2021ko martxoaren 26a

Memoriaren Nafarroako Institutuak Gerardo Lizarraga erbesteratu nafarraren lanari buruzko liburua aurkeztu du

Argitalpen honek bat egiten du Nafarroako Museoan ikusgai dagoen artistari buruzko erakusketarekin
collections Irudi galeria

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak "Gerardo Lizarraga. Artista erbestean " liburua gaur goizean aurkeztu du, 1936ko kolpe militarraren ondoren erbesteratutako artista nafar honen memoria berreskuratzeko jardueren programaren barruan. Hala, Gerardo Lizarragaren artelanak biltzen dituen erakusketa bat dago Nafarroako Museoan, eta bertan,  Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatutako erbesteari eta erbestealdiak artearen eta arte-adierazpenen arloan izan duen duen eraginari buruzko Jardunaldiak izan dira.

Aurkezpenera bertaratu dira halaber Blanca Oria erakusketaren komisarioa eta  José Miguel Gastón Memoriaren Nafarroako Institutuko zuzendaria.

Bere esku-hartzean, kontseilariak azpimarratu egin du Nafarrako Gobernuak memoriaren politika publikoekiko duen “ageriko konpromisoa”, eta nabarmendu du Memoriaren Nafarroako Institutuak eginiko lanaren garrantzia “Nafarroak murriztu dezan Gerardo Lizarraga bezalako artistekin duen zorra, izan ere, euren destinoko tokietan aintzatespena jaso izan bazuten ere, haien galera, orokorrean, nahiko oharkabean gertatu da”. Hori dela eta, adierazi du, “inoiz baino beharrezkoagoa da memoriaren politika publikoak lantzea, belaunaldi arteko zabalkunde eta transmisio jarduerekin, iraganarekiko gizarte amnesiko bat saihesteko”.

Artistari buruzko erakusketako komisarioa den Blanca Oria, bere aldetik, XX. mende hasierako panorama artistikoaren baitan Gerardo Lizarraga bezalako artista batek lortutako ospeaz aritu da, esanez Iruñeko artista honen bizitza eta obra ezagutzera eman ahal izan direla datorren maiatzaren 23ra arte zabalik egongo den atzera-begirako erakusketa honi esker.

Bestalde, José Miguel Gastón Memoriaren Nafarroako Institutuko zuzendariak bere esku-hartzean azpimarratu du “hau bezalako liburu bat Gerardo Lizarraga artista nafarraren bizitza eta obra ulertzeko orduan zeinen garrantzitsua den, ildo nagusi modura balio izateaz gainera artearen munduaz eta kontzertazio-esparruetako eta erbestealdi esperientziez hausnartzeko”.

Memoriaren Nafarroako Institutuaren bitartez Nafarroako Gobernuak argitaratu duen obrak barne hartzen ditu, 290 orrialdetan zehar, erbestealdiak markatu zuen artista iruñarraren bizitza eta obrak. Edizioak 950 ale argitaratu ditu eta liburu-dendetan edo Nafarroako Museoan bertan eskura daitezke, 15 euroko prezioan.

Koordinazio editoriala José Miguel Gastón, César Layana eta Blanca Oriaren ardurapean garatu da; sustapenaren eta banaketaren ardura berriz, Nafarroako Gobernuaren Argitalpenen Funtsari dagokio.

Artista erbesteratua eta errepresaliatua

Gerardo Lizarragak, 1905ean Iruñan jaioak, Javier Cigaren tailerrean jaso zuen prestakuntza. Bere ikasketa artistikoak Madrilen amaitu ondoren, Parisen instalatu zen, bertan garaiko abangoardia artistikoekin harremana partekatuz.

Bere konpromiso politikoak Bartzelona errepublikanora eraman zuen, UGT-kin atxikitako Marrazkilari Profesionalen Sindikatuaren fundatzaileetako bat izanik, baita Edizio Antifaxisten proiektuaren sortzaileetako bat ere.

Gerra amaieran Frantziara erbesteratu zen; bertan, Argelès-sur-Mer, Agde eta Clermont-Ferrand kontzentrazio-esparruetan konfinatua izan zen. Aurrerago, Mexikorantz irtetea lortu zuen, bertan behin-betiko instalatuz. Bere bizitzako azken urtetan, bere barnean aztarna sakona utzi zuen barneratze-esparruetan izandako esperientziari buruz hausnartu zuen. Autoreak dionez, kontzentrazio-esparruen gaineko marrazkiak dira bere obraren atalik garrantzitsuena.