Chivite Lehendakariak Zangozan esan du despopulazioari aurre egin behar zaiola enpresa-proiektuen eta ingurunerako zerbitzuen bitartez

Udal-ordezkariekin egindako bileran, 15 milioi eurotik gorako ekimenak aurkeztu ditu, Rocaforte eta Irunberriko industrialdeak sustatu eta hezkuntza- eta teknologia-arloko azpiegiturak hobetzeko

2021ko martxoaren 17a
videocam La Presidenta Chivite presenta el plan Reactivar Navarra en Sangüesa collections Irudi galeria

Combatir la despoblación es uno de los objetivos claves recogidos en la Estrategia de Cohesión Territorial y Social de Navarra y a ello dirigirá el Gobierno de Navarra buena parte de sus esfuerzos en los próximos años. Éste es el mensaje que ha trasladado hoy la Presidenta María Chivite en su visita a Sangüesa / Zangoza, donde ha presentado las inversiones recogidas en los Presupuestos Generales de Navarra y en el Plan Reactivar Navarra / Nafarroa Suspertu para la zona prepirenaica, una de más afectadas por la despoblación en la Comunidad Foral.

Despopulazioari aurre egitea da Nafarroako Lurralde eta Gizarte Kohesiorako Estrategian jasotako helburuetariko bat, eta Nafarroako Gobernua horretan ahaleginduko da datozen urteetan. Mezu hori helarazi du gaur Maria Chivite Lehendakariak Zangozara egindako bisitan, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretan eta Nafarroa Suspertu Planean Aurre Pirinioetako zonarako jasotako inbertsioak aurkeztu ditu, Foru Komunitatean despopulazioak gehien kaltetutako eremua baita.

Bisitan, Lehendakariarekin batera izan dira Jose Mª Aierdi lehendakariordea eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria den Elma Saiz. Karmengo Auditorioan bildu dira hogei bat udal-ordezkari eta honako hauetako kideak: Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa, Cederna Garalur, Zangozako Eskualdeko Mankomunitatea eta Iratiko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea.

Zangozako eskualdean, ia 10.000 biztanle bizi dira hamabost bat herritan barreiatuta, eta azken hamarkadetan biztanleen herena galdu du inguruak. Bizilagunak erakartzea lortzeko, enpresa eta industria aldetik erakargarria bilakatu behar da eskualdea eta zerbitzuak eskaini. Beraz, helburu hori aurrean hartuta, Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek zenbait inbertsio aurkeztu ditu, zazpi milioi eurotik gorakoak, Zangozan Rocaforteko industrialdeak eta Irunberrikoak bultzatzearren.

Nasuvinsa enpresa publikoaren eskutik, Lurraldearen Antolamendu, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak datozen hiru urteetan guztira 5,3 milioi euro inbertitzea aurreikusten du, Zangozako eremu ekonomikoko urbanizazio-lanak egiteko. Horiei beste 1,2 milioi gehituko zaizkie, Irunberriko poligonoan harakintza-industria ezartzeko. Modu horretan, bi ekimen horien bitartez, inguruan enplegua eta aberastasuna sortuko duten enpresak erakarri ahal izango dira.

Horrez gain, Lehendakariak gaur adierazitako moduan, ondorengo herri-programa abian jarri nahi da: “berrikuntza sozialeko eta ekintzailetzako ekosistemak sortzeko proiektua, negozio-ekimen berriak sustatzeko, bertako biztanleek bultzatuta, biztanleria bertan kokatzen laguntzearren”. Inkubagailu horretan hainbat proiektu aurkitzen dira jada garapen-fasean; hala nola, ekonomia zirkularreko parkea Zangozan edo coworkingerako kultur espazio bat sortzea, eskualdean erabiltzen ez diren eraikinak berreskuratuta.

Antzinako eraikinak birgaitzea

Hain zuzen ere, abandonatutako higiezinei bizia emateko lan horretan, Lurraldearen Antolamenduak 350.000 euro inbertitu ditu Zangozako bidezainen etxe zaharrak birgaitzeko. Horietan, alokairu publikoko lau etxebizitza eraiki dira. Behin lan hori amaituta, Nasuvinsa baita ere aztertzen ari da inguruko hamar bat udal-eraikinetan jarduerak egitea bideragarria izango den, eraikin horiek Foru Gobernuaren eskura jarri baitituzte Udalek, alokairuko etxebizitzen eskaintza gehitu eta gazteei etxebizitza-aukerak eskaintze aldera.

Ildo berean, Nafarroako Gobernuak Altzibarko Jauregia eta Nagore ingurunea birgaitzeko proiektua abian jarri du, toki-garapen iraunkorreko ekimenak eta enplegua sortzearren. Altzibarko Jauregia bisitarien harrera-zentro bilakatu nahi da, bailaran turismoa dinamizatzeko. Proiektua Next Generation funtsekin lotuta dago, eta 4 milioi euroko inbertsioa egin beharko litzateke lau urteetan. Gainera, jauregia birgaitzeaz gain, tailerrak, erakusketa-aretoak, kafetegia eta atseden-eremua sortuko lirateke.

