2021ko martxoaren 25a

Unibertsitate-ikasleen nazioarteko mugikortasunerako 2020-2021eko laguntzen deialdia argitaratu da

Berrikuntza gisa, lehentasuna izango dute Akitania-Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitateetan egonaldiak egiten dituztenek

Gaur ireki da, 2020-2021 ikasturte honetarako, unibertsitate-ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntzak eskatu ahal izateko epea; eskaera 30 egun naturaletan egin ahal izango da. Deialdia 260.000 eurokoa da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu zen pasa den asteartean, martxoaren 23an.

Deialdian parte har dezakete unibertsitateko graduko zein masterreko ikasleek; ikasle horiek nafarrak izan behar dute edo Nafarroan erroldatuta egon behar dute, eta Espainiako unibertsitateek kudeatutako nazioarteko mugikortasuneko programaren batean parte hartu behar dute. Laguntza emateko errendimendu akademikoa kontuan hartuko da, eta lehentasuna izango dute ikasle bekadunek; gainera, aurten berrikuntza gisa, lehentasuna emango zaie, baita ere, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitateetan egonaldiak egiten dituztenei.

Onuradunek 100 euroko laguntza jasoko dute egonaldiko hilabete bakoitzeko. ERASMUS+ programan parte hartzen duten ikasleen kasuan, laguntza hori gehituko zaio Europar Batasunetik jasotzen duten ekarpenari; hots, 200 eta 300 euro artean, helmuga-herrialdearen arabera.

Beste herrialde batzuetan egoteak dakarren zama ekonomikoa murriztea

Unibertsitateek mugikortasun-programa ezberdinak sustatzen dituzte, nazioarteko dimentsioa hobetzen laguntzeko, eta unibertsitate-irakaskuntzak hobetzeko funtsezkoetako batzuk dira. Programak Europar Batasuneko edo beste erakunde publiko eta pribatuetako funtsekin eta unibertsitateen baliabide propioekin finantzatzen dira.

Zehazki, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak laguntza hauen bitartez zenbateko gehigarri bat ematen du, mugikortasuneko programa ezberdinetako onuradunek jasotzen duten zenbatekoa gehitzeko. Era horretan, beste herrialde batzuetan egoteak dakarren zama ekonomikoa murriztea da horien helburua.

Iazko ikasturteko deialdian, 500 bat ikaslek hartu zuten parte, eta egonaldiak batik bat Italian, Polonian, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Alemanian edo Frantzian egin zituzten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek aurreko deialdietan emandako laguntzen %50 baino gehiago hartzen dute eta Nafarroako Unibertsitateko ikasleek %20. Gainera, emandako laguntzen %60a emakumeentzat izan da.