Descárgate la app
Iruñeko Txantrea auzoan, Santesteban, Lesaka, Monreal, Etxarri Aranatz eta Mendigorria kaleak berrurbanizatuko dituzte
2021ko otsailaren 24a
Iruñeko Txantrea auzoan, Doneztebe, Lesaka, Elo, Etxarri Aranatz eta Mendigorria kaleak berrurbanizatuko dituzte
Txantrea auzoaren hego-ekialdeko eremuak urbanizazio berria estreinatu du, Mendigorria, San Kristobal, Etxarri Aranatz eta Elo kaleen arteko koadrantean sei hilabetez egindako lanak amaitu ondoren.
Aurrekontua 2.044.469,66 eurokoa izan da, eta Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako gobernuak -Tokiko Inbertsio Planaren bidez (TIP) 1.123.103 euro jarrita - finantzatu dute.
Gaur goizean, Bernardo Ciriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak, Enrique Maya Iruñeko Alkateak, , David Campión Iruñerriko Mankomunitateko presidenteak, Jesús María Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eta Udaleko Hirigintza Gerentziako eta Batzordeko kideek eremua bisitatu dute, zeinak irudi berri bat erakusten duen espaloiak zabaldu, galtzadak murriztu, oinezkoen pasabide goratuak egin, bideak asfaltatu, egonleku berriak sortu eta orain arte fatxadetatik zihoazen zerbitzuak lur azpitik eraman ondoren. Horrez gain, auzoak, lanak egin bitartean prestatu zen disuasio-aparkaleku eremu berria irabazi du Ezkaba kalean, orduz geroztik doako aparkaleku gisa mantendu baita.
Egindako obrek Etxarri Aranatz, Mendigorria eta San Kristobal kaleetan izan dute eragina, baita Doneztebe, Lesaka eta Elo - esparru horretako barneko kaleetan. Lanak joan den ekainaren amaieran hasi eta joan den abenduaren amaieran bukatu ziren. Proiektu hau, separata gisa, jarduketa-esparru handiagoko berrurbanizazio proiektu baten parte da, non Milagro eta Ezkaba bezalako inguruko kaleetan antzeko esku-hartzeak egin diren eta San Kristobal kaleko trafikoa berrantolatu den. Lanak Excavaciones Fermín Osés S.L. enpresak egin ditu.
Sekzio berria barneko kaleetan espaloi zabalagoen bidez
Berrurbanizazio-proiektuak bere horretan mantentzen du kaleen egungo sekzioa, batetik, oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazio-eskema bera mantenduz eta, bestetik, zoladura eta zintarri guztiak ordeztuz jarduketa-esparruaren perimetroan, hau da, San Kristobal, Mendigorria eta Etxarri-Aranatz kaleetako hegoaldean. Egonlekuak ere egin dituzte eraikinen eta kale perimetralen artean sortzen diren esparruetan, hala Etxarri Aranatz kalean nola Mendigorriakoan, koloretako galtzada-harrizko zoladuraz, hiri-altzari berriez eta zuhaitzez.
Barneko kaleetan - Doneztebe, Lesaka eta Elo kaleetan-, bai aldatu dela bideen sekzioa, oinezkoentzako eremua handituz galtzadaren neurriak murriztuta. Espaloien mailako plataforma-kale sekzio bat egin dute, bidearen hasiera eta amaierako beheragune-piezen bidezko sarrera duena, eta aurreko 7 metroko galtzadaren ordez 4 metrokoa utzi dute, 2,2 metroko ilaran aparkatzeko bi alborekin eta 3,5 metro baino gehiagoko espaloiekin, obren aurretik zegoenaren ia bikoitza. Doneztebe eta Lesaka kaleen erdian oinezkoen bi pasabide goratu egokitu dituzte, espaloien maila berean, barneko plazetatik igarotzen diren ibilbideak elkartzen dituztenak.
Halaber, bide batez, hoditeria orokorrak eta saneamendu-harguneak –ur beltzenak zein euri-urenak– berritu dituzte, baita hornidurak ere. Hiri argiteriako instalazioa berritzeko aprobetxatu dute. Izan ere, fatxadan zegoen hiri-argiteria - bide bakoitzaren alde batean banatuta -, behe-tentsioko sarea eta gas naturalekoa bezala, bistan zeudenak, orain kanalizatu eta lur azpitik eraman dituzte. Berrurbanizazio honetan irisgarritasunari eta oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko araudia bete da, espaloiak beheratuz eta bertan paratzen diren hiri-osagaiak beste modu batez antolatuz.