2021ko otsailaren 25a

Nafarroako Kirolaren Institutuak aurretiko aldeko txostena duten kirol-ekitaldiak antolatzea baimenduko du

Antolatzen den lekuan eragina duten kirol-proba puntualak dira

Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) kirol-ekitaldien antolaketa baimendu du, baldin eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eta NKIren aldez aurretiko aldeko txostena badu. Horretaz gain, gazteen eta kadete kategorietan kontaktuzko- edo oposizio-kiroletan lehiatzea ere baimendu du, baita oraindik egin ezin zituzten seniorren kategorietako batzuetan ere.

Ostegun honetan argitaratutako ebazpenean, NKIk gainera, Nafarroako Lehendakariaren azken Foru Dekretuan jasotzen diren lehiaketa autonomikoetarako kirolariak sartzeko eta irteteko baldintzak garatu ditu. 

Kirol-ekitalditzat hartzen dira  noizbehinkako edo aldizkako gertaerak, baldin eta ekitaldi horiek antolatzen diren tokian bertan eragin handia badute, garrantzi sozial eta mediatikoagatik, garrantzi ekonomikoagatik, parte-hartze handiagatik edo antolaketa-konplexutasunagatik.

Kirol-ekitaldi bat antolatu eta egin nahi duen erakundeak, aldez aurretik, esku hartzen duten pertsona guztien osasuna babesteko berariazko neurriak ezartzen dituen jarduera-protokolo bat bidali beharko dio Nafarroako Kirolaren Institutuari, osasun-agintariek ezarritako irizpideen arabera. Bai NKIk bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, aldeko txostena egin beharko dute.

Kontaktuzko edo oposizioko kirol-lehiaketei dagokienez, otsailaren 26tik aurrera hasi ahal izango dira gazteen eta kadeteen kategoriak, bai eta aurreko ebazpenean jasota ez zeuden kategoria absolutu edo seniorrak ere.

Beheragoko kategorietako kontaktu- edo oposizio-kirolei dagozkien Nafarroako esparruko gainerako lehiaketa ofizialak Nafarroako Kirol Institutuak baimenduko ditu, egoera epidemiologikoaren eta osasun-agintarien irizpidearen arabera.

NKIren ebazpenak, gainera, zer neurritan garatu behar den kirol-jarduera eta lehiaketak zer baldintzatan egingo diren gogorarazten du, bai kontaktuzko kiroletan, bai kontaktuzko kirolak ez direnetan; aire zabalean burututako eta estaliko probetan parte hartzeko edukierak; entrenamenduak; zuzendutako jarduerak; eta igerilekuen kirol-erabilera.

Kirolarien mugikortasuna kategoria autonomikoan

Lehendakariaren azken Foru Dekretuak berritasun gisa jasotzen ditu, Nafarroatik irten eta sartzeko salbuespenetan, autonomia-erkidegoetako lehiaketa ofizialetako kirolariak, talde teknikoak eta arbitralak.

NKIren ebazpenak neurri honen helburua Erkidegotik kanpoko kirolariei entrenamendu eta lehiaketetara sartu eta irteteko aukera ematea dela adierazten du, baldin eta talde horiek oso-osorik Nafarroan garatutako liga erregularretan parte hartzen badute; eta, aldi berean, erkidego mugakideetako taldeetan edo Nafarroako Foru Erkidegoan bertan parte hartzen duten eta erkidego horietan osorik garatutako liga erregularretan parte hartzen duten kirolari nafarrei.

Kirolerako beste neurri berri batzuk

Osasun Departamenduak kirolari ere eragiten dioten jarraibideak ezarri ditu: korrikalariek maskara eraman beharko dute, betiere 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia bermatu ezin badute. Gainera, pertsona asko biltzen diren lekuetan, hala nola parkeetan, ibai-pasealekuetan edo hiriguneetan, jarduera banaka egitea gomendatzen da.

Halaber, adierazi du espazio itxietan zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egiteko taldeak hamar lagunekoak izan daitezkeela, lehen seikoak zirenean. Hala ere, 15 pertsonako taldeetan egin ahal izango dira, baldin eta instalazioak 5 metro karratuko baldintzak betetzen baditu parte-hartzaile bakoitzeko mugikortasun txikiko jardueretarako eta 16 metro koadrokoak partaide bakoitzeko, mugikortasun handiko, aireztapen natural edo behartuko (mekanikoa) jardueretarako, airea birzirkulatu gabe.