2021ko maiatzaren 21a

Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteentzako EBko mugikortasun-programei buruzko dibulgazio-tailerrak eskainiko ditu

Erakundeak bat egin du “Un árbol por Europa” kanpainarekin, Gazteen Europako Astearen baitan
Carlos Amatriain Gazteriaren zuzendari kudeatzailea, Europa Taldeko bi 
boluntariorekin, Altsasun.
Carlos Amatriain Gazteriaren zuzendari kudeatzailea, Europa Taldeko bi boluntariorekin, Altsasun.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (INJ) Erasmus+ eta Europako Elkartasun Kidegoa programei buruzko zortzi informazio-tailer eskainiko ditu, gizarte- eta gazte- erakundeei, zein gazteei zuzenduta. Maiatzaren 24tik 30era bitartean egingo den 2021eko Gazteen Europako Astearen baitan prestatutako  egitaraua  Gazteriraren webgunean dago ikusgai, interesa duten pertsonek izena eman dezaten.

Sei tailer online formatuan eskainiko dira, eta bi presentzialak izango dira. Tailerren helburua da 2021-2027 denboraldirako aurreikusitako Erasmus+ eta CES (Europako Elkartasun Kidegoa) programetako berrikuntzen berri ematea. Nafarroako gazteriari bideratutako saioen asmoa da Nafarroako gazteentzat EBn dauden boluntariotza-aukerak erakustea, eta, aldi berean, Foru Komunitatean atzerriko pertsonekin egun burutzen diren tokiko proiektu solidarioak ezagutzera ematea.

Erakunde sozial, gazteen elkarte eta Udalei zuzendutako saioetan, beharrezko erremintak gerturatu nahi zaizkie Europako programa berrien esparruan egiaztatzeko, erakunde horiek etorkizunean Europako boluntarioak jasotzeko aukera izan dezaten.

Europar Batasunaren finantzaketa

Nafarroako Gazteria Institutuak Europar Batasunaren finantzaketa duten programa ezberdinak kudeatzen ditu, gazteen parte-hartzea, mugikortasuna eta prestakuntza errazteko. Erasmus+ horietako programa bat da, eta, horren bitartez, Nafarroako sei elkartek 85.976 euro jaso zituzten 2020an, gazteak trukatzeko proiektuak abian jartzeko. Proiektuek gazteen parte-hartze aktiboa eskatzen dute, eta errealitate sozial eta kultural desberdinak daudela deskubritzeko eta kontzientziatzeko eran diseinatuta daude.

Bigarren programa Europako Elkartasun Kidegoa (CES) da. 2020an, EBk 268.788 euroko finantzaketa eman zuen Nafarroako 11 erakunderentzat. Finantzaketari esker, elkarteek gazteen boluntariotzako 17 proiektu jarri zituzten martxan Nafarroan, eta horietan Europako herrialde ezberdinetatik etorritako gazteek hartzen dute parte.

Gazteriak bat egin du ‘Zuhaitz bat Europaren alde’ kanpainarekin

Bestalde, NGIk bat egin du baso-soiltzearen aurkako ‘Zuhaitz bat Europaren alde’ kanpainarekin, Equipo Europa gazteen elkartearekin batera, eta, horrela, haritz bat landatu dute Altsasuko Otadia gazte-aterpetxean. Kanpaina elkarte apartidista eta europeista honek zabaldu du, eta dagoeneko Nafarroako 32 udalerritara iritsi da; 1.082 zuhaitz landatu dituzte.

Carlos Amatriainek, NGIren zuzendari kudeatzaileak, bat egin du Nerea Perez eta Dalida Grassettirekin, kanpainaren enbaxadoreekin, eta Equipo Europak Nafarroan duen ordezkaritzaren zati batekin, Nafarroako Gobernutik kanpaina babestearren. Kanpaina 2019. urtean sortu zen, eta horren helburu nagusia da udalerri bakoitzak gutxienez zuhaitz bat landatzea, toki-mailan baso-soiltzeari aurre egiteko. Geroztik, estatuan 591 udalerrik egin dute bat kanpainarekin, eta 20.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira.

Equipo Europa elkarteak Europako Parlamentuarekin elkarlan estua egiten du, eta horren helburu nagusiak dira Europar Batasuna gazteriari hurbiltzea eta Europako eztabaidan gazteen parte-hartze politikoa sustatzea. Modu horretan, Europako politikak gazteengana eraman nahi ditu eta haien artean eztabaida sustatu aldaketa klimatikoa, elkartasuna edo gazteen enplegua bezalako gaien inguruan.