Descárgate la app
2021-2022 ikasturtea irailean hasiko da lanaldi jarraituarekin, ordutegi zatitua berreskuratzeko aukerarekin
2021ko maiatzaren 20a
2021-2022 ikasturtea irailean hasiko da lanaldi jarraituarekin, ordutegi zatitua berreskuratzeko aukerarekin
2021-2022 ikasturtea goizetan lanaldi jarraituarekin hasiko da Nafarroan, Haur eta Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta LHko zikloetan, ikastetxe publiko eta itunpeko guztietan. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak ez du baztertzen egoera epidemiologikoak hobera egiten badu eta osasun-agintariek horretarako aukera ematen badute, normaltasuna berreskuratzea eta ikastetxe bakoitzak ezarritako lanaldiarekin ikasturtea garatzea. Gainera, Nafarroak hezkuntza-errefortzu aplikatuei eutsiko die, eta Haur Hezkuntzan 20 ikasleren ratioa mantenduko du datorren ekainean amaituko den ikasturte honetan.
Hala iragarri dute gaur Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eta Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiak, eta 2021-2022 ikasturterako Hezkuntza Modalitate Presentzialaren Prebentzio eta Antolaketa Planaren xehetasunen berri eman dute. Planak osasun-agintarien oniritzia du, eta bat dator Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak eta Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluak atzo egindako bileran hartutako erabakiekin. Planaren berri eman zaie jada ikastetxeei.
Aurkeztutako Planean, bi eszenatoki agertzen dira: lehenengoan (1. egoera), irakaskuntza presentziala bermatzen da etapa eta maila guztietan. Pandemiaren bilakaeraren arabera, lehen eszenatoki horretan bi aukera egongo dira: bata zenbait neurri erlaxatzekoa eta bestea normaltasunera itzultzea, ikastetxeen lanaldiari dagokionean. Aurreikusitako bigarren eszenatokian (2. egoera), ikastetxeak erabat ixtea agertzen da, izan ikastetxe bat, hainbat ikastetxe edota guztiak, osasun-agintariek erabakitakoari jarraiki.
Segurtasuna eta presentzialtasuna
Gimeno kontseilariak, hasteko, “eskerrak eman dizkie Nafarroako hezkuntza-komunitateko kide guztiei”, haien ahaleginak “jarduera akademikoaren prebentzio eta antolakuntzarako neurriek arrakasta izaten lagundu baitute ikasturte honetan, Nafarroan, ziklo eta etapa guztietan %100eko presentzia izateagatik”.
“2021-2022 ikasturteak nolako bilakaera izango duen ezin da aurretik jakin”, azpimarratu du Gimenok, baina “helburu nagusia da langileen eta ikasleen segurtasuna eta osasuna bermatzea COVID-19 koronabirusaren aurrean eta datorren ikasturtean ere ikasle guztiek arreta presentziala izatea”.
Gimenok, halaber, azpimarratu du, txertaketa-prozesuak aurrera joan arren eta 2020-21 ikasturteko esperientzia izan arren, birusaren andui berriak agertzeak, hirugarren hiruhilekoaren hasieratik eskola-eremuan transmisioa gehitzeak (%1etik %7,20ra), ikasleak txertatu gabe egoteak eta talde horretan kutsatze-indizea nabarmen areagotzeak, “Gobernua zuhur jokatzera behartzen duela epe hain luzerako erabakiak hartzerakoan, eta, beraz, protokoloa une bakoitzeko osasun-egoerara berregokitzeko aukera irekita uzten dutela beti”.
Ikasleen eta irakasleen segurtasun eta osasuna bermatzeko oinarrizko premisa kontuan hartuta eta gerta daitezkeen egoera epidemiologiko ezberdinetara egokitu ahal izateko helburuarekin, kontingentzia-plan bat prestatu dute, eta, bertan, bi eszenatoki ezberdin aurreikusten dira datorren 2021-2022 ikasturteari begira.
Aurreikusitako bi eszenatokiak
Ondorioz, Hezkuntza kontseilariak jakinarazi du Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikasturtea lanaldi jarraituarekin hasiko dutela goizez; hau da, arau orokor gisa, gehienez ere 09:00etan hasiko da eta beranduenera 14:30ean bukatu. Irakasjarduna, oro har, 45 minutuko sei saiotakoa izango da, aldi batean edo gehiagotan antola daitekeen 30 eta 40 minutu arteko atsedenaldiarekin. Era berean, jangela-zerbitzua eskainiko zaie horretarako eskubidea duten ikasleei asteko egun guztietan, astelehenetik ostiralera, ikasturtearen hasieratik amaierara bitarte.
DBH, Batxilergo eta LHko ikasleei dagokienez, 2021-2022 ikasturtea lanaldi jarraituarekin hasiko da goizez. Etapa horietako ikasleek irakaskuntza presentziala izaten jarraituko dute irakastegun guztietan. Oro har, ikasketa horiek egiten dituzten ikasleen ordutegia ohikoa izango da, betiere 08:00etatik 15:00etara bitartekoa bada.
