2021ko maiatzaren 5a

Gobernuak gaurko bilkuran onetsitako beste akordio batzuk

Cordovillako urbanizaziorako sarbideko biribilgunea eraikitzea. Izendapenak

Cordovillako urbanizaziorako sarbideko biribilgunea eraikitzea

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki bat hartu du, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, NA-6001 errepidearen sarbidean biribilgune motako bidegurutze bat eraikitzeko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazteko, Izaga ikastetxetik hurbil dagoen Cordovillako meseta urbanizatzeko.

Proiektua premiazkoa da oinezkoen eta txirrindularien mugimenduak eta ibilgailuen zirkulazioa modu seguruan bateragarri egiteko. Horretarako, gaur egun dagoen elkargunearen tipologia aldatu egingo da, biribilgune baten bidez. Biribilgune horrek ibilgailuen abiadura motelduko du, eta oinezkoen eta txirrindularien erdibitzailea duen zebrabide bat jarriko da, semaforoen bidez arautua.

Lan horiek gauzatzeko hitzarmena sinatuko da Lurralde Kohesiorako Departamentuaren, Galarko Udalaren, Cordovillako Kontzejuaren eta Centro de Formación Social, S.Social, S.A-ren (Izaga ikastetxea) artean.

Izendapenak

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, foru dekretu bat onetsi du, Genoveva Ochando Ortiz Osasun Departamentuko Herritartasun Sanitario, Aseguramendu eta Bermeen Zerbitzuko zuzendari izendatzen duena.

Gainera, Foru Gobernuak erabaki bat hartu du Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre, NUPeko Unibertsitatea Gizartea Fundazioaren patronatuko berezko kide izendatzeko.