2021ko martxoaren 1a

Nafarroako Memoriaren Institutuak 1.200 erbesteratu nafarren errolda irekia aurkeztu du

Erbesteratze Proiektuaren barruan, 36az geroztik mugaldean egin zen kontrol militarrari buruzko txosten bat ere egin da
collections Irudi galeria

Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak bi ekimen berri aurkeztu ditu gaur goizean, Nafarroako Memoriaren Institutuak 2020an abian jarri zuen Erbesteratzea proiektuaren barruan. Ekimen horiek informazioa, datuak eta zorroztasun historikoa ematen jarraituko dute Nafarroako erbestearen ezagutzari eta haren ondorio pertsonal eta familiarrei.

Alde batetik, 1936ko kolpe militarraren ondorioz erbesteratutako nafarren erroldaren lehen bertsioa argitaratu da. Zerrenda Josu Chueca EHUko Historia Garaikideko irakasleak egin du eta eskuragarri dago Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren webgunean. Erroldak, gaur egun, 1.200 izen baino gehiago ditu eta nabarmendu den bezala, "erbestearen alderdi kuantitatiboetan zein kualitatiboetan sakontzeko aukera ematen du, horrela, memoria historiko eta demokratikoaren mugimenduaren barruan baztertutako arazo hori ezagutzeko".

Institutuak, gainera, txosten berri bat argitaratu du 36. urtearen ondoren mugaldean egin zen kontrolera hurbiltzeko, iturri dokumental militarrak aztertu eta aztertuta.

Gutmaro Gómez Bravo "Gunde" Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle titularrak eta Gerra Zibilaren eta Frankismoaren Ikerketa Taldeko zuzendariak egindako txostenak Nafarroako mugan sortzen joan ziren sareak eta ibilbideak jasotzen ditu, bereziki gerraostearen eta II. Mundu Gerraren amaieraren arteko urteetan, berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran behin betiko egonkortu zen arte. 2018an Avilako Artxibo Militar Nagusian desklasifikatu ziren iturri militarrak aurkitu eta horien inbentarioa egin dute eta mugaz gaindiko informazio-unitateak eta barne-informazioko buletinak aztertu dituzte.

Zeharkako proiektua

Bi ekimenen aurkezpenean, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak gogorarazi du Erbesteratzea Proiektuak, aurkeztu zenetik, Nafarroako Memoriaren Institutua martxan jartzen ari den ekintza guztiak biltzen dituela. "1936ko kolpe militarraren, gerraren eta diktadura frankistaren garaipenaren ondorio larri, sakon eta iraunkorrenetako bat izan zen eta oraindik da erbestea".

"Erbesteratze Proiektua asmo handiko errealitate bat da", esan du. "Horren adibide onak dira nazien eremuetara erbesteratutako Nafarren errolda, Irudiak Memoriarekin ikus-entzunezko topaketak, Uriz Pi aizpei eta Brameko kontzentrazio-esparruari buruzko erakusketak, Gerardo Lizarragaren lana edo Jose Alfaroren erbestea, Vencidos antzezlana edo makien desobiratzeak Castillonuevo eta Goldaratzen".

Eta gaur, amaitzeko, "Josu Chueca eta Gunde Gómez Bravoren eskutik, bi ekimen berri gehitu dizkiogu Erbesteratze  Proiektu honi. Ekimen horiek informazioa, datuak eta zorroztasun historikoa ematen jarraituko dute Nafarroako erbestealdiaren ezagutzan, haren ondorio pertsonal eta familiarretan eta gure lurrarentzat zer eragin izan zuen, azken egunetara arte frankismoa inguratu zuen atmosfera grisean murgilduta".

Bestalde, Josemi Gaston Memoriaren Nafarroako Institutuko zuzendariak gogorarazi duenez, "Nafarroako erbesteratzearen aitorpen instituzionala zor bat zen 36ko kolpe militarraren ondorioz muga zeharkatu behar izan zuten pertsona guztiekin. Hortik dator gaur aurkezten diren lanen garrantzia. Elkarren artean lotutako bi proposamen, errepresio frankistari buruz Nafarroan dagoen ezagutza indartzera datozenak".

Gastonek gogorarazi duenez, Jose Chuecak egindako txostena eta Gunde Gomez Bravo irakasleak idatzitakoa Memoriaren Nafarroako Institutuaren Dokumentazio Zentroan daude kontsulta publikorako, aldez aurretik hitzordua eskatuz  egungo egoerak irauten duen bitartean. Azken kasu horretan, Avilako Artxibo Orokor Militarretik ateratako datu-base batekin batera dator.