Descárgate la app
Ingurumeneko Departamentuak 276.000 euro bideratu ditu ingurumenari buruzko hezkuntza- eta sentsibilizazio-, ingurumen-boluntariotzarako eta hiriko zientziarako proiektuetarako
2021ko maiatzaren 21a
Ingurumeneko Departamentuak 276.000 euro bideratu ditu ingurumenari buruzko hezkuntza- eta sentsibilizazio-, ingurumen-boluntariotzarako eta hiriko zientziarako proiektuetarako
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 276.963 euro bideratu ditu ingurumen-hezkuntza eta -sentsibilizazioko, ingurumen-boluntariotzako eta herritarren zientziako proiektuetarako laguntzen deialdirako. Gobernuz kanpoko elkarte eta erakundeei zuzenduta dago.
Horrela jasotzen da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen batean maiatzaren 20an, osteguna, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (Nao) argitaratuta. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 19an amaituko da.
276.963 euro horietatik, ingurumen hezkuntzako proiektuetarako 166.178 euro erabiliko dira, eta gainerako 110.785 euroak ingurumen boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako.
Ingurumen hezkuntzaren proiektuetan helburu nagusia da herritarren sentsibilizazioa eta ezagutza handitzea ingurumen arloan, eta balioak eta trebetasunak berenganatzea, ingurumen arloko arazoen konponketan parte hartzeko gai izan daitezen, banaka zein taldeka. Ingurumen boluntariotzako proiektuei dagokienez, helburua da gizakiak ingurumenean duen eragin negatiboa murriztea eta dagoen kultura ondarea nabarmentzea. Bestalde, herritarren zientziako proiektuenbarruan sartzen dira herritarrek aktiboki parte hartzen duten ikerketa zientifikoko jardueretan publikoaren borondatezko parte-hartzea dutenak.
Honako hauek izan daitezke, besteak beste, proiektuak jaso ditzaketen jarduerak: ingurumena, Nafarroako paisaia eta/edo biodibertsitatea kontserbatzea, mantentzea eta berreskuratzea; eta Natura 2000 Sarea, Naturagune Babestuen Sarea edo beste naturagune berezi batzuk ezagutzea, eta baliabide naturalak mantentzeko lankidetza-proiektuak.
Horrez gain, honako hauek ere sartzen dira: ekonomia zirkularra bultzatzea, sentsibilizatzea eta sustatzea, kontsumo arduratsua, hondakinen kudeaketa, klima-aldaketaren eta/edo ingurumenaren kutsaduraren aurkako borroka, uraren eta energiaren zentzuzko erabilera, eta natur baliabideen erabilera eta aprobetxamenduak, natura-ingurunearen kontserbazioarekin bateragarriak direnak; hiri-espazioan ingurumen-kalitatea hobetzea, eta ingurumen-jasangarritasuna.