Ingurumenak berretsi egin du Nafarroan pinuaren prozesionario-maila apalaren joera

Izurrite horrek eragindako erreakzio alergikoak saihesteko gomendioak ere gogoratu eta eguneratu ditu
2021ko apirilaren 6a
Pinu-beldarra

 
camera_alt Pinu-beldarra

   Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Baso eta Ehiza Zerbitzuaren bidez, pinuaren prozesionariak eragin txikia izan zuela ikusi zuen iragan neguan, espeziearen infestazio-mailei buruzko urteko jarraipen-datuen arabera. Joera horrek aurreko urteko bide beretik jarratzen du, eta hala izurriteak ez du arriskuan jartzen kaltetutako pinudien egonkortasuna.

Nafarroako pinudien ebaluaketa lanak amaitzear daudenean, aurretiko datuek adierazten dutenez, larizio, aleppo pinuen eta pinu gorrien infestazio mailak urriak dira: ebaluatutako pinudien % 85ak erasan arinak ditu, % 14,6ak erasan arinak eta soilik % 0,2ak bistaratzen ditu infestazio larriak.

Prozesionariaren zaintza eta kontrol jarduera 2030 Nafarroako Baso-Agendan aurreikusten diren jardueren baitan ezartzen da; honek barne hartzen du klima aldaketaren testuinguruan garatzeko bidean dauden izurriteak eta gaixotasunak saihesteko esku-hartze neurrien eta alerta sistemen finkapena.

Ez ukitu beldarrak

Bestalde, udaberri hasiera honetan pandemiaren ondorioz eremu landatarrean atzemandako bisitarien etorrera mailak gora egin duenez, Departamentuak jarraibide batzuk gogorarazten ditu pinu-beldarrak zuhaitzetatik jaisten hasten direnean  kontuan hartzeko. Beldar hauek ile erresumingarriak dituzte zeinek arnasan eta azalean hanturazko erreakzio alergikoak eragin ahal dituzten, zenbaitetan larriak izan daitezkeenak, beraz, horiek ez ukitzea eta etxeko animaliek uki ez ditzaten zaintzea gomendatzen da.

Halaber gomendatzen da infestazio maila handiko pinudietara bisitak murriztea, beldarren zuhaitzetatik jaisteko eta hobiratzeko fasea amaitu arte eta, bizikletaz paseatzekotan edo zirkulatzekotan, lepoa, besoak eta hankak estaltzen dituzten arropa eramatea. Ohikoak dira maskotek jasaten dituzten erasanak, horregatik ibilaldietan hauek lotuta eraman behar dira kalteak saihesteko, izan ere, kasu larrienetan hanturak jasatean, animalien nekrosia eta/edo itotzea eragiten dira.

Nafarroa osoko pinudietan

Pinu-beldarra (Thaumetopoea pityocampa shiff) mediterraneo esparruko lepidoptero bat da, pinu baso gehienetan presente dagoena. Nafarroan, larizio pinuan (Iruñerria eta Erdi Gunea), aleppo pinuan (Erdi Gunea eta Erribera) eta pinu gorrian (Urraulgoiti, Erronkari, eta Zaraitzu) aurkitzen da.

Uda hasieran agertzen hasten dira lehenengo helduak (tximeletak) apenas egun bat edo biko biziraupena izaten dutenak. Estalketak egiten dituzte eta ernaldutako emeak pinuetarantz hegan joaten dira, bertan arrautzak ipintzera. Uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran lehenengo beldarrak (larbak) bistaratzen hasten dira, neurri ia ikusiezinezkoak, zeinek pinuaren azikula jaten duten, aldi berean beste espezie batzuen, esaterako hegaztiak, dietaren parte izatera helduz.  Beraz, zeregin garrantzitsua betetzen dute eremu landatarreko kate trofikoaren baitan.

Pixkanaka bost hazkunde mailetan garatuz joaten dira eta gero, udazkeneko lehenengo hotzak iristean, zeta-antzeko poltsak eratzen dituzte aterpe modura. Poltsa hauek, habia modukoak, pinuaren gune lehor, altu eta eguzkitsuenetan ezartzen dira, beraz, gune ikusgarrienetan. Bertan babesten dira egunez, eta gauez irteten dira pinuetako orriak jatera, betiere euririk egiten ez badu edo gaueko tenperatura gehiegi jaisten ez bada.

