2021ko martxoaren 31a

Gobernuak 80.000 euroko diru-laguntzak emango ditu euskara ikasteko eta zabaltzeko

Eusko Ikaskuntzarentzat (55.000 euro) eta Soziolinguistika Klusterra Elkartearentzat (25.000 euro) izango dira

Nafarroako Gobernuak bi hitzarmen onartu ditu gaurko bilkuran. Horien bidez, baimena ematen zaio Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendari kudeatzaileari 80.000 euroko diru-laguntzak emateko. Diru-laguntza horiek Eusko Ikaskuntzarako eta Klusterra Soziolinguistika Elkarterako bideratuko dira.

Lehen erakundeak 55.000 euro jasoko ditu, euskararen inguruan ikerketak eta hausnarketak bideratzeko, euskararen berreskurapenean eta normalizazioan laguntzen duten hausnarketa-, azterketa-, ikerketa-, prestakuntza- eta dibulgazio-jardueren bidez.

Bigarrenak, berriz, 25.000 euro izanen ditu, aurreko kasuan bezala, euskara berreskuratzen eta normalizatzen lagunduko duten azterketa eta ikerketa estatistikoak egiteko.

Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak (Euskararen Nafar Institutua) helburu berberak dituztenez, 2016az geroztik urteko hitzarmenak sinatu dituzte, eta horri esker, "gure gizartean euskararen ezagutzan sakontzeko” eta "euskara sustatzeko eta zabaltzeko estrategiak ezartzeko” aukera eman du, akordioaren testuan argitzen den arabera. Honek guztiak "egindako ekintzek beste edozein erakunderekin lortu ezingo lituzketen irismena, zorroztasuna eta kaudimena izatea" errazten du.

Era berean, honako hau gaineratzen du: “proiektu honek gizartearen onerako balio du eta gizarte-kohesioari laguntzen dio, Foru Komunitateko elkarbizitzaren esparruan sakontzen baitu”. Azpimarratzekoa da, halaber, bere helburuak bat datozela Nafarroako Gobernuarenekin, Nafarroa Suspertu 2020-2023 planean deskribatzen den bezala “lurralde- eta gizarte-kohesioa lortu nahi baitu eta elkarbizitza funtsezko elementua baita”. Horregatik, hitzarmenaren erabilgarritasunak eta interes publikoak “Nafarroako herritarren eskaerari erantzuten dio”, azaltzen den bezala.

Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zuten Nafarroako Foru Aldundiak eta beste erakundek. Kultura unibertsalean estrategikotzat jotzen diren elementu guztiak kontuan hartuz garatzen du bere jarduera eta gizartearen zeharkako arazoei aurre egiteko joera argia du.

Erakunde horren nortasunak eta izaerak eta mende bat baino gehiagoko ibilbidean egindako jarduerak "berezitasun bakarra ematen diote, eta esparru soziolinguistikoan eta euskara berreskuratzeko eta normalizatzeko proiektuen aplikazioan azterketa-erreferente bihurtzen dute", ondorioztatu du.

Klusterra Soziolinguistika Elkartea

Euskarabidearen estatutuetan, besteak beste, eginkizun hauek jasotzen dira: “Nafarroan euskarak duen errealitate soziolinguistikoari buruzko azterlan eta ikerketak koordinatu, egin eta zabaltzea, ebaluazio-sistemak eta adierazleak ezartzea, eta, hala badagokio, beste erakunde edo entitate batzuek garatutako proiektuetan laguntzea”.

Bestalde, Soziolinguistika Klusterra (SLK) irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekaritza-agente gisa aintzatetsita dago. Haren nortasunak eta izaerak eta 17 urteko ibilbidean egindako jarduerak"berezitasun paregabea ematen diote erakunde horri, eta erreferente bihurtzen dute eremu soziolinguistikoan eta euskara berreskuratzeko eta normalizatzeko proiektuen aplikazioan", Foru Gobernuaren hitzarmenean aipatzen denez.

Izan ere, 2001. urteaz geroztik Kalean Hizkuntzen Erabilera neurtzen duen elkarte bakarra da. "Ibilbide luzeko ikerketa lan hau gauzatzeko metodologia propioa garatu du elkarteak", testuan azaltzen denez.

Elkartearen helburuak eta bere proiektu eta jardueren xedeak bat datoz Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari esleitutako eginkizunekin.

Beraz, “eremu soziolinguistikoan sakontze handiagoa lortzea interes publikoko helburua da”, Nafarroako Gobernuak gaurko saioan sinatutako hitzarmenaren edukiak adierazten duenez, “bai herritarren eskaerari erantzuten dioten datuak lortzeko, bai euskararen adierazle-sistema (EAS) lantzeko, bai Nafarroako errealitate soziolinguistikora egokitutako euskara sustatzeko planak garatzeko, horien hartzaile nagusia Nafarroako biztanle guztiak izanik".