Descárgate la app
Chivite Lehendakariak Euskarabidearen egoitza bisitatu du
2021ko maiatzaren 11a
Chivite Lehendakariak Euskarabidearen egoitza bisitatu du
Maria Chivite Nafarroako Lehendakaria Paulino Caballero kaleko 13. zenbakian (Kirolaren Etxea zena) kokatutako Euskarabidearen egoitza berrian izan da, eta Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari nagusia izan ditu ondoan.
2020ko ekainean, zerbitzu ezberdinak egoitza berrira eramaten hasi ziren, eta, era horretan, kostuak eta espazioak optimizatu ahal izan ziren, erabiltzaileei eta herritarrei, oro har, arreta hobea eskaintzeko. Euskaltegiak Jose Maria Iribarren ikastetxe publikotik aldatu ziren, bulego orokorrak Yanguas eta Miranda kaletik eta itzulpen-atala Eskiroz kaletik.
2020-2021 ikasturtean, guztira 914 ikasle joaten dira Euskarabidera, ikastaro presentzial eta erdipresentzialetan, eta Institutuan 68 pertsonak egiten dute lan.
Euskarabidearen Zerbitzuak
Euskarabideak hainbat zerbitzu ditu; esate baterako, Programen Zuzendaritza-Kudeatzailetza eta Negoziatua administrazio-kudeaketaz eta herritarrei arreta emateaz arduratzen den unitatea da.
Bestalde, Administrazio Publikoetan Euskararen Garapenerako Zerbitzuak hizkuntza-planen garapena koordinatzen du, lehentasunezko administrazio-unitateetan euskara-eskakizuna duten plazak identifikatzeko aholkularitza ematen die Departamentuei eta herri administrazioen zerbitzura lan egiten duten langileei euskarazko prestakuntza eskaintzen die. Euskararen Liburutegi Espezializatua du, euskarazko argitalpenekin, euskarari buruzkoekin eta eduki soziolinguistikoekin, eta Nafarroako Liburutegien Sarean sartuta dago.
Hizkuntza Baliabideen Zerbitzua, berriz, Nafarroako Gobernuaren itzulpenak (euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara) kudeatzeaz eta egiteaz arduratzen da –NAO, Navarra.es guneko edukiak, izapideak edo kanpainak- eta toki-erakundeei itzulpen-arloan aholkuak emateaz. Halaber, Nafarroako Toponimia Ofiziala eta Euskaltzaindiarekiko lankidetza-hitzarmena kudeatzen ditu, beste aholkularitza- eta koordinazio-lan batzuk egitearekin batera.
Azkenik, Euskararen Plangintza eta Sustapen Zerbitzuak laguntza-deialdiak kudeatzen ditu (toki-erakundeak, komunikabideak, irabazi asmorik gabeko erakundeak, sektore sozioekonomikoa,…) eta lankidetza-hitzarmenak ere bai (Topagunea: erabilera soziala; Wikilarien Elkartea: sareko edukiak; Dindaia: haurren aisi telematikoa,…). Era berean, programa eta kanpaina propioak garatzen ditu (Sarean Euskaraz, kultura digitala; Euskararen Nazioarteko Eguna, kultur jarduerak; sentsibilizazio-kanpainak, besteak beste).
Horrez gain, Zerbitzua Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019) aplikatzeaz eta Euskararen II. Plan Estrategikoaren (2020-2027) proposamena egiteaz arduratzen da. Orobat, Nafarroako hizkuntza-politiken ebaluazioa egiten du: diagnostikoa eta azterketa soziolinguistikoak eta Nafarroako euskararen adierazleen identifikazioa.