2021ko martxoaren 15a

Irakasleek euskara ikasteko edo hobetzeko ikastaroak egiteko laguntzak argitaratu ditu Hezkuntzak

2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean egindako ikastaroetara bideratuko dira dirulaguntzak

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak irakasleek euskara ikasteko edo hizkuntza hobetzeko banakako laguntzak argitaratu ditu. Dirulaguntza 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean egindako ikastaroetara bideratuko da. 

Ikastetxe publikoetan edo helduei euskara irakasteko ikastetxe pribatuetan emandako ikastaroren batean parte hartu duten irakasleek irailaren 1etik aurrera aurkezten ahalko dute eskaera telematikoki. Diruz lagunduko dira ikastaro estentsibo nahiz intentsibo presentzialak, baita barnetegietan egiten direnak eta online ikastaroak ere, euskara ikasteko edo hobetzeko helburua dutenak.

Ez dira diruz lagunduko Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak zein Irakasleen Laguntzarako Zentroek eskainitako hobekuntza ikastaroak eta eduki metodologikoa duten prestakuntza ikastaroak.

Onuradunak

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako eta itunduetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntzak, baldin eta matrikula egiten duten unean jarduneko zerbitzuan badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute.

Laguntzak matrikularen kostuaren %50 hartuko du. Barnetegietako ikastaroen kasuan, halaber, ostatu eta mantenu gastuen %50 ere ordainduko da, gutxienez.

Laguntzen %75 sare publikoko irakasleentzat izanen da, eta %25, sare itundukoentzat.