2021ko apirilaren 1a

Nafarroako Perretxikoen Esparru Sareari buruzko informazioa eguneratu du Ingurumenak

Turismo mikologikoari zuzenduta dago, eta Foru Komunitateko 16 gunetan gehienez bildu daitezkeen kupoen, baimenen eta kuoten xehetasunak jasotzen dira bertan
camera_alt Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Baso eta Ehiza Zerbitzuak Nafarroako Perretxikoen Esparruen Sarea osatzen duten 16 guneri buruzko informazio guztia bildu eta eguneratu du. Infografia batean zehaztutako ekimena gero eta ohikoagoa den turismo mikologikoari zuzenduta dago, eta, bertan, baimen arrunten eta berezien inguruko xehetasunak, horiek lortzeko eta berritzeko modua nahiz Foru Komunitateko esparruetan gehienez bildu daitezkeen kupoak eta kuotak azaltzen dira.

Uztarroze, Erronkaribar, Biotzari, Luzaide, Hiriberri/Villanueva de Aezkoa, Gazteluberri, Ultzama, Torralba del río, Garralda, Zaraitzuko Ibarra, Urraulgoiti, Abaurregaina, Abaurrepea, Aezkoa Ibarra, Azparren eta Erroibar (hemen sartzen dira Erro, Auritz, Orreaga, Bizkarreta-Gerendiain, Esnotz, Aurizberri/Espinal, Lintzoain, Mezkiritz, Orondritz eta Zilbeti).

Esparru bakoitzak bere erregulazioa du, eta, informazio espezifiko gisa, aipatu behar da Ultzamaren kasuan bisita gidatuak ere eskaintzen direla eta Torralba del Rioren kasuan trufa bereziki araututa dagoela, eta soilik auzotarrek aprobetxa dezaketela

Perretxikoak, zurgai ez den baso-produktu nagusia

Nafarroako 2030eko Baso Agendan, Foru Komunitateko basoen kudeaketa arautzen da, eta perretxikoak zurgai ez diren baso-produktu nagusitzat hartzen dira.

Ikuspegi sozialetik begiratuta, basoetako jolasa eta aisia gero eta gehiago estimatzen diren balio ukiezinak dira, eta perretxikoak biltzea eta mikoturismoa gero eta gehiago zabaltzen ari dira. Hala ere, garrantzitsua da turismo mikologiko hori jasangarria izatea eta basoen jabeentzako baliabideak sortzeko aukera ematea; beraz, esparru horretan, bilketa arautzea beharrezko tresna da eta, aldi  berean, eraginkorra.

Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuaren web orrialdean, Nafarroako Perretxikoen Esparruei buruzko informazioa eta bilketa arautzen duen araudia jasotzen dira; baita, onddoak biltzeko baldintzak, esparruei buruzko informazio grafikoa eta erregulazio horien mende dauden mendiak irudiztatzen dituzten mapetarako estekak ere (IDENAn ikus daiteke).

Duela gutxi, Toki Erakundeei inkesta bat egin eta erregulazio ezberdinak aztertu ondoren, Nafarroan onartutako perretxiko-esparruetan baimenak eskatzeko kontuan izan beharreko baldintzei buruzko informazio grafikoa argitaratu da gazteleraz eta euskaraz.

Ekintza Nafarroako 2030eko Baso Agendaren Berrikuntza eta Ezagutza ardatzean kokatzen da, Onddoak eta beste Baso-produktu ez zurgaiak Sustatzeko Programan. Agendak gogorarazten du, nahiz eta mendien aprobetxamendu nagusia ekonomia eta enplegu aldetik zurgintza ohi izan, Nafarroan produktiboa baino izaera sozialagoa eta aisialdikoa orain arte izan duten beste jarduera batzuk, tartean onddoak biltzea, diru-sarrera iturri nagusi bilaka daitezkeela, ezaugarriak medio, zuraren balio ekonomikoa eskasagoa den mendietan.