2021ko apirilaren 12a

Chivite Lehendakariak emakume politikoak berdintasunaren alde lan egiten jarraitzera animatu ditu, erantzunkidetasunetik eta hezkidetzatik abiatuta

Berrogeita hamar bat emakumezko alkate eta emakumezko zinegotzi bildu dira gaur Toki Erakundeetako Emakume Politikoen Foroaren babesean, eta apirilean ere izena eman daiteke
Chivite Lehendakariak Foroan egindako hitzaldiaren laburpena Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak berdintasunaren alde lan egiten jarraitzeko deia egin die Foru Komunitateko  emakume alkate eta zinegotziei, politikatik hezkuntzaraino, genero-indarkeria, soldata-arrakala eta desberdintasun sozialak aintzat hartuta. Hala egin du 50 bat lagunen aurrean, Toki Erakundeetako Emakume Politikoen Foroaren hirugarren edizioaren irekieran, Baluarten.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI /NABI) Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF) batera antolatutako hitzordua Nafarroako zona ezberdinetan garatuko da, eta horren helburua da emakumeen lana indartzea tokiko politikan; hau da, “hain agerikoa ez den eta askotan gutxi eskertzen den baina ezinbestekoa den espazioan”, Chivite Lehendakariak gogoratu duen moduan. “Hori dela-eta, meritu handia du toki-mailan egoteko eta konpromisoa hartzeko urratsa ematen duenak”, nabarmendu du.

Javier Remirez lehendakariordea, Eva Isturiz NABIko zuzendari kudeatzailea eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria den Juan Carlos Castillo hitzorduan izan dira. Helburua da foroaren jarraipenaren eta deszentralizazioaren alde egitea, eta, horretarako, topaketak antolatu dituzte lurralde ezberdinetan; hala nola, Iruñean eta Iruñerrian, Pirinioetan, Erriberan eta Lizarraldean, emakume gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten. Oraingoz, apirilean, izena emateko epe berria irekiko da, emakumezko alkate eta zinegotzi gehiagok ekimenarekin bat egin dezaten. Horrela, online foroa eta programa pilotua egingo dira Pirinioetako zonan.

Neurri horien guztien asmoa da tokiko eta landako arlo politikoko emakumeak elkartzeko eta elkarren artean eztabaidatzeko foroa egitea. Haien parte-hartze soziala eta politikoa eta erabakiak hartzeko guneetan egotea sustatuko duen lekua.

“Tokiko politikan emakumeen presentzia lau puntu hazi bada ere, egun arrakala izaten jarraitzen da eremu horretan, eta horri aurre egin behar diogu politika publikoekin, hezkuntzarekin, eta, nola ez, honako hau bezalako foroekin”, nabarmendu du Lehendakariak.

Emakumeek politikan egiten duten lana eta inplikazioa eskertu nahi izan ditu Chivitek; izan ere,  “berdintasun handiagoko ikuspegia emateaz gain, gure demokrazia gune hobea, kalitate handiagokoa, bidezkoagoa eta gizartearen ordezkaritza handiagokoa izaten laguntzen dute”.  “Zeren, emakumeok politikan gaudenean, proposamenak, erabakiak eta balioak hobetzen ditu politikak”, erantsi du.

Nafarroako Lehendakariarentzat, gakoa trebetasun teknikoen eta emozionalen artean “oreka” lortzea da, “ezagutza teknikoa enpatia eta emozioen erabilera bezain garrantzitsua baita, horiek, azken finean, politika gizatiartzen dute-eta”. Eta horretan emakumeek asko dute esateko, Lehendakariak ziurtatu duenez, politika egiteko moduak sartzen baitituzte; hau da, modu “parte-hartzaileagoak, horizontalagoak eta erlazionalagoak”.

Emakume Politikariak Toki Erakundeetan Foroa

Emakume Politikariak Toki Erakundeetan Foroa apustu aitzindaria eta berritzailea da Foru Komunitatean. Duela hiru urte jarri zen abian tokiko eta landa-eremuko arlo politikoko emakumeei ahotsa eta babesa emateko.

Topaketa eta aholkularitzen bitartez, eremu politikoetan emakume gehiagok parte hartzea bultzatzen du. Ordezkaritza pixkanaka-pixkanaka gehitzen ari da. 2019ko maiatzeko hauteskundeen ondoren NUKFek jasotako azken datuen arabera, presentzia lau puntu hazi da aurreko hauteskundeekin alderatuta. Modu horretan, emakumeak toki-korporazioetako kideen %35,6a osatzen dute. Guztira, 1.082 emakume daude tokiko politikan, eta horietatik 921 zinegotziak (Nafarroako zinegotzi guztien %38) eta 159 alkateak (lehen zinegotzien %25,7) dira.

Zehazki, udalerrietan, emakumeak kopuru osoaren (765) %38,7ra iristen dira, baina ordezkaritzarik handiena, beste behin, zinegotzi bezala dute (696; hots, %40,8). Gainera, 69 emakume alkateak dira (%25,3). Kontzejuetan, berriz, ordezkaritza %29,8koa da, 317 emakume hautetsi. Horietatik, 227 zinegotziak dira (kopuru osoaren %31,6) eta 90 kontzejuko lehendakariak (%25,7).