Toki entitateei 400.000 euroko laguntzak emateko deialdia, kirol instalazioak berritzeko

Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 29an bukatuko da
2021ko apirilaren 6a

Kultura eta Kirol Departamentuak laguntza deialdi bat argitaratu du, 400.000 eurokoa, toki entitateei zuzendua, 2021ean kirol instalazioetan inbertsioak egiteko. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 29an bukatuko da.

Deialdiaren helburua da espazio horiek araudira egokitzea, hobekuntzak ekartze aldera bai zerbitzuak ematerakoan, bai erabiltzaileentzat. Edonola ere, deialdi honen oinarrietan aipatzen diren kirol-instalazioak Foru Komunitateko Kirol Instalazioen Oinarrizko Gidaliburura eta/edo NIDE araudira egokitu beharko dira, Nafarroako Kirol Institutuaren irizpidera nahiz eraikuntzei buruzko araudi orokorrera.

NAOn argitaratutako oinarrien arabera, inbertsioak soilik izango dira lehendik dauden instalazioetan beharrezko erreformak egiteko. Obra berriak egiteko edo eraikinak handitzeko jarduerak ez dira sartzen. Lanak 2021eko azaroaren 15a baino lehen amaitu beharko dira.

Laguntzen helburua

Deialdiaren helburua da toki-erakundeetako eta erabilera publikoko kirol-instalazioak bultzatzea, oinarrietan agertzen den moduan, “nafarrek, kirola eginaz, bizi-kalitate hobea izan dezaten eta jarduera soziala egin dezaten bizikidetzan eta elkartasunean”. Bertute horiek kirolaren bidez sustatzerakoan, “Nafarroako herritarren ohitura osasungarriak eta jarrera zibikoak hobetzen laguntzen da”.

Diru-laguntzen eskarien dokumentazioa telematikoki aurkeztu beharko da, eta Nafarroako Kirol Institutura zuzenduko da. Deialdiaren barruan laguntzen onuradun hautatutako toki-erakundeek oro har diru-laguntza jaso ahal izango dute, aurkeztutako proiektuaren kirol-obrako aurrekontuaren %60ra bitarte; nolanahi ere, laguntza gehienez 60.000 eurokoa izango da.

Onuradunek eguneratuta eduki beharko dituzte haien kirol-instalazioen errolda eta haien kirol-espazioen eta –ekipamenduen segurtasun-aktak. Azken 5 urteetan NKIren eskutik diru-laguntza jasotako erakundeek ezingo dute laguntza hauetara aurkeztu.