2021ko apirilaren 27a

Nafarroako Animalien Osasunari buruzko Legea aldatzeko proiektuari buruzko aurretiazko kontsulta publikoa zabalik

Arau hori berrikustearen helburua abeltzaintzako ustiategien gehieneko tamaina mugatzea da

Nafarroako Gobernuak gardentasunaren atarian argitaratu du Animalien Osasunari buruzko Foru Legea aldatzeko proiektuari buruzko aurretiazko kontsulta publikoa ireki dela. Horren bidez, maiatzaren 12ra arte epea ireki da arau honen erregulazioarekin eta xedearekin lortu nahi diren helburuei buruz herritarrek edo inplikatutako eragileek beren iritzia eman dezaten.

Aurretiazko kontsulta hasierako izapide bat da, eta, amaitu ondoren, parte-hartze publikoko prozesua egingo da, herritarrek testua berrikusteko eta horri ekarpenak egiteko.

Datozen hilabeteetan izapidetuko da Animalien Osasunari buruzko Foru Legearen aldaketa hori, eta Nafarroako Parlamentuari foru legearen proiektua igorriko zaio, eztabaidatu eta onar dezan.

2000. urteko lege bat

Animalien Osasunari buruzko Foru Legea 2000. urtean onartu zen, eta 2019an garatu zen, martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuaren bidez. Dekretu horren bidez, "Abeltzaintzako ustiategien eta haien instalazioen higiene- eta osasun-baldintzak, animalien ongizateari buruzkoak eta antolamendu zooteknikoari buruzkoak, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan" ezartzen dira, bai abelburuen kopuruari dagokionez, bai etxaldeen arteko distantziari dagokionez.

Hala ere, iazko ekainean, Nafarroako Foru Erkidegoko Auzitegi Nagusiak epai bidez bertan behera utzi zuen foru dekretuak behi-aziendaren kasurako ezarritako muga. Gainerako ustiategietarako, foru dekretuak ezarritako mugari eutsiko zaio.

Orain planteatzen ari den Animalien Osasunari buruzko Legearen aldaketa joan den otsailean hasi zen izapidetzen, eta ustiategiaren gehieneko tamaina mugatzeaz gain, animalien gaixotasunen kasuan kalte-ordainen gehieneko zenbatekoa ere mugatzea proposatzen du. Arau hau abeltzaintzako ustiategi berriei edo Nafarroan dauden abeltzaintzako instalazioen aldaketei aplikatuko zaie.

Aldaketa horren justifikazioan gaineratzen da, halaber, Foru Komunitateko abeltzaintza-ustiategietako instalazio guztiek bete beharko dutela indarrean dagoen higiene- eta osasun-araudiaren, animalien ongizatearen eta antolamendu zooteknikoaren araudiaren bidez ezarritakoa, eta, bereziki, animalia-espezie bakoitzerako arau espezifikoak.