2021ko otsailaren 24a

Nafarroako Gobernuak irailaren 30era arte luzatu du apustu-etxe berriak jartzeko debekua

Gainera, ez da lizentzia berririk emanen tabernetan jokatzeko makinetarako

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Foru Dekretu bat onartu du zeinaren bidez irailaren 30era arte luzatuko den joko-areto berriak, bingoak edo berariazko apustu-lokalak jartzeko eta tabernetan joko-makinetarako lizentzia berriak emateko debekua.

Gogoratu behar da Exekutiboak 2019ko urrian hasi zituela aurretiazko lanak, Jokoari buruzko Foru Legea aldatzeko, ludopatia prebenitzeko, adin txikikoak eta talde behartsuak babesteko eta joko arduratsua bultzatzeko. Horregatik, bertan behera utzi zuen lokaletako lizentzien kontzesioa. Gero, 2020ko martxoan, Gobernuak erabaki zuen ez ematea lizentzia berririk tabernetako joko-makinetarako.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak 2019ko urrian ponentzia bat sortzea onartu zuen, jokoaren eta ludopatiaren esparruan ondorioak aztertu eta lantzeko, eta laster aurkeztuko du bere lana. Hori dela eta, Gobernuak uste du jokoa arautzen duen arau berriak Legegileak lor ditzakeen ondorio edo printzipioak jaso ditzakeela, eta ondorio edo printzipio horiek Foru Lege proiektu batean jasoko liratekeela.

2020an, Nafarroan 3 bingo zeuden, 11 apustu-etxe eta 58 joko-areto. Alde horretatik, esan behar da 58 joko-aretok dutela ustiapen-baimena, baina, gaur egun, horietatik 54 bakarrik daude martxan.

Ostalaritzan ezarritako joku makinak jaitsiera izan zuten 2020an, 157 gutxiago, urtarrilaren 1ean 1.514 zeuden eta abenduaren 31n 1.357.