2021ko apirilaren 14a

Osasun Departamentuak bihartik aurrera auto-hitzordu sistema ezarriko du biztanleria orokorraren artean COVID-19ari aurre egiteko txertaketa areagotzeko

SMS bidez oinarritutako sistema zuzeneko deiekin batera erabiliko da eta telefono bat (948-370120) zein e-posta gaitu dira zalantzak eta gorabeherak argitzeko
collections Irudi galeria

Osasun Departamentuak, bihartik aurrera, osteguna, eta modu progresiboan, norberak hitzordua hartzeko sistema ezarriko du (gripearen kanpainan eta osasun etxeetan internet bidezko zitak eskatzerakoan erabiltzen denaren antzekoa) txertaketa prozesua azkartu eta areagotzeko; izan ere, txertaketa biztanleria talde ezberdinetara iritsi da eta xede-populazioa handia da.

Zehazki, 70-79 urteko adin-taldeko biztanleriaren zati batek SMS bat jasoko du, eta hitzordu bat Osasun Departamentuaren web-ean erregistratzeko edo, horren ordez, mezu horretan azalduko den telefonora deitzeko aukeraren berri emango zaio.

Gainerako biztanleria-taldeek eta egun txertaketa-prozesuan aktibo daudenek, oraingoz, telefonoz hitzordua zuzenean hartzeko sistemarekin jarraituko dute; beraz, deiaren zain egon beharko dute txertaketa-eguna, -ordua eta –lekua jakiteko. Osasun Departamentuak, halaber, errekuperazio- eta segimendu-deiak egiten jarraitzea aurreikusten du adin-tarte edo –talde bakoitzean.

Horrez gain, bihartik aurrera, osteguna, herritarrei informazioa emateko “Infovac” zerbitzua prest egongo da; hain zuzen ere, telefono bakar bat jarri da Nafarroa osorako (948-370120) eta posta elektroniko bat (vacunacion@navarra.es o txertaketa@navarra.es) ere bai. Astelehenetik igandera, 8:00etatik 22:00etara bitartean, txertaketa-prozesuari buruzko edozein zalantza, kontsulta edo gorabehera artatuko dira, https://coronavirus.navarra.es/es/  web gunearen osagarri gisa, gune horretan horren inguruko informazio orokorra baitago. Zerbitzu honek ez du txertoa eskatzeko balio. Era berean, Osasun Departamentuak gogorarazten du gai honetarako ez dela osasun-zentrora deitu behar. 

Sistema pixkanaka aldatuta, Osasun Departamentuaren asmoa da, batetik, erabiltzaileek beren txertaketa-agenda hautatzeko aukera gehiago izatea dosien horniduren egungo testuinguruaren mugen barnean, eta, bestetik, Osasunbidearen zitazio-gaitasuna handitzea, kontuan izanik biztanleria-taldeak gero eta zabalagoak direla eta txertoen dosi gehiago eta txerto berriak iritsiko direla.

Dakigunez, Nafarroak txertoa jartzen jarraitzen du hainbat taldetan; esate baterako, 60-65 urtekoen artean (eta geroago 66-70 urtekoak), 70-79 urtekoen artean eta COVID-19a dela-eta gaixotasun larria izateko arrisku altua duten pertsonen artean. Gainera, 80 urtetik gorakoen blokea ixten ari da; %95ak jada lehen dosia jaso du.  

Txertatzeko estrategiak bere horretan jarraitzen du, eta soilik hitzordua hartzeko sistema instrumentala aldatu da kasu jakin batzuetan.

Zer egin: dei baten edo sms baten zain egon

Aurrean jada adierazitako moduan, txertoa jaso dezaketen pertsonek Nafarroako Osasun Zerbitzu-Osasunbideatik zuzenean deitzeko zain egon behar dute, eta dei horren bidez txertoa hartzeko lekua, eguna eta ordua jakinaraziko zaizkie. Baina 70-79 urteko taldeko hainbat adin-tartek SMS bat jasoko dute hurrengo asterako hitzordua hartzeko jarraibideak emateko, eta Internet bidez edo telefonoz hartu ahal izango dute.

Interneti dagokionean, testu-mezu horretan link bat agertuko da pertsona bakoitzak, hurrengo 72 ordutan zehar, txertoa hartzeko hitzordua eskuratzeko; hots, prozesu erraz bat jarraituko da Osasun Karpetaren web gunean: www.carpetadesalud.navarra.es. Osasun Karpetan alta eman gabe egonez gero, osasun-txartelaren edo OTIren zenbakia (CIPNA)  eta jaioteguna adierazi beharko ditu.

Halaber, hitzordua hartzeko telefono bat eskainiko da SMSan, ezberdina Osasun-eremu bakoitzeko (Iruña, Lizarra eta Tutera). Telefono bera erabili ahal izango da hitzordua aldatzeko, Osasun Karpetaren antzera.

Eragiketa hori aurreikusitako epean (jasotzen denetik hiru egunera) egiten ez bada edo beste kasu edo talde batzuen kasuan (80 urtetik gorakoak, 60-69 adin-tartea, gaixotasuna izateko arrisku handia duten gaixoak eta pertsonak, e.a.) jendaurrean iragarritako epearen barruan hitzordurik eman ez bazaie edo hitzordu hori formalizatzerik izan ez badute, NOZ-Ok ixteko eta bigarren aukerarako deiak ere egingo ditu fase eta biztanleria-talde bakoitzean.

Azkenik, txertoen eta txertaketa-prozesuaren inguruan edozein zalantza, kontsulta edo gorabehera artatzeko, Infovac sistema prestatu du Osasun Departamentuak, etengabeko arreta-sistema, kanal interaktibo bikoitzarekin: 948-370120 telefonoa (8:00etatik 22:00etara, astelehenetik igandera) eta vacunacion@navarra.es edo txertaketa@navarra.es e-maila.

Oinarrizko informazioa Nafarroako Gobernuak koronabirusaren inguruan duen web gunean ere aurkitu daiteke, eta gobernu irekia bezalako beste gune eta euskarri batzuetan ere bai. Exekutiboak, halaber, kanpaina bat atera du hedabideetan, karteletan eta sare sozialetan, #NavarraSeVacuna goiburuarekin.