aldaketak Nafarroako natura-, landa- eta hiri-inguruneetan izango dituen ondorioei lotutako arriskuak minimizatzea eta arrisku horien ondorioz honako hauetan izan daitezkeen kalteak ere: pertsonen osasuna, biodibertsitatea, baso-sistemak, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpena, azpiegiturak eta jarduera ekonomikoa oro har.

Etorkizuneko Foru Legean eta haren erregelamendu-garapenean, halaber, pobrezia energetikoari aurre egin nahi zaio eta egoera ekonomiko ahulenean aurkitzen diren biztanle-sektoreentzat konpentsatzeko mekanismoak ezartzea bermatu nahi da.

“Administrazio iraunkorra” deituriko IV. tituluan, jarraibideak eta betebeharrak ezartzen dira administrazio publikoen ekintzarako. Horrek, gainera, eredugarria izan behar du, eraikuntza, mugikortasun, erosketa publiko, energia-eraginkortasun eta energia berriztagarrien arloko konpromisoekin, Nafarroako gizarteak klima zaintzeko trakzio-efektua izan dezan.

Azken tituluan, “Ikuskapena, segimendua eta zehapen-erregimena” izenekoan, foru-lege hau eta bere printzipioak behar bezala aplikatzea bermatzeko neurriak arautzen dira. Xedapenetan xedapen gehigarriak jasotzen dira foru-lege honen garapenaren ebaluazioari, toki-erakundeen eta herritarren eskura dauden baliabideei eta zentral termikoen erregulazioari dagokienez; bestalde, foru-lege hau modu eraginkorrean aplikatzea eragozten duten araudien xedapen indargabetzaile bat agertzen da; eta azken xedapenak, indarrean dagoen foru-legediaren aldaketekin, eta foru-lege honetan aurreikusitako atalaseen erregelamendu bidezko garapena eta aldaketa baimenduaz.

Aurreproiektua idazteko, uneoro kontuan izan da genero-ikuspegia, eta aintzat hartu dira emakumeen eta gizonen lan-testuingurua eta testuinguru sozioekonomikoak, kontsumo-ezaugarriak eta ereduak edota jarduera.