Egoera horrek (lanaldi jarraitua) bere horretan jarraituko du arrisku epidemiologikoak hala eskatzen duela osasun-agintariek uste duten bitartean, nahiz eta Gimeno kontseilariak azpimarratu “ez dela baztertzen beste lanaldi batzuk ezartzea; hala nola, lanaldi jarraitua eskolaz kanpoko jarduerekin, edo lanaldi zatitua, pandemiaren bilakaera onaren ondorioz osasun-agintariek beste jarraibide batzuk ezartzen badituzte”.
Hori dela-eta, iazko ikasturtearekin alderatuta berrikuntza gisa, lanaldian aldaketak egitea aurreikusten da ikasturteko bi une zehatzetan. Alde batetik, osasun-agintariek jakinarazten badute egoera epidemiologikoak uzten duela edo pandemiaren arriskua desagertu dela, eta hala adostu bada Hezkuntza Departamentuarekin, hilabete bateko epea izango da ikastetxeen, irakasleen eta garraio eta jangelaren zerbitzu osagarrien jardunaldia behar adinako bermeekin berrantolatzeko. Aldaketa horiek, betiere, urriaren lehenengo hamabostaldian edo Gabonetako oporren ondorengo lehen hamabostaldian aplikatu ahal izango dira. Neurri horiek honako hauetako bat izan daitezke, Osasunak helarazitako adierazleekin lotuta:
- 1 eta 2 alerta-mailetan, osasun-agintariek baimentzen badute, lanaldi jarraitura igaro liteke ikastetxeek astelehenetan, asteartetan eta ostegunetan antolatutako eskolaz kanpoko jarduerekin. Oro har, jarduera horiek 90 minutukoak izango dira, 45 minutuko bi alditan banatuta, eta, gehienez 17:00etan amaituta.
- Normaltasun berrira itzuliz gero eta osasun-agintariek baimentzen badute, ikastetxe bakoitzak 2020-21 ikasturte aurretik zuen ohiko lanaldira itzul liteke, jarduera osagarriak, eskolaz kanpokoak eta gainerako zerbitzuak ohi bezala martxan izanda.
Urria eta urtarrila
Bestetik, “COVID-19aren aurreko prebentzio, higiene eta osasunaren sustapeneko neurriak ikastetxeentzat” dokumentua Osasun eta Hezkuntzako Lurralde arteko Batzordeak onartu zuen 2021eko maiatzaren 19an, eta Osasun Ministerioak edo osasun-agintariek hor jasotako neurriak aldatuz gero, protokolo hori ikasturtean adierazitako bi data horietan (urria eta urtarrila) ezarritako neurri berrietara egokituko da, pandemiaren eraginez Ministerioak ezarritako neurri berriak murriztaileagoak direnean eta berehala aplikatu behar denean izan ezik.
Beraz, Hezkuntza Departamentuak aurkeztutako protokolo-proposamenak egungo datuetara egokitutako hezkuntza-modalitate presentziala bermatzen du, baina, datu epidemiologikoek uzten badute, normaltasunera itzultzea bermatuko duen prozedura malgua sortu du.
Bestalde, 2021-2022 ikasturterako protokoloan, egungo ikasturtean jada aplikatutako prebentzio-, garbitasun- eta higiene-neurri guztiak mantenduko dira, eta ikastetxeak sektoreka antolatuko dira. Era berean, 20 ikasleko ratioa izango da Haur Hezkuntzan, eta gainerako hezkuntza-mailetan ikasturte honetan aplikatutako langile-errefortzuak ere bai. Halaber, Haur eta Lehen Hezkuntzako talde guztiak bizikidetza egonkorreko taldetzat hartzen jarraituko da, ikasgelan ikasleen mugikortasuna bermatzeko eta hala eskatzen duten hezkuntza-programak abian jartzeko.
Datorren ikasturterako protokoloa egin aurretik, Hezkuntza Departamentuak iritzia eskatu die ikastetxeetako zuzendariei, itunpeko irakaskuntzako eta irakaskuntza pribatuko sektorekoei, erakunde sindikaletakoei eta Nafarroako Hezkuntza Komunitateko gainerako kideei.
Onartutako dokumentuan, Departamentuak jasotako eskaerak sartu dira; hala nola, baloiak eta jolaserako beste material batzuk partekatzeko aukera, Haur Hezkuntzako ikasleek patioan maskara eraman beharrik ez izatea, hamaiketakoa patioan hartzea lehenestea, banaketa-gelen erabilera malgutzea, landa-eskoletan 5 unitate edo gutxiagoko beste antolaketa bat egiteko aukera izatea edo ikastetxeetan aireztatzeko irizpideak sartzea CO2 neurgailuen bitartez.