2021ko maiatzaren 14a

Nafarroako Gobernuak eta Lizarraldeko entitateek aurrera egin dute Jurramendi antolatu eta babesteko

Arroitz eta Barbarin esparru horretako erabilera eta ekintzak arautzeko elkarlanerako hitzarmenera gehitu dira
Aierdi lehendakariordea, Izaskun Abril zuzendari orokorra eta Lizarraldeko 
udaletako ordezkariak.
Aierdi lehendakariordea, Izaskun Abril zuzendari orokorra eta Lizarraldeko udaletako ordezkariak.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak eta Lizarraldeko 11 herrietako ordezkariek topaketa izan dute Nafarroako Jauregian Jurramendiko Berezko Paisaiaren babes eta antolaketan aurrera egiteko. Arroitz eta Barbarineko udalak gaur batu dira, parte hartze prozesuaren ostean, esparruan garatuko diren ekintzak zein izango diren eraibleren oinarriak zehazten dituen elkarlanerako hitzarmenera. 

Nafarroako Jauregiko Erabilera Anitzeko Aretoan egindako bileran honako hauek izan dira: bigarren lehendakariordea eta Lurralde, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, Jose Maria Aierdi; Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril; eta Lizarraldeko 11 udalerritako ordezkariak: Aberingo alkatea, Francisco Javier Fernandez; Arellanoko alkatea, Iñaki Urriza; Arroitzeko Udaleko titularra, Antonio Angel Moleon; Aiegiko alkatea, Leonardo Camaces; Barbaringo alkatea, María Carmen Puerta; Deikazteluko alkatea, Mikel Azkona; Lizarrako alkatea, Koldo Leoz; Iguzkitzako alkatea, Jose Ignacio Urra; Lukingo alkatea, Aurelio Ramon; Morentingo idazkaria, Alberto Echeverria; eta Villamayor de Monjardingo alkatea, Eugenio Fernando Barbarin.

Hitzarmenean finkatutako gakoak kontuan hartuta, Paisaia Bereziko jardueren eta erabileren erregulazioa garatuko da, Elkarren arteko Plan baten bidez, honako helburu hauekin: plangintza, kudeaketa eta antolamenduko esparru komuna ezartzea; Jurramendiren kalitate eszenikoa babestea; eremu degradatuak berritzea; eta zonaldea sustatzea, mugakide diren herrien arteko eskualdeko lotura-ikur gisa. Azpimarratu behar da Paisaia Berezia deitzen zaiela “ondare-merezimenduengatik eta merezimendu eszeniko, historiko-kultural eta sinbolikoengatik aparteko identitate-balioa duten parajeei”.

Lizarraldeko gune honen kasuan, nabarmentzekoak dira, batetik, gerra karlistekin lotutako balio historikoak, 1976an gertatutakoak; bestetik, balio kulturalak, historiaurreko eta Antzinaroko aztarnategi arkeologikoekin zerikusia dutenak, edota San Ziprianoko baseliza eta Donejakue bidea; eta, azkenik, balio ekologikoa eta paisajistikoa, baso kudeaketarekin eta inguruneko nekazaritza-erabilerarekin lotuta, tartean zereal eta mahastien ekoizpenak eta ehiza-jarduera.

Erabilera tradizionalak berreskuratzea

Elkarren arteko Plana idazteko burututako parte-hartze prozesuan, inguruko biztanleek “paisaia-mugarria” eta “sustraitze-sentimendua” nabarmendu dituzte, ingurunearen ikuspen-erreferentzia nagusia izateagatik, gune horretan aisiarako eta kirolerako jarduerekin burutzen den gozamen aktiboa azpimarratzearekin batera. Aitzitik, zonaldeko erabilera tradizionalen galera nabarmentzen da; hala nola, abeltzaintza, baso-biomasa handitzea dakarrena, eta, beraz, sute-arriskuen kezka sortzen da. Ildo horretan, bertan bizi direnek azpimarratzen dute elkarren arteko kudeaketa landu behar dela, erabilera tradizionalak eta erabilera publikoa bizikide izateko.

Jasotako ekarpenak aintzat hartuta, jarraitu beharreko lerroak finkatuko dira Planean, erabilera eta jarduera ezberdinak bateragarri egiteko, iraunkortasunaren irizpidearen arabera. Osagarri moduan, ekintza-gida bat egin da. Ikuspegi oso eta dinamikotik begiratuta, tresna malgua izango da, hamaika udalentzat abiapuntu izateko, elkarlanean lan egiten jarrai dezaten paisaia babestu, antolatu eta kudeatze aldera.