4,6 milioi euro baino gehiago Zangozako CENER instalaziorako

Azpiegiturak hobetzearekin batera, prestakuntza eta hezkuntza nabarmen bultzatuko dira, Chivite Lehendakariak adierazitako moduan. Arlo horretan, jarduera nagusietako bat izango da, hain zuzen ere, Agoitzen institutu berria eraikitzea, zonako ikasleentzat. DBHI berriak bi lerro izango ditu ikasturteko, eta 3,62 milioi euroko inbertsioa egin beharko da. Helburua da 2022-2023 ikasturterako prest izatea.

Hezkuntzako fase goiztiarreko inbertsio hori osatzeko, Foru Gobernuak berrikuntzaren eta zentro teknologikoak garatzearen aldeko apustua egin nahi du; esate baterako, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) instalazioak ditu Zangozan. Bertan, aerosorgailuen entseguak egiteko laborategi bat dago, munduko I+G arloko zentro onenetarikoa eta aurreratuena. Plantilla gehiena Zangoza ingurukoa da, eta gauza bera gertatzen da hornitzaile eta bezeroekin ere, tartean Irunberriko Nordex Blades Spain instalazioa aurkitzen baita.

Nafarroako Gobernuak 2021en amaierarako 4,65 milioi euroko inbertsioa egin nahi du Rocaforten CENERrek duen instalazioan; hau da, 2012az geroztik egin den inbertsiorik handiena. Gainera, zenbateko hori handiagoa izan daiteke Next Generation funtsen bitartez; izan ere, Foru Exekutiboak eta zentro teknologikoak elkarrekin egiten dute lan entseguen laborategi berri bat abian jartzeko. Horrela izanez gero, zonarako beste 14 milioi jarriko lirateke 2021 eta 2023 urte artean.

Zentro horri beste enpresa-ekimen batzuk gehitzen zaizkio; esate baterako, Mina Muga, Geoalcali enpresaren potasa-meatzeko proiektua. Horretarako, 576 milioi euroko inbertsioa egingo da bi fasetan, eta horietatik 60 jada gauzatu dira; gainera, zuzeneko 800 enplegu sortuko dira meatokia lanean hastean.

1,2 milioi euroko inbertsioa inguruko banda zabala handitzeko

Horrez guztiaz gain, zenbait inbertsio egingo dira inguruko konektibitatea hobetzeko. Telekomunikazioei dagokienean, Nafarroako Gobernua 1,2 milioi euroko inbertsioak egiten ari da banda zabala Aurre Pirinioetako zonara eta Zangozako eremura eramateko, funtsezkoa izanik zonaren garapen ekonomiko zein sozialerako. Inbertsioaren zati handiena Foru Gobernuak zonan dituen egoitzak nahiz Zangoza, Urroz, Agoitz eta abarrekoak konektatzeko izango da. Baina, halaber, beharrezko azpiegitura eraman beharko da operadoreak herrietara iritsi daitezen. Era berean, Zangozako kale nagusian konexio-arazoak hobetzeko lan egingo da, bereziki garrantzitsua baita Donejakue Bideko zatia izateagatik eta bertan elementu kulturual eta historiko garrantzitsuak egoteagatik.

Bestalde, biribilgunea egingo da Monrealen, hiriaren erdialdearekin zeharbideko elkargunea hobetzeko. Lan horien aurrekontua 500.000 erokoa izango da. NA-2420 errepidean lekuz aldatutako biribilgunea da, hiriaren erdialderako sarrera- eta irteera-mugimenduak bideratzeko.

Gainera, 1,2 milioi euroko laguntza-lerroa sortu da udal-azpiegiturak hobetzeko, despopulazioari aurre egitearren, kirol eta aisialdirako espazioak, zentro soziokulturalak eta gainerako zerbitzu publikoak hobetuaz.

Aurten, halaber, martxan jarriko da Orotz-Beteluko araztegi berria; bertan, milioi euro erdi bat baino gehiago inbertitu dira. Eta, ildo berean, beste araztegi bat jarriko da baita Zorokiainen ere.

Horrez gain, beste inbertsio batzuk aurreikusten dira inguruko ondarea zaharberritzeko eta kontserbatzeko. Aurten, adibidez, 860.000 euro jarriko dira Leireko monasterioan obrak egiteko eta beste 400.000 euro Kasedako San Zoilo elizarako. Irunberriko zubirako 250.000 euro bideratuko dira. 

Azkenik, Zerbitzuen Mankomunitatea eta Zangozako Udala, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Hondakinen Prebentziorako Bulegoak proposatuta, Zangoza Hiri Iraunkor bilakatzeko proba pilotua prestatzen ari dira. Proiektua aurtengo bigarren seihilekoan jarriko litzateke abian, ontziak itzultzeko sistemaren esperientzia martxan jarrita. Horretarako, Recircula Elkarteak laguntza teknikoa eskainiko du. Horrez gain, iraunkortasunarekin lotutako beste elementu batzuk integratzeko aukera ere izango litzateke; esate baterako, aurrezpen energetikoa edo herriko uraren eta argiztapenaren kudeaketaren eraginkortasuna.