2021ko martxoaren 9a

Nafarroako Gazteriaren Institutuak 330.000 euro banatu ditu Nafarroako 40 toki entitateren artean gazteen parte-hartze programetarako

2020-2023 Gazteriaren Foru Estrategiak ezartzen dituen parte-hartze eta lurralde kohesiorako ardatzak garatu ditu deialdiak

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, 330.000 euro banatu ditu 40 toki entitateren artean gazteentzako planak garatu, teknikariak kontratatu edo mantentzeko zein Nafarroako gazteen parte-hartze aktiboa hobetuko duten programak garatzeko.

Laguntzen zenbatekoa, guztira, 10.000 euro handitu da aurreko ekitaldiarekin alderatuta, 320.000 euro eman baitziren. Diru-laguntza horiek baliagarri izango dira, batetik, gazteria-teknikarien kontratazio eta/edo mantentze berrien kostua finantzatzeko (gastuaren % 50 inguru diruz laguntzen da), eta, bestetik, toki-erakundeek antolatzen dituzten jarduerak finantzatzeko (gastuaren % 20 inguru laguntzen da diruz). Jarduera horiek 14 eta 30 urte bitartekoentzat izango dira eta 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitartean egitea.

Diruz lagundutako ekintzen artean, nabarmentzekoa da Nafarroako gazteei buruzko planak, azterlanak eta diagnostikoak egiteko eskaeren gorakada, plangintza estrategikoko tresna horiek lagunduko baitiete toki-erakundeei COVID-19k gazteei planteatu dizkien erronkei erantzuten.

Diru-laguntzak jasoko dituzten 40 toki-erakundeak udal hauek izan dira: Berriozar, Iruña, Berriobeiti, Barañain, Irurtzun, Viana, Zizur Nagusia, Aranguren, Araitz, Castejon, Uharte-Arakil, Beriain, Milagro, Antsoain, Tutera, Etxarri Aranatz, Gesalatz, Baztan, Lizarra, Lerin, Tafalla, San Adrian, Esteribar, Eguesibar, Falces, Burlata, Lekunberri, Deierri, Aiegi, Arellano, Deikaztelu, Orkoien, Atarrabia, Altsasu, Olatzagutia, Zangoza, Barásoain, Arbizu, Uharte eta Etxauri.

Gazteriaren Foru Estrategiaren baitako laguntzak

Diru-laguntzen deialdi hau 2020-2023 aldiko Gazteriaren Foru Estrategiak proposatutako ekintza-bideen barruan kokatzen da, eta, besteak beste, haren zeharkako bi ardatz ezartzen laguntzen du: parte-hartzearena eta lurralde-kohesioarena. Parte hartzeko zeharkako ardatzaren helburua da gazteen esku-hartze eremuak gero eta irekiago eta anitzago zabaltzea. Bestalde, lurralde-kohesioaren ardatzak gazteek lurralde osoan dituzten aukerak bermatu nahi ditu, bai eta despopulazioaren aurka borrokatu ere, Nafarroako gazteen bizi-kalitatea hobetuz eta gizarte- eta ekonomia-garapenerako zailtasun handienak dituzten eremuei arreta berezia eskainiz. Ildo horretan, NGIk ikuspegi deszentralizatua, zeharkakoa eta lankidetzakoa hartzen du, Nafarroako eskualde desberdinetako tokiko gazteria zerbitzuekin lankidetza indartu eta zabaltzeko aukera ematen baitio.

Laguntzek toki-erakundeen proiektuak finantzatzen dituzte, gazteentzako neurrien garapenean eragiten dutenak eta haien garapen pertsonalean eta udalerrian parte har dezaten sustatzen dutenak, betiere Nafarroako Foru Komunitate osorako aukera-berdintasunari dagokionez.

Toki erakundeek, besteak beste, gai hauekin lotutako proiektuak aurkeztu dituzte: gazteek prestakuntza eta enplegua eskuratzea, osasuna, boluntariotza, indarkeriaren prebentzioa, gazteen parte-hartze solidarioa, artea eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden gazteek eta/edo desgaitasuna duten gazteek parte hartzen duten aisialdiko eta denbora libreko proiektuak.