2021ko martxoaren 30a

'Lur azpian' erakusketak Nafarroan 1936ko kolpe militarraren ondoren erahildakoen 40 familiakideen testigantzak bildu ditu

Foru Komunitateak desobiratze eta pertsonen identifikaziorako programa indartuko du, Estatuko Oroimen Demokratikoaren Idazkaritzaren hitzarmenaren bitartez
videocam La consejera Ollo presenta la exposición Lur Azpian / Bajo Tierra collections Irudi galeria

Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, gaur goizean Lur Azpian, Nafarroako Memoriaren Institutuak garatutako, erakusketa birtuala aurkeztu du. Erakusketa birtual honen jatorria 2019tik Nafarroako hainbat herritan izan den erakusketan dago, eta protagonistei ahotsa emanez osatu da.

Modu horretan, web orriko testu laburrek ahotsa ematen die protagonistei elkarrizketen, dokumentuen, argazkien, gutunen, oroigarrien, omenaldiko testuen eta egindako desobiratzeen irudien katalogo zabalaren bitartez.

Aurkezpenean parte hartu dute, baita ere, Jose Miguel Gastonek eta Cesar Layanak, Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak eta atal-buruak.

Berreskuratzea eta identifikatzea

Aurkezpenean zehar, Ollo kontseilariak senitartekoen eta elkarte memorialisten egitekoa nabarmendu du arlo honetan; era berean, Nafarroak Memoriarekiko duen konpromisoa berretsi du, “2015ean abian jarritako bide horretan, horri esker asmo handiko plana abian jarri ahal izan baita, Gerra Zibileko eta diktadura frankistako biktimen gorpuzkiak berreskuratu eta identifikatzeko”.

Desagertutako pertsonen gorpuzkiak berreskuratzeko eta identifikatzeko bi ildo nagusiak hauek dira: alde batetik, hobiak egon daitezkeen kokalekuak bilatzea, ikertzea eta dokumentatzea, lan horretaz Aranzadi Zientzia Elkartea arduratzen da, berritu berri den hitzarmenaren bidez; eta, bestetik, DNAren banku publikoa sortzea, Nasertic enpresa publikoak kudeatuta, azterketa genetikoak egiteaz eta gorpuzkiak identifikatzeaz arduratzen baita.

Kontseilariak Memoria Demokratikoaren I. Konferentzia Sektorialean hartu zuen parte atzo, eta gustura agertu da Espainiako Gobernuarekin eta Autonomia Erkidegoekin irekitzen den lankidetza-esparruarengatik, “benetan demokratikoa den proiektua finkatzeko oinarrizko urratsa da-eta”.

Lankidetza-esparru berri horri esker, Nafarroak, Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria den Josemi Gastonen arabera, “programak indartu ahal izango ditu, Espainiako Gobernuaren eskutik 230.000 euro baino gehixeago jasoko baititu desagertutako pertsonak aurkitzeko eta identifikatzeko lanak egiteko. Horrela, egiarako, justiziarako eta biktimen erreparaziorako eskubidea sakondu ahal izango da”.

Pasa den astean, Aranzadi Zientzia Elkartearekin, 2021eko Desobiratze Plana sinatu zuten, eta, bertan, hogei bat esku-hartze agertzen dira Nafarroako puntu ezberdinetan. Horiek batuko zaizkie 2000. urteaz geroztik burututako 120 esku-hartze baino gehiagori; horien bitartez, 235 desobiratu eta 112 identifikatu ahal izan dira.

Atzo, Memoria Demokratikoaren I. Konferentzia Sektorialean onartutako Lau Urteko Planarekin, finantzazio gehigarria eskuratuko da Gerra Zibilean eta diktaduran zehar desagertutako pertsonak aurkitzeko, desobiratzeko eta identifikatzeko nahiz egindako lanak zabaltzeko eta hilobi-lekuak duin egiteko.

Elkarrizketak eta argazkiak erakusketa birtualean

Lur Azpian / Bajo Tierra erakusketak lau atal ditu, eta egindako 40 elkarrizketaren 338 zati erakusten ditu, elkarrizketa osoak entzuteko aukera ere izanik. Era berean, 62 dokumenturekin eta 127 argazkirekin osatzen da, Nafarroako Memoriaren Institutuko artxibo digitalean digitalizatutako funts pertsonaletakoak.

Cesar Layanak azaldu du erakusketa birtuala “Nafarroako Memoriaren Institutuko ahozko artxiboa hedatzeko lehen proiektua dela, eta jarraipena emango zaiola aspalditik lantzen ari diren ekimen berriekin. Ikerketa historikorako ez ezik, diziplina anitzeko ikerketarako ere interes handia dute proiektuek; halaber, garrantzitsuak dira ondare memorialista gure gizartean hedatzeko eta lan didaktikoa egiteko “Memoriadun Eskolak” programaren esparruan”.