Tenperatura baxuek eta neguko euri-garai luzeek, eskuragarri dagoen elikagai kopuruarekin eta espezie honi dagozkion populazio-zikloekin batera, beldarren heriotza naturala, pinudietako kalteak eta dagokien ziklo biologikoa aurrera eramango duen populazioa baldintzatzen dituzte.

Bere larba-garapena osatzea lortzen duten beldarrak, neguaren amaieran zorura jaisten dira prozesioan (hortik dator bere izen komuna) hobiratzeko eta pupa bihurtzeko. Une honetan, orainaldian, bistaratzen dira gehienbat, hain zuzen arriskutsuenak gertatzen direnean, bere harrapakarietatik babestearren azalarekin edo mukosarekin kontaktua izatean erreakzio kaltegarriak eragin ditzaketen ile erresumingarri batzuk garatu dituztelako.

Beldarrak hobiratzen direnean, jada ez dira kanpora irteten hiru hilabete iragan arte, uda hasieran, tximeleta bihurtzeko bere eraldaketa amaitu dutenean; eta lurpetik irteten dira horrela urte bete geroago ziklo biologiko berri bat osatzera.

Kontrol biologikoa eta errekuperazio naturala

Ingurumenaren arabera ez da beharrezkoa espezie hau kontrolatzeko neurri bereziak hartzea, izan ere, azterketen arabera, prozesionariaren ondorioz gertatutako pinudien heriotza-tasa oso baxua da, eta basoko masa hauen egonkortasuna ez dago arriskuan.

Oro har, beldarrek elikatzeko jaten dituzten orrien galerak pinua ahultzen dute, baina bere heriotza eragitera iritsi gabe, kimu berrien garapena ahalbidetzen duten ernamuinak kaltetzen ez dituztenez, espezie bien mesederako biziraupen estrategia bat dela medio. Egiaztatu da zuhatzak hainbat urteren buruan modu naturalean errekuperatzeko gai direla, bere hostotza eta hazkunde erritmoa berreskuratuz.

Arazo honen aurrean, Baso- eta Zinegetika-Zerbitzuak borroka biologikoaren plan bat garatzen du, habia-kutxen ezarpenarekin, izurrite espezie batzuen populazioak murrizteko asmoz harrapakari naturalen zabalkundea erraztuz. Joan den martxoan guztira 106 habia-kutxa instalatu ziren Esteribar, Eguesibar, Urrotz eta Itzagaondoako eremu ezberdinetan, hegazti intsektiboroetarako eta 82 saguzarrentzako, ezpeleko beldarraren izurriaren aitzinamendu-frontean, eta pinudietan ezarri ezkero, halaber pinu-beldarraren kontrola babesten da.

Basoen gaineko aireko tratamendu orokortuak ez dira aplikatzen Nafarroan duela urte batzuetatik hona, hautazko metodoa ez izateagatik eta bere hala moduzko eraginkortasun mailagatik.

Erabilera publiko handiko eremuetan lokalizatutako gertakarien kasuetan (parkeak, lorategiak, heziketa esparruak, ospitaletakoak, etab.) eraginkorra izan daiteke poltsak dituzten adarrak moztea eta erretzea, betiere jaitsi ohi diren prozesioak azaldu aurretik, izan ere, ondoren habiak hutsik egoten dira eta tratamendua zentzugabea gertatzen da. Zuhaitz isolatuetan edo multzo txikietan, erabilgarriak dira enborra inguratzen duten koilare tranpak, eta azalera handiagoetan berriz, aldizkako tratamenduak aplika daitezke, ingurumenarekiko adeitsuak diren produktu fitosanitarioak barreiatzen dituzten motxila edo kanoi lainoztagailuen bitartez. Tratamenduak mendiko jabeak egin behar ditu, Nafarroako Baso Ondarearen babeserako eta garapenerako abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen arabera.