2021ko martxoaren 25a

“Parekoen topaketa” ekimenak ikerketa-jarduera gerturatu die Nafarroako 6 ikastetxetako 62 gazteri

Elhuyarrek antolatu du online saioa, Nafarroako Gobernuaren eta STEM Planetaren babesarekin
Zangozako Ikastolako ikasleak, online saioan.
camera_alt Zangozako Ikastolako ikasleak, online saioan.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

“Parekoen topaketa” ekimenak ikerketa-jarduera gerturatu die Nafarroako 6 ikastetxetako 62 gazteri, 18 ikertzaileren parte-hartzea izan duen online saio batean. Topaketa ostegun honetan egin da, Elhuyarrek antolatuta, Nafarroako Gobernuaren eta STEM Planetaren babesarekin. 

Ekimenaren helburua bikoitza da: batetik, STEM profesionalak ezagutzea eta, bestetik, Nafarroako ikerketarekin konprometitutako Bigarren Hezkuntzako zentroen sarea indartzea, unibertsitatearen atarian dauden ikasleen trebakuntza eta gaitasunak hobetzeko.

Topaketak aukera eman die bai ikasleei, bai ikertzaile gazteei elkar ezagutzeko, proiektuak partekatzeko eta horiek hobetzeko oharrak egiteko. 

Gaurko saioa Elhuyar Zientzia Azoka ekimenari lotua dago, eta azokan parte hartzen ari diren Nafarroako ikastetxeetako gazteak izan dira topaketa honetara batu direnak. Guztira, 6 ikastetxetako (Otsagabia, Garralda, Barañain eta Erronkariko institutuak, San Fermin ikastola eta Zangozako Ikastola) 62 gazte (24 neska eta 38 mutil). 24 proiektu aurkeztu dituzte (16 euskaraz eta 8 gaztelaniaz). 

Ikertzaileei dagokienez, 18 izan dira guztira: Nafarroako ikertzaileak, STEM Planetaren mentore-sareko kideak, eta Elhuyar Zientzia Azokako ikertzaile boluntarioak; guztira, 13 STEM emakume eta 5 gizon. 

Zientzia eta teknologia sustatzea

Eraldaketa soziala eta zientziaren eta teknologiaren aldeko apustua denon erronka da: hezkuntzarena, familiena, enpresena zein eragile eta instituzio politikoena. Lortu nahi da gazte-gaztetatik STEAM (ingeleseko sigletatik: zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematika) gaiekiko interesa piztea eta STEM profesional emakumeen presentziaren alde egitea. 

Elhuyar Zientzia Azokaren 9. edizioa da aurtengoa. 2013an lehen edizioa egin zenetik, gaur arte, 12-18 urte bitarteko 6.000 bat gaztek hartu dute parte. Lehia alde batera utzi eta talde-lana sustatzeko eta bizipen aberasgarriak eskaintzeko asmoz, gazteek talde txikitan elkartuta ikerketa-proiektuak edo proiektu teknologikoak egiten dituzte, ikasturte-amaieran Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian aurkezteko.