2021ko maiatzaren 6a

Nafarroako Gobernuak Europako hizkuntza gutxituen egoera aztertzen duen liburua argitaratzen lagundu du

Euskaltzaindiak argitaratu du, eta mendeurrena dela eta antolatutako jardunaldietako txostenak biltzen ditu
Sagrario Alemán, Nafarroako euskaltzaina, Mikel Arregi, Euskarabideako 
zuzendari kudeatzailearekin liburuaren aurkezpenean
camera_alt Sagrario Alemán, Nafarroako euskaltzaina, Mikel Arregi, Euskarabideako zuzendari kudeatzailearekin liburuaren aurkezpenean  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Gaur goizean, ‘Jagon 21: Hizkuntza minorizatuak zaindu, euskara jagon’ liburua aurkeztu da Iruñean; bertan, Euskaltzaindiak bere mendeurrena dela eta antolatutako Jagon XXIII. Jardunaldiko txostenak biltzen dira. Bai liburuaren argitalpenean, bai jardunaldietan, Nafarroako Gobernuaren laguntza ekonomikoa izan da, urtero Euskaltzaindiarekin sinatzen den hitzarmenari jarraiki.

Prentsaurrekoan, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak adierazi du “Euskarabideak –Nafarroako Gobernuak, azken batean– lagundu beharrekotzat” jotzen dituela horrelakoak, eta, hala, jardunaldien antolaketan lagundu zuela, eta, orain, “liburu honen argitalpenean ere bai”. “Pozik gaude, beste behin ere ikusten baita onuragarria eta emankorra dela Euskaltzaindiarekin batera eginiko lana”, gaineratu du Arregik.

Gogoratu du, baita, urtero sinatu ohi dutela hitzarmen bat Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak, eta ohartu du hitzarmen horretan adosten dituztela urte horretan diruz lagunduko dituztenak “ekarpen interesgarriak izan daitezkeelakoan euskararen corpuserako nahiz estatuserako”. Bide batez, Arregik aurreratu du “gutxi barru” sinatuko dutela 2021eko hitzarmena. Liburua iazko hitzarmenean zegoen jasoa eta iaz argitaratu zen, orain aurkeztu bada ere. Mamiari erreparatuz, Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak aitortu du “ekarpen interesgarria” egiten duela argitalpenak.

Sagrario Aleman Jagon sailburuak ere bat egin du Arregirekin, nabarmenduz “gogoetarako bide ematen duen liburu baliotsua” dela gaur Iruñean aurkeztu dena. “Europako mendebaldeko hizkuntza gutxituen egoera aztertzen du liburuak, lurralde bakoitzeko legeak nolakoak diren, eta abar. Hori dena ezagutzea ezinbestekoa baita jakiteko etorkizunean nolako pausoak eman behar ditugun”, esan du Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak. “Liburuan ikusten da adituek hainbat ikuspegi dituztela legeei buruz ari direnean. Hori bai, guztiek onartzen dute legearen zirrikituak baliatu behar direla hizkuntza gutxituak aitzinatzeko”, ohartarazi du Alemanek.

Hizkuntzalarien hitzaldiak

Euskaltzaindiak, 2019k urtarrilean, bere mendeurrena zela-eta, Jagon Jardunaldi berezi eta nazioarteko bat antolatu zuen Iruñean, helburu garbi batzuekin: hizkuntza gutxituei buruzko ikuspegia landu eta aurreratu, beste lurralde batzuetan egiten den lana Euskal Herrikoarekin batera uztartzeko betiere, aldarte zientifiko egokia bilatuz. Bide batez, azken ehun urteetan Euskaltzaindiak euskararen jagote lanean zer egin duen erakutsi nahi zen, eta, horrekin batera, etorkizunean egin dezakeenaren inguruan hausnartu.

Liburuak mintegian parte hartu zuten hizkuntzalarien hitzaldiak jasotzen ditu, gehien-gehienak Europako mendebaldeko hizkuntza gutxituen egoerari buruzkoak. Besteak beste, Mikel Zalbide euskaltzain osoaren hitzaldia dago liburuan (“Euskaltzaindiaren ehun urteko jagon-lana: zenbait mugarri”); Joan A. Argenterrena (“Diversidad lingüística, diversidad lingüística en España y academias: ecologías, regímenes, instituciones”); Elena Chiocchettirena (“Language rights and minority language development in Italy: examples        from the central Alpine arc); Jeroen Darquennesena (“Reversing Language Shift in European language minority settings: a tentative general outline of contemporary challenges and strategies”); Jean-Guy Talamonirena (“De la création d’un champ littéraire à une politique de normalisation linguistique) edo Juan Carlos Moreno Cabrerarena (“Análisis ideológico del concepto de ‘lengua regional europea’ y sus consecuencias glotopolíticas”).