2021ko martxoaren 5a

Osasun Departamentuak astelehen honetan berrekingo dio Koloneko Minbizia Goiz detektatzeko Programaren jarduerari

Laginak hartzeko materiala Donibane, Tafalla, Arrosadia, Ermitagaña, Tutera Mendebaldea eta Lizarrako osasun-zentroetara atxikitako pertsonei bidaliko zaie

Martxoaren 8an Koloneko Minbizia Goiz detektatzeko Programaren jarduerari berrekingo zaio, COVID-19aren pandemiaren ondorioz urtebete geldirik egon ondoren. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (ISPLN) aurreikuspena da laginak hartzeko materialaren bidalketa egun horretan bertan abiaraztea Donibane, Tafalla, Arrosadia, Ermitagaña, Tutera Mendebaldea eta Lizarrako osasun-zentroetara atxikitako pertsonentzat.

Bestalde, polipoen jarraipenerako azterketekin jarraituko da, hilabete hauetan zehar normaltasunez mantendu den programako jarduera izanik.

COVID-19ak eragin du, munduko herrialde gehienetan, minbizia bahetzeko programen jarduera ia guztiak aldi baterako eten behar izatea, baheketaren izaera ez larriagatik, horrela herritar parte hartzaileei eta profesional sanitarioei transmisioa saihesteko, eta baliabide sanitarioen gehiengoa COVID-19 duten gaixoen lehentasunezko arretarako kontserbatzeko eta dedikatzeko asmoz.

Nafarroan, 2020ko martxoan, gorozkietan ezkutatutako odola aztertzeko kit-ak bidaltzeari utzi zitzaion. Era berean, osasun zentro guztietan agindu zen jada programara gonbidatuta zeuden pertsonek zeuzkaten kit-ak jasotzeari uzteko, besterik abisatu ezean. Ospitaleen kasuan, Programako aipatu kolonoskopia guztiak ezeztatu ziren, bai bahetzearenak eta bai polipoak aztertzearenak.

Pandemiak hurrenez hurreneko fasetan aurrera egiten zuen heinean, ahal zen neurrian, eta esparru guztietan, epe honetan galdutako jardueraren neurri bat berreskuratzeko saiakera egin zen, profesionalen hala nola erabiltzaileen segurtasuna zaintzeko gomendatutako neurri guztiak hartuz. Horrela, alarma egoeran ezeztatu ziren kolonoskopiak berreskuratzea lortu zen, baita hilabete hauetan zehar aldizka egin diren polipoen jarraipenerako azterketak ere.

Kit-en bidalketa

Hurrengo bi astetan zehar laginak hartzeko material berria bidaliko zaie Donibane, Tafalla, Arrosadia, Ermitagaña, Tutera Mendebaldea eta Lizarrako osasun-zentroetara atxikitako pertsonei. Eskatzen zaie 2020an euren etxetan jaso zuten kit-a daukaten pertsonei, ez erabiltzeko, izan ere, gomendatutako bere erabilerarako iraungipen-data gainditzeagatik, erabilezina da.   

Era berean, laginak jasotzeko materiala bidaltzen jarraituko zaie Programako erabiltzaileak diren pertsonei, ondorengo oinarrizko eremuetara: Ermitagaña, Artaxoa, Barañain, Tutera Mendebaldea, Lizarra, Uharte, Cintruénigo, Buztintxuri, Berriozar, Iturrama, Tutera Ekialdea eta Gares. Uda ondoren, jarduerari ekingo zaio beste oinarrizko osasun eremu batzuetan.

Martxoaren 22ko astetik aurrera, oraindik gonbidatu gabe zeuden pertsonei gonbidapenak bidaltzeari berrekingo zaio, 2020ko laugarren txandan zain geratu zirenei.

Hurrengo bi urtetako gonbidapenen egutegia kontsultatzeko aukera dago www.cancercolon.navarra.es web orrian. Programaren laugarren txanda 2022ko azaroan amaitzea aurreikusten da, betiere pandemiaren egoerak hori ahalbidetzen duenean.

Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa

Bestalde, Foru Komunitatea bularreko minbizia goiz detektatzeko Programako 15. txanda amaitzear dago. 2020ko ekainetik aurrera, bahetze esplorazio eta tarteko azterketetako emakumeentzako gonbidapen bidalketa berreskuratu zen.

Une honetan, 7.999 emakume daude bahetze gonbidapenaren zain 15. txanda amaitu arte; mamografien unitate finkoari 7.069 dagozkio (Arrotxapea, Barañain eremuak eta Iruñako 31010 eta 31013 posta kodeak) eta 930 emakume unitate mugikorrari  (Lizarra, Artaxoa eta Larraga). Azkeneko kalkuluaren arabera, txandaren amaiera 2021eko ekainerako aurreikusten da.